Ilunabarra ISStik
2010/10/01 Elhuyar
Honelako ilunabar ederrak ikusten dira Nazioarteko Espazio Estaziotik (ISS). Indiako Ozeanoaren parean ateratako argazkia da; koloreek agerian uzten dituzte atmosferaren geruzak.
Lurraren kurbadura erakusten du horizonteak, eta, haren gainean, laranja biziz ageri da troposfera. Geruzarik dentsoena da. Atmosfera osoaren masaren % 80 du, 6-20 km bitarteko lodieran. Bertan dago arnasten dugun airea, eta bertan gertatzen dira fenomeno meteorologiko gehienak. Argazkian hainbat laino ilun ikusten dira.
Troposferaren gainean, zurixkago, estratosfera dago. 50 km-raino heda daiteke, eta geruza horretan dago izpi ultramoreez babesten gaituen ozonoa. Jarraian, urdin ikusten dira goi-atmosferako geruzak, kanpoko espazioaren beltzean desagertu arte.
Egunean 16 egunsenti eta ilunabar ikusten dituzte ISSeko astronautek. Izan ere, abiadura handian dabiltza Lurraren bueltan: 28.000 km/h. Abiadura horretan, adi egon beharra dago honelako argazkiak ateratzeko, ilunabarrak segundo gutxi batzuk baino ez du irauten eta!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia