Intsektuak gertutik
2018/06/01 Elhuyar
Intsektuei aurpegia ikusi nahi zien David López Encinas hernaniarrak; begiak, matrailak, barailak. Txikitatik gustatzen zaizkio intsektuak. Gida bat oparitu zioten, eta, geroztik, orduak pasatzen zituen Caceresen, amona-aitonen etxean, xomorroak ikusten, sailkatzen, marrazten.
Luparekin egin zituen gertutik ikusteko lehen saiakerak; eta, urte batzuen buruan, argazki-kamerari mikroskopio baten objektiboa erantsi, eta muturreko makroa egiten bukatu zuen. Argazkigintza, berez, ez zaio gehiegi interesatzen, beti lortu nahi izan zuena lortzeko modua baino ez da izan: intsektuak gertutik ezagutzea, oso gertutik; aurpegia ikustea, begiak, baita ileak ere.
Bereziki maite du ondo atera zitzaion lehen argazkia. Ez da onenetakoa, baina lehena izan zen. “Euli bat izan zen; proba askoren ondoren, azkenean ikusi nizkion begiak euliari!”. Ez da intsektu berezien atzetik ibiltzen. Igerilekuan itota aurkitzen dituenak edo paseoan dabilela lurrean hilda ikusten dituenak eramaten ditu estudiora. Izan ere, erabiltzen duen teknikarako, hilda egon behar dute, eta hiltzea ez zaio etikoa iruditzen.
Irudi-pilatzea da teknika. Azken argazkia lortzeko, ehunka argazki ateratzen ditu, mikrometroz mikrometro. Argazki bakoitzean zati txiki bat bakarrik gelditzen da garbi, enfokatuta. Eta zati horiek software baten bidez elkartuz lortzen du azken argazkia, xehetasun ikusgarrikoa.
Pazientzia eta orduak behar dira halako argazki bat lortzeko. Hain zuzen ere, utzita dauka aspaldian, kostatu egiten zaiolako ordu horiek aurkitzea. Lanak libre uzten dizkionak etxean duen “zortzi hilabeteko beste intsektu txiki bati” eskaintzen dizkio orain. Gustatuko litzaioke, hala ere, zaletasuna berreskuratzea. Agian, intsektu bereziren bat aurkitzen badu; agian, oporretan Caceresera bueltatzen denean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia