Kristalen haitzuloa
2014/09/01 Elhuyar
Chihuahuako (Mexiko) Naica herrian, lurpean 300 metrora, kristal erraldoiz betetako barrunbe bat dago. Igeltsuzko kristalak dira, inoiz aurkitu diren handienetakoak. Gehienek 6 metro inguruko luzera dute, eta handienak, 11 metroko luzera, 4 metroko diametroa eta 55 tonako pisua.
Kristalen haitzuloa 2000. urtean aurkitu zuten Naica meategiko meatzariek. Zilar, zink eta berun ugari dago Naica meategian, eta tunel berri bat irekitzen ari zirela aurkitu zuten 10 metroko zabalera eta 90 metroko luzera dituen barrunbe ikusgarri hau. Ikusgarria eta beroa. 50 ºC-tik gorakoa da tenperatura eta % 100eko hezetasuna dago han.
Faila zahar batean dago, eta azpian magma-ganbera bat dauka. Magma horrek lurpeko ura berotzen du, eta ur horretan mineral-kantitate handiak disolbatzen dira. Gaur egun, haitzuloa ez dago urpean, meatzaritza-lanak direla- eta ura ponpatzen delako. Baina, urez beteta egon da 500.000 urtez. Denbora horretan, mineralez saturatutako ur horren tenperatura oso egonkor mantendu da, 50 ºC inguruan, eta horri esker sortu dira kristal erraldoi horiek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia