Las Medulas: urrearen indarra
2011/09/01 Elhuyar
Las Medulas izeneko parajea, Leon probintziaren hegoaldean, Erromako inperioaren urre-meategirik handiena izan zen. Horri zor dio inguruak duen itxura berezia.
‘Ruina montium’ izeneko teknika erabili zuten urrea erauzteko. Lehenik, ura biltegi handietara ekartzen zuten inguruko mendietatik, kanal-sare zabal baten bidez. Ur hura bat-batean sarrarazten zuten lurrean egindako galerietan, eta mendia, material bigunekoa izaki, lehertu egiten zen, uraren eta galerian harrapatutako airearen presioak eraginda. Hala askatutako lurra urarekin garbitu, eta urrea eskuratzen zuten.
Urre-ustiaketa bortitz hark 200 urte eskas iraun zuen. Eta ondorengo mendeetako artzaintza ere bukatu da, eta paisaia naturalizatu egin da. Gaur egun, badirudi ia 100 metroko garaiera duten tontor gorriak berezkoak direla.
Tontor horiek konglomeratu gorriz osatutako lurra dira, eta, urreaz gain, baditu zilarra, burdina eta boraxa ere, besteak beste. Konglomeratu gorri horien jatorria ezezaguna da. Teoria nagusiak dio Bierzoko arro sedimentarioa sortu ondoren metatutako sedimentuak direla, baina bada zantzurik ere pentsatzeko arroa sortu aurretik toki horretara ibai handi batek garraiatutako sedimentuak direla.
Jatorri geologiko misteriotsuak, giza historiak eta gaur egun geratu diren forma bitxiek xarma berezia ematen diote Las Medulas parajeari. Beharbada, horregatik izendatu zuen Unescok Gizateriaren Ondare.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia