Marmoken lakua
2011/10/01 Elhuyar
Palauko Errepublikan, Eil Malk uhartean dago munduko lakurik berezienetako bat. Laku gazia da, harrapatuta gelditu zen itsaso-zati bat. Duela 12.000 urte itsas maila igo zenean bete zen, eta itsasoak atzera egin zuenean, isolatuta gelditu. Ongeim'I Tketau (bosgarren lakua) da aintziraren izen ofiziala, baina, askoz ezagunagoa da "marmoken laku" izenaz.
Laku txikia da, 420 m-ko luzera du, eta 30 m-ko sakonera. Eta nahasten ez diren bi geruzaz osatuta dago. Hamabost metrotik behera, oxigenorik gabeko geruza bat dago, sulfhidrikoan aberatsa. Handik gora, berriz, geruza oxigenoduna. Bigarren geruza horretan bizi dira arrain gutxi batzuk, anemonaren bat, eta milioika marmoka.
Eguna argitzean, urrezko marmokak ( Mastigias papua ) lakuaren mendebaldean egoten dira kontzentratuta. Eta eguzkiak zeruan gora egin ahala, marmokak ekialderantz mugitzen hasten dira. Ordu batzuk ekialderantz igerian pasatu ondoren, gelditu egiten dira, zuhaitzen itzalpean dagoen eremura iritsi gabe. Eta eguerdi partea bertan geldirik egon ondoren, arratsaldean mendebalderantz abiatzen dira berriz ere. Han pasatuko dute gaua, eta hurrengo goizean bidaia berari ekingo diote.
Itzala saihestea da eguneroko bidaia horren arrazoia. Izan ere, urrezko marmokek eguzkia behar dute, haien ehunetan sinbiosian bizi diren algek fotosintesia egin dezaten; alga horiek sortzen baitute marmokentzako elikagaia. Gainera, itzalean bizi da marmoka despistatuak jaten dituen Entacmaea medusivora anemona ere. Beraz, itzaletik ahalik eta urrunen ibiltzea komeni zaie.
Urrezko marmoken artean igeri egiteko aukera dute lakura joaten diren turistek. Ez dira arriskutsuak. Izan, badituzte zelula erresumingarriak, baina ez dira gai giza azala zeharkatzeko. Betaurrekoak eta tutua hartuta uretara sartzen denak, milioika marmoka izango ditu zain
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia