Mirarizko irudiak, mikroskopioaren argira
2025/03/05 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sagu baten garuneko tumore-zelula diferentziatuen argazki honekin, Bruno Cisterna eta Erico Vitriol ikertzaileek (Augusta Unibertsitatea, AEB) Nikon Small World lehiaketaren 50. edizioko lehenengo saria irabazi dute.
Irudian garbi ikusten dira zelulen aktinazko zitoeskeletoa, mikrotubuluak eta nukleoak. Hain zuzen ere, Cisterna eta Vitriol ikertzen ari dira gaixotasun neurodegeneratiboetan nola eragiten duten zelularen zitoeskeletoan gertatzen diren asaldurek; bereziki, mikrotubuluetan gertatzen diren asaldurek. Mikrotubuluek zeluletako garraio-sare gisa funtzionatzen dute, eta Cisternaren taldeak frogatu du PFN1 proteinak funtsezko funtzioa betetzen duela garraio-sare horren funtzionamenduan (Journal of Cell Biology aldizkarian argitaratu zuten ikerketa).
Irudia lortzeko, hiru hilabete inguru behar izan zituzten zelulak tindatzeko prozesua hobetzeko, egitura guztiak ondo ikus zitezen. Gero, zelulak bost egunez diferentziatzen utzi ondoren, hiru orduz egon ziren mikroskopiotik begira, zelula diferentziatuak eta ez-diferentziatuak elkarrekintzan ari ziren gune eta une egokia topatu arte.
Irudi honek irabazi du, baina beste 87 ere nabarmendu ditu lehiaketako epaimahaiak jasotako milaka irudietatik.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia