Pamukkale, kotoizko gaztelua
2010/07/01 Elhuyar
Turkiako hego-mendebaldean, Menderes ibaiaren bailaran, elurrez estalia dirudien muino zuri-zuri bat dago: Pamukkale, Kotoizko Gaztelua (turkieraz). Gaztelu zuri honek 160 metroko altuera du, eta 2.700 metroko luzera. Ur beroko 17 iturrik 35 eta 100 ºC bitartean dauden 250 l ur isurtzen dituzte segundoro. Ur horretan disolbatuta dagoen kaltzio karbonatoa hauspeatu egiten da, eta horren ondorioz sortzen den trabertino izeneko metakinak ematen dio kolore zuri hori muinoari.
Trabertinozko geruza lodiek pareta bertikalak osatzen dituzte puntu batzuetan, ur-jauzi izoztuak diruditen egiturak besteetan, eta baita urez betetako sakonera txikiko terrazak ere.
Grekoek sendagarritzat jo zituzten bertako urak, eta Pamukkaleren gailurrean Hierapolis hiria eraiki zuten K.a 180. urtean. Gaur egun, hiri haren hondarrak bisitatu daitezke; esaterako, nekropolia, trabertino zuriz inguratua.
XX. mendearen bukaera aldera, berriz, turismorako azpiegiturek arriskuan jarri zuten Pamukkale. Hotelak eraiki ziren, ur termalak haietara desbideratu, errepide bat egin… Putzu asko lehortu egin ziren, eta Pamukkale bere zuritasuna galtzen hasi zen. Horretaz jabetuta, neurriak hartu ziren kotoizko gazteluaren edertasuna berreskuratzeko; hotelak behera botatzea, besteak beste.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia