100 metroko probaren iragarpen matematikoa
2009/01/04 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Izan diren azken Joko Olinpikoetan, munduko errekor asko hautsi dituzte. Horietako bat izan da gizonezkoen 100 metroko proban Usain Boltek lortutako marka: 9,69 segundo. Marka hori 9,70 segundoetatik jaitsi duen lehena izan da Bolt. Baina ez hori bakarrik; matematikarien iragarpenak ere hautsi ditu korrikalariak: jamaikarrak lortutako denbora ez zuten 2030. urtera arte espero.
Iragarpen horiek egiteko, azken ehun urteetako estatistikak erabili dituzte matematikariek. Horietan oinarrituz, faktore fisiologikoak eta muga biomekanikoak kontuan hartzen dituen patroia eratu dute, eta diziplina bakoitzeko marken eboluzioa proiektatu dute. Ehun metroen kasuan, adibidez, proiekzio hori bete egin da orain arte, Bolt iritsi eta Beijinen egin zuen paseoarekin eskema guztiak hautsi arte, alegia.
Bada marka hori iragarri zuenik. Duela urte batzuk, Loyola Marymount Unibertsitateko Jonas Mureika fisikariak iragarpen-eredu matematiko bat garatu zuen. Horren arabera, 9,70 segundoen marka 2009an hautsiko zen. Baina Mureikak ezin zituen emaitzak sinetsi, eta eredua baztertu egin zuen. Haren hitzetan, Bolten marka ikusi zuenetik egunero damutzen da, eta zenbakietan ez sinesteagatik jasan behar duen penitentzia gisa onartu du.
Kirol-marken muga
Hainbat adituren ustean, etorkizunean errekorren mugara iritsiko dira kirolariak, hau da, ez da errekorrik hautsi ahal izango. Adibidez, luzera-jauziaren markaren muga gertu dagoela diote. Izan ere, 1968tik gaurdaino soilik bitan hautsi da. Horietako bat da Bloomsburg Unibertsitateko Reza Noubary matematikaria. Noubarik estatistika eta kirolak lotzen dituen testuliburu bat idatzi du, eta, ikerketarako erabili dituen datuen arabera, gizakiak kirolean gero eta denbora hobeak egiteko duen gaitasuna txikituz doa, eta litekeena da une batean guztiz gelditzea.
Ehun metroen probari dagokionez, adibidez, eredu matematiko gehienek bat egiten dute gizakiaren muga markatzean. Horien ustez, 9,2 eta 9,4 segundoen artean dago muga, baina inoiz ez 9 segundoen azpitik.
Kirol-marken azken eredu matematikoa muturrekoen teorian oinarritua dago. Teoria hori sarritan aplikatzen da burtsaren gorabeherak aurreikusteko, nahiz bizi-aseguruen edo prezio-garestitzeen proiekzioak egiteko. Eredu horren arabera, 100 metroko probaren muga 9,29 segundoan dago.
2060. urteko muga
Frantziako Biomedikuntza eta Epidemiologia Institutuak (Irmes) 1986tik aurrera lortutako errekor guztiak aztertu ditu —urte hartan izan ziren aro modernoko lehen joko olinpikoak—, 3.260 guztira, eta, garatu duten eredu matematikoaren arabera, 2060. urtea da muga: urte horretatik aurrera ez da errekorrik egingo. Atletismoko diziplinak iritsiko dira lehenik mugara, eta halterofilia ondoren. Azkeneko lekuan igeriketa eta arrauna jarri ditu, teknologiak gehiago eragiten baitie.
Izan ere, teknologiak zeresan handia izan du kirol-marken hobekuntzan: material sintetikoz egindako pistek, pisu gutxiko zapatilek, karbono- eta beira-zuntzez egindako pertikek, ordenagailuz aztertutako entrenamenduek eta abarrek asko lagundu dute markak hausten.
Baina, hainbat adituren ustez, iragarpen matematiko horiek oinarrizko ideian dute akatsa; izan ere, orain arte gertatutakoaren ereduak bere horretan jarraituko duelako ustean oinarritzen dira.
Iragarpenak iragarpen, kirol-markek mugarik duten edo ez etorkizunean bakarrik jakingo da, adituak ez baitira ados jartzen. Joko Olinpikoen leloa, altius , citius , fortius —altuago, azkarrago, sendoago—, aldatuko beharko al dute noizbait?
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia