}

14. Euskaraz komunikatu, jasangarritasuna sustatzeko

2023/06/07 Elhuyar Zientzia

14-euskaraz-komunikatu-jasangarritasuna-sustatzeko
Arg. Pernan Goñi

Ingurumen-larrialdiarekin gurutzatzen den beste krisi bat hizkuntza-dibertsitatearen galera globala da. Munduko hizkuntzen % 50 galtzear daude, UNESCOren arabera. Ikertzaileek gero eta argiago dute hizkuntzen larrialdia eta klimaren larrialdia elkarri lotuta doazen krisialdiak direla. Naturaren gehiegizko ustiaketak eta injustizia sozialek elementu komun asko dituzten heinean, hizkuntza askok pairatu duten kolonizazio eta botere-abusu historikoa ere testuinguru berean kokatzen da.

Zientziak, ordea, agerian utzi du hizkuntza gutxituak erreminta baliotsua direla ingurumen-larrialdiaren aurka eragiteko. Izan ere, norbanakoek eta kulturek naturarekin duten harremanaren isla dira hizkuntzak, eta, hain zuzen, historikoki gutxituak izan diren hizkuntza-komunitate asko, oraindik ere, oso errotuta daude naturan. Naturaren zaintza barneratua dute, eta haien hizkuntzek naturaren ezagutza xehea gordetzen dute, arbasoek mendeetan pilatua naturarekin batera eboluzionatuz. Memoria ekologikoaren gordailu dira, eta, beraz, jasangarritasunerako erreminta baliotsuak ere bai.

Euskarak ere naturari lotutako hiztegi aberatsa du, lagungarria bertako natura ezagutzeko eta ulertzeko. Kontuan izanik gizakiak bere inguruko paisaiarekiko eta ama-hizkuntzarekiko atxikimendu indartsua izaten duela —bere identitatearen parte izateraino—, euskara erreminta baliotsua da ezagutza ekologikoa transmititzeko, naturarekiko atxikimendua indartzeko eta euskal komunitatea jasangarritasunaren aldeko eragile bihurtzeko.

Alabaina, munduko hizkuntza gutxituetako asko galtzeko zorian daude; batetik, oraindik ebatzi gabeko abusuen ondorioz, eta, bestetik, gurutzatzen diren eragile ekologikoen ondorioz. Aitortu denez kultura- eta hizkuntza-aniztasuna herrien garapen jasangarrirako funtsezko elementuak direla, interesgarria da hizkuntza-ekologiaren ikuspegia aintzat hartzea. Hizkuntzen eta ingurumen-aldagaien arteko harremana aztertzen duen ezagutza da hizkuntza-ekologia.

Berdintasunean eta giza balioetan oinarritutako garapen-eredu bat eraikitzeko, hizkuntza-dibertsitatea zaindu behar da. Berdintasunaren printzipioa hizkuntzetara ekarrita, berdintasuna ez da egoera desberdinean dauden hizkuntzak berdin tratatzea, baizik eta aukera berdinak izan ditzaten ahalbidetzea. Beraz, tokian tokiko kulturen eta hizkuntzen babes politiko, sozial, ekonomiko eta legaletik etorriko dira ekitatea eta jasangarritasuna.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatutako proiektua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia