}

15 minutuko hiria

2024/02/28 Elhuyar

15-minutuko-hiria
Arg. Pernan Goñi

Urbanismoak ere zeresan handia du irudikatutako etorkizun desiragarri horiek gauzatzeko garaian. Gaur egungo hiriek antolaketa produktibista dute: lan produktiboa, garraioa eta kontsumoa antolatzea dute lehentasun. Horregatik daude guneka antolatuta: gune industrialak, gune komertzialak, bizitokiguneak. Eta, horiek lotzeko helburuz, etorbide zabal eta azkarrek zeharkatzen dituzte hiriak.

Urbanismo-eredu produktibista horrek kanpoan uzten du giza ongizatea bera. Garraioa eta kontsumoa dira protagonista, ez pertsonak. Are gehiago, gizarte motonormatiboa gara: normala, araua, auto-jabea izatea da; salbuespena, arauz kanpokoa, autorik ez izatea. Egitura oso batek bermatzen du auto-jabea eta gidatzea naturala izatea, neutroa, eta horrek zaildu egiten du hirian autoei ematen zaizkien pribilegioak ikustea eta, hiriaren antolaketan, auto-jabe ez direnekiko alborapen bat dagoela hautematea.

Urbanismo feministak proposamen berriak egin ditu: giza ongizatea eta zaintza-lanak erdigunean jarriko dituen urbanismoeredu bat. Kalea pertsonentzat berreskuratzea proposatzen dute, ibilgailuei protagonismoa eta espazioa kenduta. Izan ere, oraingo eredu nagusiak kanpoan uzten ditu pertsona asko. Espazio arriskutsua da haurrentzat eta adinekoentzat, besteak beste. Ongizatea erdigunean jartzeak begirada ireki eta espazio urbanoak birdiseinatzea eskatzen du: espazio berde eta urdinak integratzea, lagunartean biltzeko espazioak sortzea, euriaz babesteko aterpeak, kalean jolasteko baldintzak berreskuratzea, trafikoaren zarata murriztea…

Horrek benetan funtziona dezan, ordea, hirien egitura sakabanatua baztertu behar da, eta 15 minutuen araua jarraitu. Orain, auzoak ez dira autonomoak eta osoak: erdigunera jotzen du jendeak sozializatzera, kanpoko zentro komertzialetara erostera, eta are urrutiago lan egitera. Bizimodu jasangarriagoa du beste hiri-eredu batek: auzoka antolatua, non kilometro bateko erradioan eta 15 minutuko gehieneko distantzian dituen jendeak dendak, osasun-zentroak, eskolak, lantokiak, kirolguneak, ekintza kulturalak, naturaguneak… Oinez edo bizikletaz egiteko moduan. Horrek, trafikoa eta autoen kutsadura gutxitu, osasuna hobetu, energia urbanoaren kontsumoa murriztu eta airearen kalitatea hobetuko luke.

Nolako herria irudikatzen duzu?

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia