}

1609-1859

2009/01/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Bi izen hasi berri dugun urterako: Galileo Galilei eta Charles Darwin. Lehenengoak, Galileok, teleskopiotik begiratu zion aurreneko aldiz zeruari duela 400 urte, eta Lurretik haratagoko betiereko unibertsoa goitik behera aldatu da harrezkero. Duela 150 urte, berriz, Espezieen jatorriaz lana argitaratu zuen Darwinek, eta ondorio berberak eragin ditu Lurreko bizidunen historian. Hain zuzen, horixe da aurten ospatuko diren bi urteurren horietatik hemen nabarmendu nahi dudan ezaugarria: bataren eta bestearen lanek munduaren ikuspegia berritu zutela, eta, mendeen bueltan, jakintsuago eta askeago egin gaituztela.
Galileo. 1636an Justus Sustermans-ek egindako margolana.

Galileok astronomian egin zuen lan, planetak eta izarrak behatu zituen teleskopioaren laguntzaz, eta inoiz ikusi gabeko -eta ezinezkoak ei ziren- fenomenoen berri eman zuen, aurrekoan aipatu nituen Tycho Brahek eta haren oinordeko Keplerrek bezalaxe -izan ere, orduan ez nuen esan, baina azken biak garaikideak izan ziren; planeten higidurari buruzko Keplerren legeak Galileoren behaketa teleskopikoen urte berberekoak dira-. Kopernikok, Keplerrek, Galileok, eta, pixka bat geroago, Newtonek bere tokian jarri zuten Lurra, eta haiekin batera sortu eta garatu zen zientzia modernoa esaten zaiona.

Astronomian eta fisikan eman zituen lehen pausoak behaketa, datu, egitate, neurketa eta matematika sendoetan oinarritutako zientzia berriak, baina sortzetik bertatik geratu zen agerian hori baino askoz ere gehiago zela. Munduaren misterioei aurre egiteko era berri eta berritzaile bat zen, bazterrean utziko zituena sineskeria eta dogmak, eta, halabeharrez, horietaz elikatzen diren botere ereduak. Gogoratu besterik ez dago zer harrera beroa jaso zuen haien aldetik.

Aurten 200 urte beteko dira Charles Darwin jaio zela, eta 150 Espezieen jatorriaz lana argitaratu zuela.

Baina aurkariak saiatuagatik, ez zegoen atzera bueltarik. Lurra bere tokian jarrita, medikuntzara, kimikara, biologiara eta bazter guztietara zabaldu zen astronomian jaiotakoa, eta 1859an, gizakia bere tokian jarri duen lana argitaratu zuen Charles Darwinek. Hautespen naturala da biziaren eboluzioaren eragilea, eta ez du xederik; ingurumenak ondoen egokitutakoa faboratzen du, eta denbora eskala geologikoan, eboluzioa gertatzea da haren ondorioa. Ideia sinple eta ikaragarri boteretsua da, biziak sortze unetik hartu dituen forma guztiak esplikatzeko gai baita arrazoimen hutsaz baliatuta. Ez du beste deusen beharrik naturan ikusten ditugun guztiak azaltzeko, eta, jakina, pozez zoratu zituen Galileoren etsaien oinordekoak. Hura zuten kasik azken gotorleku, eta hautespen naturalak ezerez bilakatu zuen kreazioaren miraria.

Inork pentsa lezake aspaldiko kontuak direla horiek, eredu heliozentrikoa eta eboluzioaren teoria erabat barneratuak ditugula, eta gutxiengo arbuiagarri batek baino ez dituela jartzen zalantzan. Eta azalean egia da, baina sakonean ez hainbeste. Izan ere, ez da aski gehiengo zabal batek bi teoria horiek ontzat ematea. Teoria horien muinean dauden arrazoibideak eta balioak dira benetako gakoa; horiek dira era guztietako sineskerien eta dogmen aurkako benetako antidotoa, eta, zoritxarrez, hor, gehiengo zabala ez da oraindik hain zabala, eta gutxiengo arbuiagarria ez da oraindik hain arbuiagarria. Horregatik merezi du 2009an Galileoren eta Darwinen lanak gogora ekartzea, eta, haien argitara, sineskeriaren itzala desagertzeraino laburtzea.


Berria n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia