}

1995: zikloien urtea

1996/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken 25 urteotan ez da antzekorik gertatu. 1995eko meteorologiako datuak aztertu dituzte jadanik eta Coloradoko Unibertsitateko ikerlariek iazkoa errekor-urtea izan zela iragarri dute: 11 zikloi —horietarik 5 izugarri bortitzak, 177 km/h. abiadura gaindituz— eta 19 ekaitz tropikal izan ziren iaz abuztuaren 22tik azaroaren 31era bitartean.

Abuztuaren 11a baino lehenago gertatu ziren 5 ekaitz eta 2 zikloi; era horretako aktibitate goiztiarra 1966. urteaz geroztik ez zen ezagutzen. Laburbilduz, iazko zikloi aktibitatea aurreko urtekoa baino %235 handiagoa izan zen. A ze urtea!

Meteorologoak ez datoz bat fenomeno horien guztien jatorria zein den esaterakoan, baina ozeanoetako ur-masa handien higidurarekin zerekusia izan dezakeela uste dute gehienek. Azken 25 urteotan ur-masa horien higidura nahikoa egonkorra izan bada ere, iaz azkartu eta ekaitz-aktibitate itzela sorrarazi omen zuen.

Horrez landa, badira zikloien maiztasunarekin zerikusia izan dezaketen beste zenbait faktore ere. Horien artean, Afrikako kostaldean itsasoaren tenperatura igo izana nabarmendu dute adituek, erabateko frogapenik ez dagoela garbi esan badute ere. Nolanahi ere, aurtengoa lasaiagoa izatea espero dute adituek. Egindako iragarpenak betetzekotan, zortzi ekaitz tropikal baino ez da izango aurten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia