1998ko Medikuntzako Nobel Saria oxido nitrikoa: kanpoan otso etxean uso
1998/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urtero Medikuntzako Nobel saria banatzen duen Stockholm-eko Karolinska Institutuak Estatu Batuetako hiru farmakologo saritu ditu, oxido nitrikoa sistema kardiobaskularreko seinale-molekula dela aurkitzeagatik. Hiru ikerlariek nork bere aldetik lan egin dute, inoiz ez elkarrekin, nahiz eta elkarren berri bazuten.
Robert F. Furchgott-ek zenbait botika eta drogaren eragina odol-hodietan ikertzen ari zela, emaitza kontrajarriak erdietsi zituen: substantzia berak odol-hodia uzkurtzea eragiten zuen batzuetan eta zabaltzea besteetan. Furchgott-eko jokaera-aldaketa odol-hodien barneko azaleko (endotelioko) zelulak hondaturik edo onik egotearen arabera gerta zitekeela pentsatu zuen.
1980an, esperimentu baten bidez, substantzia batek, baldin eta endotelioa hondatuta ez bazegoen, odol-hodiak zabaltzen zituela frogatu ahal izan zuen. Bera ondorio honetara iritsi zen: odol-hodiak zabalduta daude endotelioko zelulek seinaleak transmititzeko balio duen molekula ezezagun bat ekoizten dutelako eta molekula horrek hodietako zelulak erlaxatu egiten dituelako. Artekari kimiko ezezagun horri endoteliotik eratorritako erlaxazio faktorea deitu zion eta bera identifikatzeari ekin zion hurrengo urteetan.
Ferid Murad-ek 1977an, Virginiako Unibertsitatean nitroglizerinak eta bestelakokonposatu hodi-zabaltzaileek nola lan egiten duten aztertzen ari zela, konposatu horiek oxido nitrikoa askatzen dutela eta honek muskuluetako zelulak erlaxatu egiten dituela aurkitu zuen. Gas batek —oxido nitrikoak alegia— zeluletako funtzio garrantzitsuetan eragin zezakeelako ideiak txunditu egin zuen eta faktore endogenoek ere, hala nola hormonek, NO-aren bidez eragin zezaketela iradoki zuen, baina ezin izan zuen esperimentalki frogatu.
Louis J. Ignarr, R. Furchgott-en ikerketen ildoan, aipatu erlaxazio-faktorearen osaera kimikoa bilatzeari ekin zion. Analisi asko egin ondoren, 1986an Furchgott-en erlaxazio-faktorea oxido nitrikoa zela aurkitu zuen. Bere aldetik, eta urte berean, ondorio horrexetara iritsi zen R. Furchgott bera ere. Biek nazioarteko konferentzia batean (1986) aurkeztu zuten beren konklusioa eta, ondorioz, ikerketa-pilo bat abiarazi zen mundu osoko laborategietan. Izan ere, horrelako gas-molekula xume batek (nitrogeno-atomo bat eta oxigeno-atomo bat baino ez ditu) organismoan seinale-molekula gisa jokatzen duela, hau da organismoan barrena seinaleak transmititzen dituela, aurkitzen zen lehen aldia zen.
Oxido nitrikoaren paradoxa
Kanpoan otso: Oxido nitrikoa (NO) gas kolorgea, usaingabea eta toxikoa da. Tenperatura eta presio handiko errekuntza-erreakzioetan eratzen da —adibidez, automobiletako ihes-hoditik kanporatzen da— eta, aireratzen denean, nitrogeno dioxido bihurtzen da. Oxido nitrikoak sudurzuloak eta begiak narritatzen ditu eta atmosferako poluitzaile garrantzitsua da, batez ere poluzio-gertakari askotako erreakzioetan parte hartzen duelako. Adibidez, estratosferako NO-a ozono-geruza urritu izanaren erantzuleetako bat da.
Etxean uso: euskal esaera zaharrak dioenaren alderantzizkoa, hain zuzen ere airean (kanpoan) poluitzaile kaltegarria den oxido nitrikoa ongilea baita organismoan (etxean). Eta hori harrigarria da, NO-a gainerako seinale-molekulen aldean guztiz desberdina delako batetik eta guztiz ezegonkorra delako bestetik; izan ere, 10 segundo baino gehiago ez du irauten, berehala konbinatzen baita nitrato eta nitritoak sortzeko. Jakina zen bakterio batzuek oxido nitrikoa sintetizatzen zutela, baina molekula xume honek goi-mailako animalietan, hala nola ugaztunetan, hain garrantzitsua izan zitekeenik inork ez zuen uste.
Aurkikuntzaren ondoren egindako ikerketek berehala berretsi zuten NO-ak sistema kardiobaskularrean duen garrantzia. Baina ez hor bakarrik. Gaur egun NO-ak nerbio-sisteman ere seinale-molekula gisa jokatzen duela frogatu ahal izan da, bai eta infekzioen aurkako arma gisa eta odol-presioaren erregulatzaile gisa ere. NO-a bizidun gehienen organismoan dago eta zelula-mota askok ekoizten dute arginina aminoazidotik abiatuta.
NO-a arterietako zelula-geruza barnekoenean, endotelioan, sortzen denean, azkar barreiatzen da zelula-mintzetan barrena muskuluetako zeluletaraino, uzkurtuta dauden muskuluak lasaituz eta, ondorioz, arteriak ere zabalduz. Horrela, NO-ak odol-presioa eta odolaren banaketa kontrolatzen du. Gainera, tronboak —odolbilduak— eratzea galarazten du.
NO-a nerbio-zeluletan sortzen denean biziro azkar hedatzen da norabide guztietan, inguruko zeluletan eraginez eta funtzio asko modulatuz. Eta infekzioetan, adibidez, odoleko globulu zurietan oxido nitriko asko sortu eta askatzen da eta, toxikoa denez, bakterio eta bizkarroiei erasotzen die.
Aurtengo Nobel saria ez da ezustekoa izan arloko adituentzat eta nazioarteko komunitate zientifikoa nolabait horren esperoan zegoela esan daiteke, aurkikuntzak garrantzi itzela baitu alderdi kontzeptualetik fenomeno kardiobaskularrak azaltzeko eta, bestetik, ikerketa-lerro askori bidea ireki diolako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia