% 1eko fetu-galeraren dogma, gainbehera
2015/02/16 Querejeta Urrestarazu, Maria Eugenia - Policlinica Gipuzkoako genetika-unitatearen zuzendaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
International Society for Prenatal Diagnosis (ISPD) erakundeak hiru hilean behin argitaratzen duen Prenatal Prespectives aldizkariak artikulu hau argitaratu zuen 2014ean: Invasiveness: the decline of the dogma of the 1% Fetal Loss Rate (Inbaditzailea: % 1eko fetu-galeraren dogma, gainbehera).
Teknika inbaditzaileei, amniozentesiari eta biopsia korialari egotz dakizkiekeen fetu-galeraren arriskuei buruz argitaratutako zenbait lan aztertu dituzte artikulu horren egileek (Borrell eta Stergioutou), eta ondorio honetara iritsi dira: % 0,1 (1/1.000) dela teknika horiei egotz dakiekeen galera-arriskua, eta ez dagoela alde nabarmenik metodo inbaditzaileak aplikatzen zaizkien emakume haurdunen fetu-galeraren eta ez zaizkienenaren artean.
Horrez gain, ondorioztatu dute funtsezkoa dela teknika inbaditzaileen eta ez-inbaditzaileen gaineko informazio zehatza eta eguneratua ematea emakumeei, ebidentzian oinarritutako erabakiak hartzeko gai izan daitezen. Diotenez, baztertu egin behar da jarduera klinikotik teknika inbaditzaileetarako errealak ez diren fetu-galeren balioak, bai eta ez-inbaditzaileetarako engainagarriak diren diagnostiko-ahalmenak ere.
Proposamen bat ere egin dute: metodo inbaditzaileen gainean espezialistak egokiro trebatzeari lehentasuna ematea. Hartara, hautaketa indibidualizatua eta emaitza bikainak eskaintzeko aukera izango dute jaio aurreko diagnostikoko teknika guztiek.
Proba inbaditzaileek eragindako fetu-galeraren arrisku-igoera % 1ekoa dela dioen eta aspalditik onartuta dagoen “dogmaren” jatorria zein den gogorarazi dute egileek: Tabor-ek 1986an argitaratutako artikulu bat, non elkarrekin alderatu baitzituzten amniozentesia egin zitzaien 4.606 emakumek izandako fetu-galeraren portzentajea (% 1,7) eta teknika inbaditzailerik aplikatu ez zitzaion kontrol-talde batena (% 0,7).
Beste artikulu batzuk ere aipatzen dituzte egileek, adibidez, Eddlemanek 2006an argitaratutakoa, non elkarrekin alderatzen baitziren datu hauek: amniozentesia egin zitzaien 3.096 emakume haurdunen fetu-galera haurdunaldiaren 24. astea baino lehen (% 1) eta proba inbaditzaile hori egin ez zuten 31.907 haurdunena (% 0,94). Hona zer ondorioztatu zuten: % 0,06 zela amniozentesiak eragiten zuen fetu-galeraren arrisku-areagotzea.
Washingtoneko Unibertsitateko talde batek, berriz, 2008an, Eddlemanen emaitzen antzekoak argitaratu zituen, eta hau ondorioztatu zuen: ez zegoela alde estatistikoki nabarmenik amniozentesia egin zitzaion taldeari zegokion fetu-galeraren eta kontrol-taldeari zegokionaren artean (Odibo et al, 2008a; Odibo et al, 2008b).
Azkenik, 2011n, hau frogatu zuen Nicolaidesen taldeak (Akolekar et al, 2011): biopsia korialari egotz zekizkiokeen fetu-galera gehienak amaren eta/edo haurdunaldiaren ezaugarrien arabera aurreikus zitezkeela.
Ezaugarri horiek oinarri hartuta, 33.856 haurdunalditarako aurreikuspen-eredu bat eratu zuten, elkarrekin alderatuz biopsia koriala egin zitzaien emakumeen artean espero zen fetu-galeren kopuruaren eta teknika inbaditzaile hori aplikatu ez zitzaienen artean. Azterketak erakutsi zuenez, ez zegoen alde handirik espero ziren kopuruen eta errealen artean.
Halaber, talde horrek berak (Akolekar et al, 2014) metaazterketa bat argitaratu berria du, hainbat argitalpenen berrikuspen zorrotza egin ondoren. Ikerketa horretako aurkikuntzek frogatu dutenez, ez dago alde nabarmenik, haurdunaldiaren 24. astea baino lehen fetu-galerarik izateari zegokionez, amniozentesia (42.716 emakume) eta biopsia (8.899) egin zitzaizkien emakumezkoen artean eta amniozentesirik (138.657 emakume) eta biopsia korialik (37.338) egin ez zitzaienen artean. Ikerketako kalkuluen arabera, amniozentesien kasuan, % 0,11 izan zen teknika inbaditzaileei egotz zekiekeen fetu-galera; biopsien kasuan, berriz, % 0,22.
Iruzkinak eta ondorioak
Honetan datza Tabor-en lehen artikuluaren (1986) eta gainerakoen arteko aldea (azkena, 2014koa): profesionalen eskarmentu handiagoan, batetik, eta erabili diren baliabideen bilakaeran, orratzen lodieran eta ekografoen bereizmen askoz ere handiagoan.
Hala, ACGO (American College of Gynecologie and Obstetricians) erakundearen Committe Opinionek hau gomendatzen (2013ko abendua): array-CGH teknika erabiltzea asaldura ekografikoak dituzten eta jaio aurreko diagnostiko inbaditzailea egingo duten emakume haurdunetan.
Wapner-ek, bestalde, likido amniotikoan detektatutako asaldura azpimikroskopikoen kopuruaren berrikuspena egin zuen 2014an, array-CGH teknikaz baliatuta, eta hauek izan ziren emaitzak: % 0,9, batez beste, arrisku txikiko 12.000 haurdunalditan. Egun, 1/270ko aneuploidia-arriskua onartzen da jaio aurreko diagnostiko inbaditzaile bat egiteko oinarritzat, arrisku genetikoaren eta prozedura inbaditzaileagatiko fetu-galeraren arriskuaren arteko nolabaiteko oreka oinarri hartuta.
Hori guztia aintzat hartuta, bidezkoa dirudi teknika inbaditzaile bat eta array-CGH eskaintzea haurdun dagoen emakume orori. Bat letorke jokabide hori Amerikako Ginekologia eta Obstetriziako 2007ko Biltzarraren gomendioarekin, zeinak hau iradokitzen baitu: emakume guztiei eskaini behar zaie jaio aurreko test inbaditzaile bat egiteko aukera, arriskua kontuan izan gabe.
Policlinica Gipuzkoako genetika-unitatearen esperientziak (jaio aurreko 1.300 diagnostiko, array-CGH teknikaz, arrisku txikiko haurdunaldietan) berretsi egiten ditu argitaratu diren emaitzak. Umea jaio aurretik array-CGH teknika erabili izan ez balitz atzemango ez diren bederatzi asaldu patologiko azpimikroskopiko diagnostikatu ditugu (% 0,7).
Bibliografia
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia