}

20 aminoazidoak lebogiroak

2003/08/08 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Baliteke biztanle gehienak eskuina den mundu batean bizi izatea, baina AEBetako Purdue Unibertsitateko zientzialariek proteinen oinarrizko osagaiak diren 20 aminoazidoak lebogiroak direla egiaztatu berri dute. Izan ere, argi polarizatua ezkerrerantz desbideratzen dute.

Argi polarizatua eskuinerantz edo ezkerrerantz desbideratze hori kiralitatearekin erlazionaturik dago, eta, horren arabera, molekulak dextrogiroak edo lebogiroak dira, hurrenez hurren. Baina zer da molekuletan hain ezaguna ez den propietate kimiko hori, kiralitatea hain zuzen ere? Labur-labur azalduta, kiralitatea molekulako osagaiek espazioan hartzen duten konformazioarekin erlazionatuta dago. Izan ere, molekula lebogiro bat ispilu baten aurrean jartzen bada, molekula dextrogiroa ikusiko dugu, hau da, ispiluko irudi gainezarrezina. Horixe gertatzen da, hain zuzen ere, gizakion eskuekin ere, inoiz ezin baitira gainezarri. Eta kiralitate horren arabera, molekularen propietate kimikoak aldatu egiten dira.

Aminoazidoetan, aldiz, ez da hori gertatzen. Nahiz eta argi polarizatua eskuinerantz edo ezkerrerantz zuzentzeko aukera izan, euren propietate kimikoak ez dira horren arabera aldatuko. Hala ere, naturan 20 aminoazidoak lebogiroak direla ikusi dute, eta horri azalpen bat aurkitu diote.

Serina, 20 aminoazidoetako bat, oso zorrotza da kiralitateari dagokionez. Aminoazido gehienak gai dira gainerako aminoazidoekin lotura ahulak eratzeko, haien kiralitatea kontuan izan gabe. Serina, aldiz, alderdi horretatik berezi samarra da, zortzi molekulaz osatutako lotura sendoagoko cluster egiturak eratzen baititu. Cluster horiek, oktamero izenaz ezagutzen direnak, molekula dextrogiroz edota lebogiroz osatuta egongo dira, baina inoiz ez bien arteko nahasteaz. Bitxia dirudien arren, behin oktameroa eratuta, oktamero hori gai da kiralitate bereko aminoazidoekin eta kontrako kiralitateko azukreekin lotura sendoak eratzeko. Beraz, serinak diskoteka bateko atezainaren antzeko zeregina betetzen duela uste dute, hau da, aminoazidoa lebogiroa bada, aurrera, eta, kontrako kasuan, kiralitatea aldatzera bultzatzen ditu. Izan ere, naturan serina lebogiroa aurkitzen da, eta, modu horretan, aminoazido guztiak lebogiro bihurtzen dira.

Hala ere, kiralitate desberdineko molekulak izan arren, propietate kimikoak aldatzen ez badira, zergatik serina lebogiroaren nagusitasuna serina dextrogiroaren aurrean? Hori izango da adituen hurrengo erronka, hain zuzen ere. Kiralitateak biziaren jatorrian duen garrantziaren berri ematen digu serinaren teoriak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia