}
Iker Aranjuelo Michelena CSICeko Nafarroako Agrobiologia Institutuko ikertzailea

"200 metroko distantzia egiteko autoaren ordez bizikleta hartzen badute, egin dugu zerbait"

2023/12/06 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Alegiako Aralar BHI ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleek, Iker Aranjuelo Mitxelena CSICeko Nafarroako Agrobiologia Institutuko ikertzailearekin batera, Tolosaldeko zenbait lekutako airearen kalitatea aztertu dute, landareak biomonitorizarioaren bitartez analizatuz, “Gluoien Mahaia, gazteak inspiratzeko” proiektuaren barruan. Iker Aranjuelok ikerketaren eta esperientzia horren berri eman digu.

200-metroko-distantzia-egiteko-autoaren-ordez-bizi
Iker Aranjuelo Alegiako Aralar BHIko ikasleekin

"Airearen kalitatea fitoarakatzen” da zure proiektuaren izenburua. Zer esan nahi du horrek? Zertan datza proiektua?

Biomonitorizazioaren bidez airearen kalitatea ikertzean datza. Hau da, landareak erabiltzen ditugu airean dauden metal astunak neurtzeko. Autoek, autobusek edota kamioiek partikula txiki batzuk askatzen dituzte eta airean bueltaka geratzen dira horiek. Edozein tokitan pausatzen dira: gure arropetan, lurrean, zuhaitzetan, landareen hostoetan…

Hain zuzen, Llollobelar italiar belarra (Lolium multiflorum)erabiltzen ditugu ikerketa egiteko, hau da, futbol-zelaietan egoten den belarra.

Proiektua amaituta dago jada. FECYTek (Fundación Española de Ciencia y Tecnología) herritarren zientzia-proiektuak finantziatzen ditu, besteak beste, eta esparru horren barruan egin genuen ikerketa.

Guztira 400 landare banatu genituen Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiri eta herrietan. Dentsitate desberdineko guneekin lan egitea zen helburua, desberdintasunak ikusteko. Parte hartu zuten herritarrek euren etxeetan izan zituzten landareak denbora batez. Ostean, landareen laginak jaso, eta laborategian ikertu ziren, metal astunen kantitatea neurtzeko. Banatu ziren 400 lorontzietatik 320 ikertu genituen.

Zer ondorio atera zenituzten?

Analisi estatistikoekin hasi garenean, garbi ikusi da erlazio zuzena dagoela biztanle-kopuruaren eta partikula horien kontzentrazioaren artean. Hau da, zenbat eta biztanle gehiago, handiagoa da partikulen kontzentrazioa. Eta, alderantziz. Balore txikienak herri txikienetan topatu ditugu.

Badaude, ordea, salbuespenak. Adibidez, Alegian, puntu batean, espero baino metal astunen partikulen kantitate handiagoa jaso dugu. Biztanle gutxiko eta mendialdeko gune bat izan arren, handik kilometro batera, lerro zuzenean, N-1 errepidea igarotzen da, trafiko handikoa. Antzeko zerbait gertatu zen Zizur Nagusin. 15.000 biztanle inguru ditu eta partikula-maila altua du; izan ere, Lizarrara doan autobia du bertan, eta 70.000 auto, autobus, kamioi eta abar igarotzen dira handik egunero-egunero.

Hirietan ere, auzoz auzo desberdina da egora. Iruñean, esaterako, erdialdean eta industriaguneetara doazen hiribideetan daude baliorik handienak. Mendialdera dauden auzoetan, ordea, airearen kalitatea hobea da.

Bitxia da orobat Donostiaren eta Iruñearen arteko alderaketa. Iruñeak Donostiak baino biztanle gehiago izan arren, partikula-kopurua handiagoa da Donostian. Inguruko herrietatik jende asko joaten de lanera Donostiara eta turista asko autoz heltzen dira; eta horrek partikula-kopurua handitzen du.

Hau da, oro har, biztanle-kopuru handiagoko guneetan, partikula gehiago daude, baina, herri txikia izan arren gertu baldin badu trafiko askoko gune bat, partikula-kopurua altuagoa da.

Airearen kalitate txarrak gure osasunean eragiten du, ezta?

Horixe eragiten duela. Kontua da ez dugula kaltea unean bertan hautematen, epe ertain edo luzera baizik. Hau da, gune oso kutsatu batean egon zaitezke kirola egiten, eta akaso 30 urte geroago gaixotasunen bat garatzeko aukera handiagoa beranduago izango duzu, edo ez. Gorputz bakoitzak modu batera edo bestera erantzun dezake.

Nire mezua da oro har gure inguruko airearen kalitatea ona dela. Toki batzuetan ez da txarra, baina ezta ona ere. Hori kontuan izanik, hausnartu beharko genuke jende eta trafiko askoko guneetara joateko erabiltzen dugun garraio-motaren inguruan. Egun-pasa joaten gara gure autoarekin, eta gero gure etxera goaz bueltan, baina, gune horietan, jendea bizi da, eta hogeita lau orduz arnastuko dute aire hori. Denon esku dago ohiturak aldatzea egoera aldatzeko.

Gluoien Mahaia proiektuaren bidez, zure ikerketa-proiektua ikastetxeetan jarri duzu martxan. Iaz, Alegiako Aralar BHI ikastetxeko gazteekin aritu zinen. Zer egin zenuten?

Alegiako institutuko irakasle eta ikasle boluntarioek hartu dute parte.

Lehen saioan, lorontziak banatu genizkien eta euren etxeetan izan zituzten bi hilabetez. Bitarte horretan, ikasle eta irakasleek zenbait neurketa egin zituzten euren etxeetan. Horretarako, Joseba Aldasoro Galan Elhuyarreko STEAM Hezkuntzako teknikariak tenperatura eta prezipitazioa neurtzeko gailuak banatu zizkien. Baita ikerketa-koaderno bat ere. Ikasle eta irakasleek digitalki partekatutako dokumentu batean sartu zituzten datuak.

Bigarren saioan, landareak jaso genituen ikasgelan, eta laborategira eraman genituen. Laborategiko emaitzak irakasleei bidali genizkien, ikasgelan landu zitzaten. Datu asko direnez, koloretako taula batean bidali genizkien datuak, bisualki errazago ikusteko. Garrantzitsua da lehen interpretazio hori euren kabuz egitea, horrela prozesuan gehiago inplikatzen direla uste dugu eta.

Azkenik, hirugarren saioan, ikasleek ondorioak azaldu zituzten, eta analisi-saio bat egin genuen denon artean. Ondorio antzekoetara iritsi ginen denok: garraio pribatuak pertsonok arnasten dugun airearen kalitateari eragiten diola.

Izan al duzue anekdotarik Alegiako Aralar BHIko esperientzia honetan?

Bai, eta ikasteko balio izan du. Ikasle batzuek, asmo onez, haizeak lorontzia bota ez zezan, landarea lorontzitik atera, eta lurrean sartu zuten. Landare horiek ezin izan ditugu erabili ikerketarako. Batetik, ikerketarako, landare guztiek baldintza beretan egon behar dute, eta, bestetik, lurrean sartutako landare horiek airetik ez ezik, lurretik ere har zitzaketen metal astunak. Izan ere, euriarekin, partikula horiek ez dira desagertzen, lurrera doaz.

Ikerketaren emaitzak jendaurrean aurkeztu zituzten, ezta?

Bai. Gazteek stand bat izan zuten Gipuzkoako azokan, Tolosan, eta Elhuyar Zientzia Azokan, Bilbon. Oso aberasgarria da euren esperientzia jendeari kontatzea. Ikasleek zein irakasleek oso ondo baloratzen dute azoketan parte hartzea.

Nola parte hartzen dute irakasleek prozesu horretan guztian?

Lehen pausoa da irakasleak ikasleei proiektua azaltzea eta boluntarioak topatzea. Behin prozesua abiatuta, ikasleak gidatzea da irakaslearen lana: jarraipena egitea eta datuen interpretazioan ikasleei laguntzea. Eta koordinazio-lana ere egin behar du nirekin.

Zer jaso duzu ikasleengatik?

Niri asko gustatu zitzaidan. Kasu honetan, boluntarioak izan dira, eta ahalegin berezia egin dute. Ilusio, energia eta interes handia erakutsi dute. Unibertsitatean eskolak ematen ditudanean, faltan sumatzen dut hori ikasleengan askotan.

Polita litzateke lanean segitzeko aukera izatea ateratako ondorioak zabaltzeko. Hau da, ikasleek, sare sozialetan, esaterako, ikerketaren berri ematea, gazteen artean eragin handiagoa izateko.

Zenbaterainoko garrantzia du ikasle eta ikertzaileen arteko harremanak?

Ez dakit egindakoak balioko duen ikasleren batek etorkizunean ikerketan lan egiteko, baina, euren bizimoduan pixka bat eragitea lortu badugu, pozten naiz. Adibidez, 200 metroko distantzia egiteko autoaren ordez bizikleta hartzen badute, egin dugu zerbait.

Zure lantaldeko ikerlari emakumeek ere parte hartu zuten gazteekin saio batean.

Nire lantaldeko Garazi Ezpeleta eta Dorra Fakhet etorri ziren. Horretan indar berezia egiten saiatzen gara, baina nire lantaldean ez dago emakumezko euskal hiztunik. Zientzia ez da sexu kontua. Hori transmititu nahi diegu gazteei. Garazik eta Dorrak azaldu zieten zer egiten dugun laborategian, eta hainbat gailu eraman zituzten horretarako.

Nola aurkezten diezu zeure burua gazteei?

Oiartzungoa naizela eta CSICeko ikerlaria naizela esaten diet. Jendeak pentsatzen du CSIC Madrilen bakarrik dagoela, eta ez da horrela. Guk Mutiloan egiten dugu lan. Zer esan nahi dut honekin? Oiartzungoa naizela eta hemen egiten dudala lan, ikasleek ikus dezaten euskaldunak ere ikerlariak garela. Zu ere izan zaitezke.

Alegian egin duzue ikerketa hau lehen aldiz, eta ikasturte honetan Usurbilen eta Beasainen egingo duzue. Etorkizunera begira, interesgarri izan daiteke Euskal Herriko beste ikastetxe batzuk ere ikerketa hau egitea?

Bai. Uste dut eragin handiagoa duela ikastetxeetan eta talde txikietan lan egiteak 200 pertsonako saio jendetsu bat eskaintzeak baino. Oso interesgarria da beste ikastetxe batzuk ere ikerketa honetara batzea; ikerketa-eremua handituko dugu horrela, eta ikerketaren ondorioak gazteen artean zabaltzen lagundu dezake.

Edukietan sakontzeko eta Iker Aranjueloren ikerketa hobeto ezagutzeko, entzungai duzue Ekosfera saioan 2023ko urriaren 30ean egindako elkarrizketa.

Gazteekin ikasgelan jasangarritasuna lantzeko proiektu gehiago ezagutzeko ikusi liburuxka

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia