2002a, mendiaren nazioarteko urtea
2002/02/03 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Mundu osoko mendien gaur egungo egoeratik abiatuta, tokian tokiko proiektuak martxan jartzea da FAOk (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio BatuenErakundea) urte honetarako antolatu dituen ekitaldien helburu nagusia.
Gailurra baino askoz gehiago
Mendietako ekosistemak ur gainean dagoen azaleraren bostena dira. Kalkuluen arabera, giza-populazioaren hamarrenak zuzenean menditik lortzen ditu bizirauteko premiazko osagaiak. Eta horiez gain, lautadetan bizi diren milioika pertsonen ongizatea mendien egoeraren araberakoa da.
Ura eta zura dira mendiko aberastasun preziatuenak. Izan ere, gauza jakina da oihanek, aire-masako ura xurgatzeko duten gaitasunari esker, garrantzi handia dutela uraren zikloaren orekan. Gainera, ez dugu ahantziko erreka eta ibai gehienen iturburua mendietan kokatzen dela. Eskualde idor eta erdi-idorretan, ibaietako ur-emariaren % 90 inguru mendietatik iristen da. Bestalde mendiko ura hidroelektrizitatea sortzeko ere oso erabilia da. Nepalen, esaterako, 25.000 gurpil eta beste 900 mikroturbina daude.
Zurari dagokionez, aski da, adibidez, Marrakechen itzuli bat egin eta okindegi bazterretako egur-pilen funtzioa ikustea mendiaren garrantziaz jabetzeko. Izan ere, etxeetatik eramandako ogia labean erretzeko ezinbestekoa da Atlas mendietako egurra.
Azkenik, ezin alde batera utzi planeta guztirako ezinbestekoa den mendietako aberastasun biologikoa. Mendian bizi diren komunitateek ezagutzen dituzte hobekien oihanetako animalia eta landare basatiak eta, beraientzat elikadura-iturri izateaz gain, ezezagunak zaizkigun beste hainbat abantaila ere lortzen dituzte horietatik.
Baina, mendiko komunitateen bizimodua eta bertako ekosistemak asko ari dira aldatzen. Orain arte, mendian topa ezin zitzaketen oinarrizko gaiak eskuratzeko soilik zuten harremana eskualdeko merkatuekin. Orain, gero eta jende gehiago (asko turistak) heltzen da. Adibide bat ematearren, 1964an, 9.526 kanpotar baizik ez zen joan Nepalera eta, 1993an, berriz, 293.567 turista. Aldaketa horien aurrean, oso gobernu gutxik hartu dituzte turismoa mugatzeko neurriak, turisten eragina ekonomiaren motor-gisa ikusten baita.
Mendien balioa ez galtzea helburu
2002. urtea mendiaren nazioarteko urtea izendatzearen helburua gizartea mendietako habitata zaintzeko beharraz ohartaraztea eta bertako komunitateen biziraupena ziurtatzea da. Urteko ekitaldien balorazioa herrialde bakoitzean izango duen eragina neurtuta eta mundu-mailako erakundeen inplikazioa aintzat hartuta egingo da.
Eskualdeka sortuko diren mugimenduek, beraz, aparteko garrantzia izango dute. Izan ere, antolatzaileen arabera, mendien ustiaketaren ardura duen administrazioak kasu gehiago ematen omen du inguruko biztanleen presentzia sumatzen duenean. Italiak, Kirgiziak eta Madagaskarrek, dagoeneko, eratu dituzte ildo horretan lan egingo duten komiteak. Gainerako herrialdeek badituzte ereduak. Ea lehenbailehen jasotzen dugun oihartzun zabalagoa izango duten ekitaldien berri.
Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia