2003ko lorpen zientifikoen balantzea
2004/02/01 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Satelite eta teleskopio bidez lortutako informazioaren arabera, unibertsoa batez ere materia eta energia ilunez osatuta dago. Energia ilunak, unibertsoaren hedapena eragiten duen indarrak, % 73 osatzen du; materia ilunak, oraindik ezezagun diren partikulez osatutako materia exotikoak, % 23; eta ezagutzen dugun materia arruntak % 4 baino ez. Beste ezaugarri batzuk ere jakinarazi dituzte, adibidez, unibertsoak 13,7 bilioi urte dituela, eta laua dela. Hondoko mikrouhin-erradiazioa unibertsoko argirik zaharrena da, unibertso sortu berritik irteten zen erradiazioaren dirdira erakusten baitu. Hura behatzea unibertsoa ezagutzeko giltza dela uste dute adituek.
Bigarren postuan buruko gaitzekin lotutako geneen identifikazioa dago. Esate baterako, eskizofrenian, depresioan eta gaitz bipolarrean geneen portaerak duen eragina aztertu duten hainbat ikerketatan, eta gaitz horiek izateko arriskua handitzen duten zenbait gene identifikatu dituzte.
Podiumean sartu den azkena lurraren berotze-efektu globalaren gainean egindako lana da, 2003an efektu hori baieztatzen duten froga berri eta sendoak aurkeztu direlako. Ikertzaile-talde batek berotegi-efektua eragiten duten gasekin lotu ditu mendebaldeko Pazifikoan eta Indiako Ozeanoan neurtutako ezohiko tenperatura altuak. Beste talde batek ikusi duenez, urak Ozeano Arktikora isurtzen dituzten ibaien emaria handitu egin da. Berotze-prozesuak ondorio hauek izan ditu, besteak beste: lehorteak, landare-produkzioa gutxitzea, landare eta animalien portaera aldatzea, glaziarrak urtzea eta abar.
2002an lehenengo postua lortu zuten RNA txikiak zerrenda berri honetan ere badaude. Iaz ikusi zuten RNA txikiek garrantzi handia dutela geneak espresatzeko, eta 2003an harreman horren xehetasunetan murgildu dira ikertzaileak. Besteak beste, landareen eta animalien hasierako garapenean eta sistema immunearen sorreran eragin handia dutela ikusi dute.
Satelite bidez lortutako informazioa funtsezkoa da espazioaren behaketan.Zelula barruko molekula bakar baten mugimenduen behaketak bosgarren postua hartu du. Biologo eta fisikarien arteko lanean, denbora errealean ikusi dituzte molekula motorrak lanean. Proteina motor batzuen mugimendua nolakoa den ikusi dute, laser argiaz baliatzen diren metodoak erabiliz.
Hainbat arlotan egindako lana
Zerrendaren seigarren tokia gamma izpien leherketen (GRB) ikerketari dagokio. Unibertsoan gertatzen diren leherketa energetikoenak dira, eta udaberrian GRBen eta supernoben arteko lotura frogatzen zuten irudiak lortu zituzten. Astrofisikarien ustez, energia hori izar baten nukleoaren inplosioak eragiten du.
Espermaren eta obuluen berezko sorrera dago zazpigarren postuan. Enbrioien zelula ametatik lortu dute espermatozoide eta obuluak sortzea, saguen zelulak erabiliz. Aurkikuntza horrek erabilpen ugari izan ditzake etorkizunean giza zeluletan aplikatuta, baina eztabaida etiko ugari ere eragingo ditu.
Espazioaren osaketa, energia era erradiazioa aztergai.Zortzigarren tokian, argia eta bestelako erradiazio elektromagnetikoak noranzko "okerrean" desbidera ditzaketen materialak daude. Duela urte bi sortu zituzten horrelako materialak, eta horiekin mikrouhinak angelu negatiboan desbideratzea lortu zuten. Orduan zalantzak sortu ziren, ordea, eta aurten behin betiko frogak erakutsi dituzte.
Y kromosomarentzat da azkenaurreko lekua. Haren sekuentzia genetikoa ezagutarazi dute 2003an. Dirudienez, Y-ren DNAren erdia baliorik gabeko nahas-mahas batez osatua dago, baina beste erdiak zenbait gene kodetzen ditu, eta oso modu berezian dago antolatuta, gainerako kromosomekin konparatuz gero. Geneen kopia bat baino gehiago dago katean, palindromo moduan jarrita; gene batean mutazio bat gertatuz gero, kopiak hura ordezkatzea errazten du horrek.
Minbiziaren kontrako terapia berria sartu da urteko zerrendaren azken postuan. Droga berri bat probatu dute, eta emaitza itxaropentsuak lortu dituzte. Droga horrek odol-jarioa mugatzen die tumoreei, eta, kimioterapiarekin batera emanda, koloneko minbizi aurreratua zuten gaixoei bizitza luzatzea lortu dute. Bularreko minbizia zuten gaixoekin, ordea, ez du eragin hori izan, eta droga minbizi-mota bakoitzerako egokitu beharko dela uste dute.
Biokimikan eta genetikan aurrerapen garrantzitsuak egon dira.2003ko balantzea egiteaz gain, 2004rako iragarpena ere egin dute Science-n. Marteri buruzko informazio zabala lortzea espero dute aurten hiru espediziotan. Asmoak betetzen badira, hortik etor daiteke urteko berri zientifiko nagusia. Biodefentsa-arloak aurrera egingo du, azken urteko joerari jarraitzen badio. Giza genomaren inguruan sakontzea ere espero da, eta litekeena da aurkikuntza berriak plazaratzea 2004an.
Ikusi egin beharko da, bestalde, munduaren egoera soziopolitikoak zientzian nola eragiten duen, baina badirudi ez goazela oso bide onetik, zientziak, oro har, gero eta baliabide gutxiago baititu.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia