2004ko tsunamia azken sei mendeetako handiena izan zen
2008/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2004an, Indiako ozeanoan izan zen tsunami batek 220.000 hildako eragin zituen. Orain, bi geologo-taldek ondorioztatu dute neurri horretako azken tsunamia 1300-1400 urtearen inguruan gertatu zela.
Taldeetako bat Thailandiako Phuket inguruan aritu da ikertzen, Thailandiako Chulalongkorn Unibertsitateko Jankaew geologoak gidatuta. Bestea, Estatu Batuetako Kent Unibertsitateko Monecke-ren gidaritzapean, Indonesiako Sumatra uharteko Aceh-n. Bi taldeek azken 2.500 urteetan gertatutako tsunamien arrastoak bilatu dituzte jalkinetan, eta bi lekuei eragin zien azken tsunamia Erdi Aroko hura izan zela ikusi dute. Areago, aztarnen arabera, neurri horretako tsunamiak maiztasun jakin batekin gertatzen direla proposatu dute; 600-700 urtetik behin, hain zuzen.
Datu horiek tsunamiak aurreikusteko sistema bat sortzeko erabiliko dituzte. Nahiz eta tsunami erraldoiak fenomeno arraroak izan, eta munduan gertatzen diren tsunamien % 5 bakarrik izan Indiako Ozeanoan, inguru hartan urte gutxitik behin gertatzen dira tsunami txikiak, eta horiei aurrea hartzeko ere balioko luke sistema horrek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia