2005eko Ikerkuntzako Euskadi Saria: Jose Maria Asuarekin hizketan
2006/03/29 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Jose Maria Asuak kontatu digunez, Kimika ikasi zuen Bilboko Unibertsitatean, doktoretza Zaragozan egin zuen, eta, gaur egun, katedratikoa da Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean. Karreratik bertatik hasita, Ingeniaritza Kimikoan murgilduta egon da. Emultsio-polimerizazioan aditua da, eta Polymat-en (Material Polimerikoen Institutua) zuzendaria da.
Fakultate bereko laugarrena zara Ikerkuntzako Euskadi Saria jasotzen: Pedro Migel Etxenike, Juan Colmenero, Jesus Mari Ugalde eta, orain, zu. Zer du, bada, fakultate horrek?
Bai, ni laugarrena naiz, baina gehiago ere etorriko dira atzetik. Kontua da fakultate horretan oso ondo egiten dela lan, oso lan-giro ona dago. Elkarlanean aritzen gara fakultateko sail desberdinetako jendea. Izan ere, gauza bat da formalki harremana izatea, eta beste bat elkarlana. Ni ez nau bereziki kezkatzen harreman formalak, elkarrekin lan egiteak, ordea, bai, arduratzen nau.
Beste departamentu batzuekin ez ezik, enpresekin ere harreman estua duzue polimeroenzientzietakoek.
Egia esan bai, baina, oro har, unibertsitatean jende askok dauka harremana enpresekin.
Nolakoa da harreman hori?
Oso ona. Ez dugu inoiz arazorik izan enpresekin. Are gehiago, seguruenera gure lanik onenetako batzuek enpresek jarritako arazoetan dute jatorria.
Dena den, enpresa guztiak ez dira berdinak. Hainbat enpresarekin lan egitea zoragarria da, enpresa horietan dauden adituek unibertsitateko irakasle on baten maila dute, eta oso maila zientifiko altuko eztabaidak izaten ditugu. Badira maila teknologiko txikiagoko enpresak ere. Horietako batzuetan jende bizkorra dago, guri zer eskatu badakitenak, guregandik zer lor dezaketen argi daukatenak. Baina badira beste enpresa batzuk uste dutenak guk hagatxo magiko bat daukagula, eta gai garela edozein arazo une batean konpontzeko. Zorionez, azken horiek geroz eta gutxiago dira.
Esan duzu zuen lanik onenetako batzuek enpresek azaldutako arazoetan izaten dutela jatorria.
Bai, artikulu onenetako batzuk arazo horien ikerketatik etorri dira. Gogoan dut enpresa bat itsasgarriak egiten zituena. Elkarlanean ari ginen itsasgarri jakin bat egiteko, baina emaitzak ez zetozen bat guk espero genuenarekin. Bada, mila buelta eman genizkion gaiari arazoa zein zen aurkitu genuen arte. Hasierako helburua itsasgarri hobea egitea zen, eta lortu genuen, baina, horretarako, oinarri-oinarrizko zientzia egin behar izan genuen.
Zuek laborategian egiten duzue lan, kantitate txikiekin, baina industrian kantitate oso handiekin egiten dute lan. Arazorik izaten da batetik bestera pasatzeko?
Berez, kimikari dagokionean ez dago inolako arazorik. Nahastean dago koska, nahastean eta beroa kentzeko garaian ere bai; hau da, arazoa Ingeniaritza Kimikoaren arlokoa da.
Laborategian litro bat edo biko erreaktorea erabiltzen dugu (bost litrokoa da daukagun handiena); erreaktiboak sartu eta oso erraz nahasten dira potentzia handiko irabiagailu batekin. Baina imajina ezazu orain zer den prozesu bera eskala industrialean; imajina ezazu zer den 30 edo 60 metro kubiko nahastea.
Laborategian nahastea ia bat-batekoa da, baina erreaktore handi batean denbora behar da guztia ongi nahasteko; eta, ondorioz, gertatzen diren prozesuak ez dira berdinak. Erreakzio azkarreko prozesuak badira (hasarazleak erabiltzen direnean, esaterako), erreaktorearen alde batean hasten da prozesua, eta, hala, erreaktorearen puntu desberdinetan sortzen den produktua ez da berdina izango, noski. Horrenbestez, eskala handitzean arazoak etortzen dira.
Zein da enpresei egiten diezuen ekarpena, Polymat-ek egiten dien ekarpena edo zuk zeuk egiten duzuna? Seguruenik zure ekarpena lotuta dago Euskadi ikerketa-saria jaso izanarekin.
Bai, nik uste dut zerikusia duela batak bestearekin. Lehenengo, Polymat-en zuzendari gisa hitz egingo dut. Polymat-en ekarpenari dagokionez, enpresa-mota desberdinak bereizi behar dira.
Enpresa txikiari, normalean, zerbitzu txikiak egiten dizkiogu: arazo baten zergatia aurkitzen saiatzen gara. Askotan ez dira polimero-enpresak izaten, baizik eta polimeroekin lan egiten dutenak. Esate baterako, jakin nahi izaten dute pieza bat zergatik hausten zaien. Normalean arazoa lehengaian bertan edo prozesatzean egoten da. Gehienez jota astebetean jasotzen dute erantzuna.
Bestalde, produktu edo prozesu berri bat garatu nahi duten enpresak daude. Guk garapen horretan laguntzen diegu. Baina gu ez gara enpresaren I + G saila, eta hori argi utzi behar da.
Eta, azkenik, enpresa handiak daude, handi-handiak. Horiek jakintza bilatzen dute. Ez dute nahi produktuak guk garatzerik, ezta gutxiagorik ere. Produktuak garatzeko bereziki prestatutako sailak badituzte (gurea baino askoz ere handiagoak). Interesatzen zaiena jakitea da, zergatia jakitea. Izan ere, jakintza hori produktuetan aplikatu ahal izango dute. Enpresa horientzat oso inbertsio ona da oinarrizko ikerketa.
Ikusten denez, enpresei buruz hitz egitean zehaztu beharra dago, enpresa-mota oso desberdinak baitaude.
Eta zeure ekarpena?
Ez da erraza esaten. Duela urte asko, laborategi handi batean egin nuen lan, garai hartan emultsio-polimerizazioan zegoen laborategi onenean: Lehigh Unibertsitateko Emulsion Polymer Institute-n. Eta han ikasi nuen gauzetako bat izan zen nazioarte mailan lehiakorra izateko masa kritikoa behar dela.
Aurrera egiteko lantalde indartsu eta handi baten babesa behar da, bestela zaila da aurrera egitea. Hori dela eta, oso zaila da bereiztea nire saria eta azken hogeitaka urteetan laborategi honetatik pasa izan diren lankideen eta ikasleen lana. Beraz, nolabait, saria guztiona da, nahiz eta orain ni izan burua.
Beti aurrera begira: Nanoteknologian indarra egiteko CIC berri bat osatuko da, Nanogune, eta Polymat tartean dago.
Nanogune bultzatzen ari den taldean dago Polymat. Zentro bat eraikiko da; nik uste dut hemen, Ibaetan, egitea izango litzatekeela zentzuzkoena, hala benetako polo bat osatuko genukeelako. Nanogunek bere langileak izango ditu, eta, bestalde, hor izango gara baita ere Donostia International Physics Center, CSIC-en eta Euskal Herriko Unibertsitatearen zentro mistoa (eraikitzekotan direna) eta Polymat.
Oso talde sendoa osatuko dugu; arazoei ikuspuntu desberdinetatik helduko diegu, baina elkar osatuz.
Zein izango da Polymat-en ekarpena Nanogunen?
Polimeroak, noski. Polimeroak behar dituzten prozesu guztietan izango gara. Izan ere, kontuan izan emultsioak, esate baterako, nano eskalakoak direla (ehun nanometro baino txikiagoak dira).
Egia esan, ilusio handia dut proiektu horretan, eta emaitza oso onak emango dituela iruditzen zait.