}

2006ko zientzia-albiste bitxienak

2007/01/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Joan den urteko hamar gertakari garrantzitsuenak, hamar pertsona ospetsuenak, hamar kirol-marka aipagarrienak... Sasoi honetan, ohikoak dira halako zerrendak, eta arlo guztietan egiten dira, baita zientzian ere. Adibidez, LiveScience web gunean zientziako hamar albiste bitxienak sailkatu dituzte. Ez dakigu bitxienak horiek ote diren, baina bitxiak, behintzat, badira.
Ba ote dute hizkuntza baturik Ozeano Bareko balea urdinek?
NOAA

Zerrendaren lehen lekuan, baleek dialektoak erabiltzen dituztela azaltzen da. Urpeko mikrofonoak erabilita, zientzialariek frogatu dute Ozeano Barearen leku desberdinetan bizi diren balea urdinen taldeek ez dituztela soinu berak erabiltzen elkarren artean komunikatzeko.

Baleek tonu, pultsu eta nota desberdinak konbinatuz igortzen dituzte soinuak, eta populazioen arteko aldeak oso handiak dira. Ikertzaileek ez dakite genetikari lotuta dagoen, beste arrazoirik egongo ote den, ezta populazio batzuek besteekin komunikatzeko hizkuntza baturik erabiltzen duten ere..

Itsaso berriak, letrak ur azalean eta armiarmak

Etiopiaren ipar-mendebaldea eta Eritrea kontinentetik banatzen ari dira
(Argazkia: NASA)

Zerrendaren bigarren lekuan, beste itsaso bat azaltzen da. Hain zuzen, Itsaso Gorria berriz banatzeari eman diote leku hori. Satelite bidezko irudiek erakusten dute plaka tektoniko arabiarra eta afrikarra bata bestearengandik aldentzen ari direla. Zientzialarien esanean, Etiopiaren ipar-mendebaldea eta Eritrea kontinentetik banatzen badira, litekeena da beste itsaso bat sortzea.

Hirugarren tokian agertzen dena ere ez da makala: olatu-sorgailuak erabiliz, ikertzaileek uretan idaztea lortu dute. Horretarako, tanga berezi bat diseinatu dute, AMOEBA izenekoa. 50 olatu-sorgailuen bidez, ur azalean alfabeto latindarreko letra guztiak eta alfabeto japoniarreko batzuk egiteko gai izan dira.

Sailkapenaren hurrengo albistearen protagonista Physoclus globosus espezieko armiarma da. Nonbait, espezie horretako armiarma emeak garrasi egiten du kopulatzean. Garrasi horien bitartez, bere barneko sexu-organoak estutzeko eskatzen dio arrari. Zenbat eta gehiago estutu, orduan eta aukera gehiago ditu ar horrek emearen obuluak ernaltzeko.

Laborategian eta kanpoan

Bastanga batek bihotza zulatuta hil da Steve Irwin aurkezle ospetsua.
(Argazkia: D. Bradwell)

Eta, bosgarren tokian, laborategiko esperimentu bat azaltzen da: sagu arren esperma erabilita, arratoiak sortu dituzte, laborategiko esperimentu batean. Lehen aldia da, espezie bateko zelulak erabilita, beste espezie bateko kumeak jaiotzea lortu dutena. Horretarako, espermaren ekoizpenean erlazionatutako zelula amak hartu arratoietatik, eta saguen barrabiletan ezarri zituzten. Sagu horien esperma erabilita arratoi-obuluak ernaldu, eta arratoiak jaio dira. Esperimentuak galtzeko arriskuan dauden espezien esperma sortzeko balioko duela espero dute ikertzaileek.

Seigarren lekuan sailkatu duten albisteak, berriz, ez du zerikusirik laborategiekin. Australiako telebistako aurkezle ospetsu bat, Steve Irwin, hil egin da, bastanga batek bihotzean ziztatu duelako. Bastangek pozoia dute, baina ez pertsona bat hiltzeko adina. Horregatik, medikuek uste dute bihotza zulatzearen ondorioz hil zela.

Zazpigarrena: transplantatutako zakila kendu diote gizonezko bati, operazioa egin eta bi astera. Antza denez, operazioa ondo atera zen, baina arazo psikologikoak eragin zizkien bai gizonezkoari bai haren emazteari. Azkenean, zakila kentzea erabaki zuen.

Azken hirurak ikusezin bihurtzeari, usaimenari eta Amazonas ibaiari buruzkoak dira. Horiek ere zeharo bitxiak dira LiveScience web gunekoen ustez. Gehiago jakin nahi izanez gero, web gunean sartu eta hor ageri dira albisteak, hemen baino osatuago eta sakonago. Eta, horrelakoetan, ia ezinbestekoa da honekin bukatzea: hamaika ikusteko jaioak gara!

7K-n argitaratua.