}

2019ko zientzia-albiste nabarmenenak

2019/12/20 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

2019ko-zientzia-albiste-nabarmenenak
M87 galaxiaren zulo beltza. Zulo beltz baten lehen irudia da. Arg. Event Horizon Telescope Collaboration

2019. urte oparoa izan da zientzia- eta teknologia-arloko albisteetan. Hona hemen nabarmendutakoak:

1. Zulo beltz baten lehen irudia erakutsi du EHT teleskopioak 

 Hau da zulo beltzaren definizioa, Elhuyar ZTH Hiztegi Berrian: bertatik ez materiari ez argiari irteten ez uzteko adinako eremu grabitatorioa sortzen duen gorputza. Horren arabera, ezin zaio argazkirik atera. Alabaina, zulo beltz baten irudia erakutsi du, lehen aldiz, EHT (event horizon edo gertaeren muga) teleskopioko lantaldeak; M87 galaxiaren zulo beltza, hain zuzen.

 2. New Horizons zundak Arrokoth-en lehenengo argazkia bidali du

Urtearen lehen egunetan, NASAren New Horizons zundak Arrokoth urruneko objektuari egindako lehenengo argazkia bidali zuen. Gerora, irudi eta datu gehiago jaso dira, eta izena ere adostu dute, hasieran Ultima Thule deitu baitzioten.

3. Olatuek gero eta indar handiagoa dute, klima-aldaketaren eraginez

Itsasoko olatuek gero eta energia gehiago dute, Kantabriako Unibertsitatean egin duten ikerketa baten arabera. Eta hori ozeanoen berotzearekin zuzenean lotuta dagoela ondorioztatu dute.

4. Wifia elektrizitate bihurtzen duen antena bat asmatu dute 

Molibdeno bisulfuroko bi dimentsioko material batez, wifi bidezko seinalea elektrizitate bihurtzen duen antena bat (rectenna) asmatu dute Massachusettseko teknologia Institutuko ikertzaileek.

5. Hezur-muineko transplantea eginez hiesa senda daitekeela berretsi dute 

Bigarren aldiz, hiesa zuen paziente bat sendatzea lortu dute. Hezur-muineko transplantea egin zioten, Hodgkinsen linfoma ere bazuelako eta bizirauteko beharrezkoa zuelako. Bide batez, GIB birusarekiko erresistentea den pertsona baten hezur-muina transplantatu zioten. Transplantearen ondoren, ez dute birusaren arrastorik ikusi ikertzaileek: ez odolean, ez eta birusa gordailuetan ezkutatuta ere.

 6. Gizakiak Behe Paleolitoan Praileaitzen izan zirela frogatu dute

Duela 200.000 urte inguru Praileaitz I kobazuloan (Deba, Gipuzkoa) gizakiak egon zirela erakusten duten aztarnak topatu dituzte, hala nola haiek erabilitako harrizko tresnak eta jandako animalien fosilak, tartean elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurrak.

 7. 3D inprimagailuez organo funtzionalak sortzeko baskularizazioa lortu dute

 Bioingeniariek muga handi bat topatu izan dute 3D inprimagailuez giza organo funtzionalak sortzeko lasterketan: ez dute lortzen organoak oxigenoz eta elikagaiez hornituko dituen odol-hodien sarea sortzea, eta organoak endekatu egiten dira berehala. orain, ordea, lortu dute material biologikoekin bateragarri den sare baskular konplexua inprimatzea.

8.  Pentsamendua ahots bihurtzen duen tresna bat garatu dute

Lehendik ere badira zenbait komunikazio-sistema, paralisiren baten ondorioz hitz egiteko gaitasuna galdu duten pertsonei laguntzeko. Ezagunenak (Stephen Hawkingek erabiltzen zuena, adibidez) keinuetan edo begien mugimenduetan oinarritzen dira, eta haien emaitza ez da nahi bezain ona izaten. Orain, hizketa naturalaren pareko emaitza lortu dute, garuneko jarduera hizketarako mugimenduetara itzuli eta mugimendu horiek ahots bihurtuta.

9. Gizaki-tximino kimerak sortu dituzte

Txinako laborategi batean gizaki-tximino kimerak sortu dituzte Murtziako Unibertsitate Katolikoko (UCAM) Jaun Carlos Izpisuaren taldeko ikertzaileek. Tximino baten enbrioian giza zelulak txertatu dituzte, transplanteetarako organoak sortzeko bideak ikertzea helburu. Ikertzaileek adierazi dutenez, Txinan egin dute beste leku batzuetan tximinoekin honelako esperimentu bat egiteak izango lituzkeen lege-arazoak saihesteko.

 10. Itzultzailea.eus kaleratu du Elhuyarrek

Adimen artifizialaren garapenaren adibide bikaina da Elhuyarrek sortutako itzultzaile automatikoa. Bost hizkuntza hauen arteko itzulpenak egiten ditu: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa. Xehetasunak, Itziar Cortés Etxabe Elhuyarreko itzulpengintzarako teknologien arduradunaren eskutik, Norte Ferrokarrilla irratsaioan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia