}

24 ordu, 60 minutu eta 60 segundo

2007/04/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzia-aldizkari askok jendearen galderei erantzuteko txoko bat dute. Duela gutxi, Scientific American aldizkarian, galdera honi erantzun diote: zergatik banatzen da minutu bat 60 segundotan, ordu bat 60 minututan, eta, aldiz, egun bat 24 ordutan bakarrik? Erantzuna jakin nahi baduzu, irakurri AEBko Standard eta Teknologia InstitutukoMichael A. Lombardik aldizkarian idatzitako azalpena.
Egiptoarrek zenbaki-sistema hamartarra erabiltzen zuten, eta haiek izan ziren eguna hamabi zatitan banatzen lehenak.

Gaur egun, gehien erabiltzen den zenbaki-sistema hamartarra da. Seguru asko, eskuetako hatzak erabiliz zenbatzea erraza delako sortu zen sistema hori. Alabaina, eguna zati txikiagoetan banatu zuten lehen zibilizazioek sistema hamabitarra eta hirurogeitarra erabili zituzten.

Historialari askoren ustez, egiptoarrena izan zen eguna zati txikiagoetan banatu zuen lehen zibilizazioa. Horretarako, eguzki-erlojuak erabiltzen zituzten. Lehen eguzki-erlojuak lurrean zutik jarritako makila soilak ziren; itzalaren luzerak eta norabideak denbora adierazten zuen. K.a. 1500. urterako, eguzki-erloju aurreratuago bat garatu zuten egiptoarrek. Lurrean jarritako T-itxurako barra baten bidez, egunsentiaren eta iluntzearen arteko tartea hamabi zatitan banatzen zuten.

12 orduko egunak eta gauak

Gauez denbora neurtzeko, antzinako zibilizazioek izarrei begiratzen zieten, besteak beste.

Hain zuzen ere, egiptoarrek zenbaki-sistema hamabitarra erabiltzen zuten, beharbada, urteak hamabi ilargialdi dituelako, edo, agian, eskuetan dozena bat hatz-kozkor ditugulako (hatz lodia kenduta, hiru artikulazio hatz bakoitzeko). Hori bai, egun bakoitzak zituen ordu guztiak iraupen berekoak baziren ere, urtaroaren arabera asko aldatzen zen orduaren iraupena: udako orduak negukoak baino askoz luzeagoak ziren.

Bestalde, gauez alferrikakoak dira eguzki-erlojuak. Egiptoarrek izar zehatz batzuk zeruan azaltzen ziren unean oinarrituta banatzen zuten denbora gauez, eta, hain juxtu, hamabi izarri begiratzen zieten horretarako. Horrez gain, klepsidrak edo ur-erlojuak ere erabiltzen zituzten gauez. Ziur aski, antzinako erloju zehatzenak ziren haiek, eta batzuetan garbi ikusten dira gaua hamabi zatitan banatzeko egin zituzten arrastoak.

Denboraren neurketan , hurrengo pausoa hogeita lau orduko egunaren kontzeptuaren sorrera izan zen. Hiparko matematikari greziarrak proposatu zuen eguna hogeita lau ordutan banatzea, eta orduek beti iraupen berbera izatea. Hala eta guztiz ere, jendeak urtaroaren arabera iraupen desberdinetako orduak erabiltzen jarraitu zuen mendeetan zehar (XIV. mendean Europan erloju mekanikoak egin zituzten arte).

Minutuak eta segundoak

Orduak minututan eta segundotan banatzea nahiko gauza berria da.

Eta minutuak eta segundoak, nondik datoz? Bada, greziarrek asmatu zituzten, latitude-sistemaren zatiketak izendatzeko, eta sistema hirurogeitarra zen. Dena den, minutuak eta segundoak ez ziren askoz geroagora arte erabili orduaren banaketak adierazteko. Egin kontu: minutu-orrazdun lehen ordulariak XVI. mendearen amaieran azaldu ziren. Ordura arte, ez zuen zentzu handirik ordua minututan banatzeak. Gainera, hasieran, orduak zatitzekotan, hamabi zati egiten ziren, eta ez hirurogei.

Beraz, denbora banatzeko sistema antzinako zibilizazioen oinorde da. Zientziaren aurrerapenek denboraren zatiak ondo definitzen lagundu dute. Adibidez, nazioarteko unitate-sistemak segundoa eguzki-egun baten zati gisa definitu zuen hasieran, gero urte tropikalarekin erlazionatu zuen, eta 1967an berriro definitu zuen: zesio-atomoaren 9.192.632.770 energia-trantsizio zen segundoa. Gaur egun erabiltzen den denboraren neurketa atomikoaren (UTC) ataria izan zen.

Neurketa atomikoa izugarri zehatza da, baina ez dator guztiz bat astronomikoarekin, eta, egokitzeko, amarru txikiak egin behar izaten dituzte. Esaterako, minutu batzuek (hamar urteko epean zortzik) 61 segundo izaten dituzte.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia