24 orduz lorik ez egiteak metabolismoan duen eragina ikertu dute
2014/07/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lorik ez egitea eta eguna/gaua zikloa haustea asaldura metaboliko batzuekin lotzen da, esaterako, obesitatearekin eta diabetesarekin. Ondorio horiek hobeto ezagutzeko egindako ikerketa batean, 24 orduz lorik egin gabe igaro ondoren metabolito batzuen kontzentrazioa areagotu egiten dela frogatu dute. Metabolito horien artean, eragin antidepresiboa duten batzuk daude, adibidez, triptofanoa, serotonina eta taurina.
Ikerketa hamabi gizonezko gazteren metabolitoak neurtu dituzte, 24 orduko ziklo arrunt batean (loaldia barne), eta 24 orduz esna egonarazi ondoren. Datuak alderatuta, neurtutako 171 metabolitoetan ikusi dute gehienek gorabeherak izaten dituztela eguna/gaua zikloaren barruan. Ikertzaileen iritziz, gorabehera horien berri izatea oso baliagarria da botikak noiz eta nola hartu erabakitzeko, are eraginkorragoak eta seguruagoak izan daitezen.
Horrez gain, frogatu dute 171 metabolito horietatik, 27ren maila asko igotzen dela lo-gabeziaren ondorioz, tartean, triptofanoarena, serotoninarena eta taurinarena. Ikertzaileen ustez, litekeena da hori izatea lo-gabeziak sortzen duen eragin antidepresiboaren arrazoia. Hala eta guztiz ere, hori baieztatzeko ikerketa sakonagoak beharko liratekeela onartu dute.
Surrey Unibertsitatean, Londresko Minbizi Zentroan eta Erasmus Mediku Zentroan (Herbehereak) egin dute ikerketa, elkarlanean, eta PNAS aldizkarian argitaratu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia