}

240 ugaztunen genomak alderatu dituzte

2023/05/04 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

240-ugaztunen-genomak-alderatu-dituzte
Desagertzeko zorian dauden 52 espezie aztertu dituzte Zoonomian; horietako bat da Amazonas ibaiko izurdea. Arg. Marcos Amend

Nazioarteko zientzialari-talde batek 240 ugaztun-espezieren genomen dibertsitatea aztertu dute; milioika urtetan zehar zein zati aldatu diren eta zein kontserbatu diren. Ugaztunen eboluzioa eta haien arteko desberdintasunak ulertzeko funtsezko informazioa da; baita gizakion gaixotasun batzuen gakoak ezagutzeko ere. Hamaika artikulu argitaratu dituzte, orain arteko emaitzekin, Science aldizkariaren zenbaki berezi batean. Baina, ikertzaileen esanean, datu horiekin egin daitekeenaren zati bat baino ez da hori.

Zoonomia Proiektuan 240 ugaztunen (ugaztun-familien % 80) genomak sekuentziatu eta alderatu dituzte. Alderaketa horren bidez, identifikatu dituzte ugaztunetan funtzio garrantzitsuak dituzten eskualdeak, espezieen ezaugarri bereizgarriak eragin dituzten mutazio genetikoak eta gaixotasunak sor ditzaketen aldaketak.

Arreta jarri dute espezieen artean, eboluzioan zehar, aldatu gabe iraun duten zatietan; zati horiek biologikoki garrantzitsuak izango direlakoan. Zati horiek, proteinak kodetu ez arren, proteinak non, noiz eta nola sortu behar diren kodetzen dute, askotan; eta zati horietako mutazioek eragin ditzakete gaixotasunak edo espezieen ezaugarri bereizgarriak.

Bada, horixe berretsi dute ikerketa honetan, eta ikusi dute gizakietan genomaren % 10, gutxienez, funtzionala dela; proteinak kodetzen dituen zatia (% 1) baino 10 aldiz gehiago. Eta hainbat gaixotasunetan gako izan litezkeen aldaera genetiko batzuk identifikatu dituzte. Esaterako, garauneko minbizia duten gaixoetan identifikatu dituzte mutazio batzuk eboluzioan aldatu gabe iraun duten zati horietako batzuetan; eta uste dute eragina izan dezaketela tumoreen hazkuntzan eta tratamenduekiko erantzunean.

Bestalde, ugaztunen ezaugarri berezi batzuen erantzule izan litezkeen aldaketa batzuk ere identifikatu dituzte; hala nola, garunaren tamaina apartekoa, usaimen oso garatua, edo hibernatzeko gaitasuna. Eta ondorioztatu dute dinosauroak desagertu baino lehenago hasi zela ugaztunen dibergentzia.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia