}

24.000 urtez izoztuta egondako errotifero bat berpiztea lortu dute

2021/06/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

24000-urtez-izoztuta-egondako-errotifero-bat-berpi
Permafrostean 3,5 metroko sakoneran aurkitu dituzte errotifero belloideoak, erabat izoztuta. Mikroskopikoak dira, baina zelulaniztunak, eta ez dira izotzetan bizirik irauteko gaitasuna erakutsi duten bizidun bakarrak. Arg. Current Biology

Errusiako Lurzoruaren Zientzietako Arazo Fisiko-kimiko eta Biologikoen Institutuko ikertzaileek jakinarazi dutenez, 24.000 urtez Siberiako permafrostean izoztuta egon den errotifero bat “esnatu” eta bizirik jarraitzea lortu dute. Astebetez poliki-poliki tenperatura igotzen egon ondoren, errotiferoa, ez bakarrik bizirik iraun, baizik eta ugaltzeko gai ere izan da. Errotifero belloideen ohiko ugalketa asexualaz egin du: partenogenesiaz.

Animalia mikroskopiko urtarrak dira errotiferoak, bereziki erresistenteak direnak: orain arte, bazekiten 10 urtez izoztuta egon ondoren ere bizitzeko gai zirela, eta oxigeno- zein elikagai-ezari aurre egiteko gaitasun handia zutela. Izan ere, muturreko baldintzetan, kriptobiosi-egoeran sartu eta prozesu metaboliko guztiak eteten dituzte, baldintzak hobera egin bitartean. Baina hainbeste urtez izoztuta egon eta bizirik jarraitzeak iradokitzen du tenperatura baxuei aurre egiteko mekanismo biokimiko oso eraginkorrak dituztela, organoak eta zelulak oso ondo babesten dituztenak. Esaterako, haien zeluletan izotz-kristalak ez eratzea lortzen dute, ingurua poliki izozten denean.

Errotiferoak ez dira bizidun kriptobiotiko bakarrak. Zientzialariek aurretik ere lortu izan dute permafrostean 32.000 urtez izoztutako hazietatik landareak birsortzea, edota 30.000 urtez izoztutako nematodoak berpiztea. Zenbat eta konplexuagoa izan biziduna, ordea, orduan eta zailagoa izango da bizirik izoztea. Ugaztunontzat, ezinezkoa. Baina, mikroskopikoa izanik ere, hestea eta nolabaiteko garuna duten animaliek bizirik iraun izana oso pozgarria izan da kriptologiako ikertzaileentzat. Artikoan beste bizidun kriptobiotikoen bila jarraituko dutela adierazi dute, izotzetan bizirik irauteko beharrezko diren mekanismo biokimikoak argitu ahal izateko. Current Biology aldizkari zientifikoan argitaratu dute, eta errotiferoaren bideoa jarri dute ikusgai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia