250 urte bete dira Franklin-ek bere esperimentua egin zuenetik
2002/06/25 Elhuyar Zientzia
Kondairak dio hil honetan, baina duela 250 urte, Benjamin Franklin-ek kometa bati giltza bat lotu ziola, eta biak barneratu zituela Filadelfiako zeru ekaiztsuan. Ez zen erokeria, tximistak elektrizitatea direla frogatu nahi zuen.
Kleroak gogor kritikatu zuen Franklin, Jaungoikoari desafioa bota nahi izatea leporatu zioten, baina bai Amerikan eta baita Europan ere, bere garaiko argienetakotzat jo zuten.
Alabaina, desadostasun handia dago historialarien artean: zenbaiten ustez, gertaera egiazkoa izanda ere, ez dago argi non eta noiz egin zen saiakuntza, eta, beraz, ez dago kondaira egiazkotzat hartzerik; beste zenbaitek, ordea, ebidentziak ugariak direla diote.
Kondairan sinisten dutenek diotenez, 46 urteko asmatzailea eta 21 urteko bere semea, William, Franklinen tximisten inguruko teoria frogatu nahian irten ziren 1752ko ekaineko egunen batean. Bikoteak landa batean itxaron zion ekaitzari, eta hodei-mataza lodi batek negatiboki kargatu zituen kometa, soka eta giltza. Deskargak ez zion Franklini eragin, eskuan zeraman zeta-zati lehorrari esker, baina ikertzaileak giltza ukitu zuenean, txinparta batek egin zion salto eskura. Lekuko bakarrak Franklin eta bere semea ziren, eta istorioa eta bere xehetasun guztiak Franklinen lankide zen Joseph Priestley-k zabaldu zituen handik hamabost bat urtera.
Zenbait historialariren aburuz, Franklin ez zen izan lurreko elektrizitate estatikoaren eta tximisten arteko antzekotasuna ikusi zuen lehena, baina bai antzekotasun hori frogatzeko lehenengo esperimentua diseinatu zuena. Horrez gain, laborategietan egiten ziren elektrizitate estatikoaren inguruko esperimentuak, denbora-pasa hutsa baino gehiago, naturaren indar nagusien inguruko ikerketak zirela frogatu zuen Franklinek aurkikuntza honen bidez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia