290 saltokik bat egin dute Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin
2024/02/01 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izango da otsailaren 11n. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun horretarako, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Abanto-Zierbena, Barakaldo, Beasain, Bilbo, Deba, Elgoibar, Gueñes, Ibarra, Laudio, Ordizia, Plentzia eta Zarauzko 290 saltokik hartuko dute parte, otsailaren 1etik 11ra.
Establezimendu bakoitzak (parte hartuko dutenen zerrenda) emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Bigarren urtez jarraian, GINKANA batean parte hartzeko aukera ere izango da herri hauetan: Abanto-Zierbena, Barakaldo, Bilbo, Elgoibar, Gueñes, Laudio eta Ordizia.
Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa jaitsi, eta, dendaz denda, omendutako 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dira. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diogu. Horrela, saltokiz saltoki 12 emakumeen QR kodeak bilatu eta galdera guztiei erantzun arte. Herritarren artean eta ikastetxeetan ginkanak iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurten egokitu egin dira galderak, eta zailtasun-maila ezberdinetakoak daude parte-hartzaileen adinaren arabera.
Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa egongo da otsailean Astigarragan, Barakaldon, Bilbon, Plentzian, Zarautzen eta Donostiako Eureka Zientzia Museoan.
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek, duela lau urte; hau da gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi- eskaintzaren barruan. STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatuz , eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek saio berezia egingo du otsailaren 10-11ko asteburuan ETB1en eta ETB2n. Besteak beste, zientziaren munduak behar duen paradigma-aldaketari buruz arituko dira Uzuri Albizu EHUko ikertzailearekin, eta belaunaldi ezberdinetako emakume zientzialarien esperientziak jasoko dituzte BRTAko ikerketa-zentroetan. Bestalde, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak ere gai hori izango du hizpide nagusi otsailaren 9ko saioan. Donna Strickland 2018ko fisikako Nobel sariduna izango da elkarrizketatu nagusia. Historian Nobel sari hori irabazi duen hirugarren emakumea da. Laser-pultsu ultramotzak egitea lortu zuen, zeinak, gerora, medikuntzan pintza optiko moduan erabili izan baitira.
Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko egunerako, Elhuyarrek bat egiten du Emakumeak zientzian ekimenaren 8. edizioarekin, eta, horretarako, elkarlanean dihardu zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsu diren beste 31 erakunderekin: Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, EHU Informatika, EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BioBizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Eureka! Zientzia Museoa-Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, EHU Ingeniariak eta Vicomtech. Horiek guztiek antolatutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai: www.emakumeakzientzian.eus
12 EMAKUMEZKO ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan, emakume zientzialari hauek omenduko dira “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean:
- Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa
- Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria
- Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa
- Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
- Ana Teresa Diego (Bahía Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista.
- Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
- Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa.
- Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
- Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
- Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
- Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
- Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia