}

4.000 urteko pestizida berria

2001/05/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Biltegian gordetako laboreak intsektuetatik babesteko pestizida prestatu dute, orain 4.000 urte Txinan erabilitako teknologiatik abiatuta.

Greenwich Unibertsitateko Baliabide Naturalen Institutuan egin dute ikerketa. Bertan, diatomeo-lurraren propietateez baliatu dira pestizida ekoizteko. Harria hauts bihurtu eta biltegiko labore-aleekin nahasi dute eta, Zinbawen eginiko saiakeretan, laboreak 8 hilabetetik gora intsektuen erasoetatik salbu gordetzea lortu dute. Diatomeo-lurra ohiko pestizidak bezain eraginkorra dela frogatu dute, baina abantaila handi bat du: ez gizakiarentzat ezta beste ugaztunentzat ere ez da toxikoa. Diatomeo-lurrak intsektuen kanpo-eskeletoko argizari-geruza xurgatzen du, eta intsektua deshidratatu eta hil egiten da.

Ustez, orain 4.000 urteko txinatarrek gauza bera egiten zuten biltegietan gordetako laboreak babesteko. Diatomeo-lurra fitoplanktonetik eratorritako kare harria da eta nahiko arrunta da munduko toki gehienetan. Beraz, ez litzateke lortzen zaila izango eta pestizida natural, eraginkor eta merke bat izango genuke eskura. Greenwich Unibertsitateko ikertzaileek garapen-bidean dauden herrialdeei begira egin dute ikerketa, biltegietako galerak gutxitzeak goseteak eragozteko bidea izan daitezkeelako. Gainera, laborariei uztaren etekinak handiagotzeko aukera emango die, ez baitute jaso eta berehala edozein preziotan saldu behar izango. Hala ere, guztientzat balio duen teknika da. Adibidez, diatomeo-lurra Australian asko erabiltzen da labore-alea tratatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia