52. CIRPeko Batzar Nagusia, Teknikerren historian mugarri bat
2002/09/10 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Antolakuntza batzordeko partaideek (Gamesa, Ceit, Invema, Tecnum, Mondragon Unibertsitatea, Tekniker, Ideko, Fatronik, UNED, EHU) eta batzordearen lehendakariak, Teknikerreko Ramón Buenok, nabarmendu dute batzarrean parte hartu dutenak pozik geratu direla.
Hasteko, esan behar da 52. Batzar Nagusiak marka berria ezarri duela aurkeztutako lan-kopuruan: 119 komunikazio, 10 key note (gai zientifikoei buruzko ekarpen laburrak) eta bi hasiera-hitzaldi (Alvaro Arrizabalaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen eta Alberto Ortueta Makina-erreminten Fabrikatzaileen Elkarteko zuzendariaren eskutik) aurkeztu ziren. Horietaz gain, Batzorde Zientifiko eta Teknikoen bilerak, antolatzaileen eta elkarteko kideen arteko topaketak, "Industria eta I+G erakundeen arteko elkarkidetza ikerketan" izeneko mahai-ingurua eta beste zenbait hitzaldi espezializatu eman ziren.
Bigarrenik, beste arrakasta bat aipatu behar da, partaide kopurua: 390 batzarkide eta 122 laguntzaile etorri ziren 34 herrialdetatik. Kopuru hori, CIRPek aurrez ospatu dituen batzarretakoekin alderatuz, askoz handiagoa izan da. Batzarkide horien artean alemaniarrak izan dira ugarienak, eta ondoren estatubatuarrak eta japoniarrak daude.
Hirugarren, nabarmendu behar da antolakuntza ezin hobea izan dela; besteak beste, Kursaal Jauregiaren baldintza eta zerbitzu hobezinengatik, programa guztietan egon den puntualtasunagatik, Lankor enpresako azafaten adeitasun eta eraginkortasunagatik, laguntzaileentzako egon den programaren erakargarritasunagatik eta, nola ez, euskal sukaldearen kalitateagatik.
Datu orokorrak alde batera utzita, gure parte-hartzeari begiratzen badiogu, ezbairik gabe esan daiteke Batzar Nagusia Donostian antolatu izanak CIRPen euskal erakundeek duten pisua handitzeko balio izan duela. Gainera, Estatu espainiarretik izena eman zuten 22 partaideetatik 20 euskaldunak ziren (horrela, parte-hartzaile kopuruari dagokionez, Espainia 4.a izan da; Italia, Korea eta Frantziaren aurretik, besteak beste).
Programa zientifikoaren barnean gure ikertzaileek hainbat ponentzia aurkeztu zituzten: Ebaketari buruzko jardunaldiaren barnean, "Erremintaren higadura-efektua torneaketa gogorrean", Ceit eta Tecnum-en arteko lana; Zehaztasunezko Ingeniaritza eta Metrologiari buruzko jardunaldian, "Presioen oinarrizko espainiar eredu berriaren ziurgabetasun-azterketa", Tekniker eta Espainiako Metrologia Zentroaren arteko elkarlana; eta azkenik, Azalerari buruzko jardunaldian, "Mandrino zilindriko zorrotzen ebaluazioa", Bremeneko Unibertsitateak egindako lana.
Ildo berean, Teknikerrek egindako ekarpenen balio zientifiko altua aipatu behar da. Ekarpen horietako batek CIRPeko lehendakari eta Israelgo Iscar enpresako partaide R. Wertheim irakaslearen aipamena merezi izan zuen. R. Wertheimek Teknikerreko prozesuen arloko ikertzaile taldeak proposatzen dituen mekanizazio estrategia berriak aipatu zituen. Aldi berean, arkitektura paraleloko Seyanka (Tekniker), Ulises eta Hermes (Fatronik) makinak aipatu zituen WZLko (Alemaniako) M. Weck-ek "Arkitektura paraleloko makinak" aurkezpen laburrean aipatu ziren. Azkenik, eredu handi baten gaineko interkonparazio metrologikoan Teknikerrek egindako neurketak aipatu zituen Erresuma Batuko National Physical Laboratory-ko G.Peggs irakasleak, "Produkzioan dauden dimentsio handientzako metrologia: eguneratze bat" izeneko hitzaldian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia