}

67P/Churyumov-Gerasimenko kometak ez du ikertzaileek uste bezain beste oxigeno

2022/03/18 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

67pchuryumov-gerasimenko-kometak-ez-du-uste-bezain
67P/Churyumov-Gerasimenko asteroidea Arg. Wikipedia

2015an, Europako Espazio Agentziaren Rosetta espazio-ontzi ezagunak oxigeno molekularra topatu zuen 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan. Aurkikuntza hark harritu egin zituen ikertzaileak, inoiz ez baitzen ikusi oxigenoa igortzen zuen kometarik; are gutxiago, hain kantitate handian. Horrek Eguzki Sistemaren sorreraz zekitena kolokan jartzera behartu zituen zientzialariak. Johns Hopkins Unibertsitateko ikertzaileek egindako analisi berri batek, ordea, aurkikuntza hari azalpen logikoa aurkitu dio oraingoan: kometak bi oxigeno-gordailu ditu barruan, eta, ondorioz, benetan dagoena baino oxigeno gehiago dagoela ematen du.

Biltegi horietatik kontzentratuago askatzen denez, kometak oxigeno asko zuela ondorioztatu zuten 2015an. Hain zuzen, kometaren laugarren molekularik ugariena zela ondorioztatu zuten (H2O, CO2 eta COaren ondoren). Orain ikusi dute ez dela hala, biltegietan baino ez dagoela.

Gainera, ikertzaileen arabera, oxigeno hori ez zen sortu Eguzki Sistema sortu zenean (hasiera batean hala pentsatu bazen ere), baizik eta gerora pilatu da kometan, kanpoko geruzetan harrapatuta geratzen joan denean.

2015an, ikusi zuten oxigeno molekularra urarekin batera ateratzen zela kometatik, eta ondorioztatu zuten Eguzki Sistema jaiotzean bertan elkartu zirela ura eta oxigenoa, eta horregatik jaso zituela hala kometak. Horrek hankaz gora jartzen zituen Eguzki Sistemaren sorrerako teoria guztiak. Bigarren aukera zen kometan bertan sortu izana oxigenoa, uretatik bertatik. Ikerketa berriak bertan behera utzi ditu bi hipotesiak.

Izan ere, ikusi dute askatzen den oxigenoa ez dela beti urarekin batera ateratzen. Kometak Eguzkiarekiko duen kokapenaren arabera, eta, hortaz, kometaren urtaroaren arabera, ura izoztuta azaltzen da, eta garai horietan oxigenoa ez da urarekin lagunduta ateratzen kometatik.

Ikertzaileek adierazi dute sakonago ikertu behar dela oxigenoak kometako beste molekula batzuekin duen harremana (batez ere, metanoarekin eta etanoarekin duena), horrek lagundu dezakeelakoan oxigenoak urarekin duena zehazten eta oxigenoaren jatorria argitzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia