67P/Churyumov-Gerasimenko kometako ura ez da Lurreko ozeanoetakoaren antzekoa
2014/12/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Rosetta espazio-ontziko Rosina-DFMS masa-espektrometroak egindako neurketen arabera, 67P/Churyumov-Gerasimenko kometak duen ura ez da Lurreko ozeanoek dutenaren antzekoa. Horrenbestez, indarra galdu du ozeanoen jatorria kometekin lotzen duen hipotesiak.
Hain zuzen ere, urak, hidrogeno-atomo arruntez gain (protoi eta elektroi banaz osatuak), deuterio-atomoak ere izaten ditu batzuetan (protoi, elektroi eta neutroi banaz osatuak). Hala, deuterioaren eta hidrogenoaren arteko proportzioa neurtuta, bi lekutako urek jatorri bera izan dezaketen edo ez jakiteko aukera dago.
Eta horixe egin dute Rosetta misioko ikertzaileek: masa-espektrometroak kometaren lurrunean jasotako neurketak Lurreko urarekin alderatu dituzte, eta ohartu dira proportzio hori guztiz desberdina dela batean eta bestean. Zehazki, kometako uraren deuterio/hidrogeno proportzioa Lurreko ozeanoetako urak duena baino hiru aldiz handiagoa da.
Emaitza, neurri batean, ustekabekoa izan da, orain arte beste kometa batzuetan neurtutako proportzioak askoz ere antza handiagoa zutelako ozeanoek dutenarekin. Berez, neurketa horietako bat baino ez da izan zuzenekoa, 103P/Hartley 2 kometarena hain justu (gainerakoak zeharkakoak ziren), baina haren deuterio/hidrogeno proportzioa askoz ere txikiagoa da, eta horrek sendotu egin zuen Lurreko uraren jatorria kometetan egon zitekeela zioen hipotesia.
Orain, ordea, hipotesia ezeztatuta geratu da. Ikertzaileek Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta iradoki dute agian asteroideak izan daitezkeela Lurreko uraren sorburua. Horrekin batera, erakutsi dute kometetako uraren konposizioa ez dela batere homogeneoa, deuterio/hidrogeno proportzio oso diferenteak izan baititzakete. Azaldu dutenez, kometak sorleku desberdinetakoak izatea izan daiteke diferentzia horren arrazoia.