}

7.000 urteko egurra

2020/02/12 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

7000-urteko-egurra
7.000 urteko egurrezko egitura - Arg. University of Pardubice

Gizakiak egindako egur-egitura zaharrena topatu dute Txekiar Errepublikan: ontzi itxurako egitura karratu bat da. Putzu baten paretei eusteko egitura dirudi, 80x80 cm-koa, eta 1,40 metroko altuerakoa, eta haritz-egurra da.

Arkeologoen ikuspuntutik, aurkikuntza garrantzitsua da. Batetik, egurra lantzeko teknika nahiko konplexuekin egina dagoelako, eta bestetik, 7.000 urte inguruko objektu bat delako, Neolitokoa. Hori ere interesgarria da, noizkoa den jakiteko dendrokronologia erabili dutelako. Hau da, egurraren eraztunen irakurketa, eta aurrez ez da inoiz egin hain datazio zaharrik metodo horren bitartez. Antzeko beste bi putzu ere topatu dituzte dagoeneko Txekian, neolitokoak, baina ez hain zaharrak.

Materialen zientziaren ikuspuntutik ere, aurkikuntza aipagarria da, eta egur hori kontserbatzea, erronka handia izango da. Hain zuzen ere, kontserbatu egin da 7.000 urtez uretan sartuta egon delako.

Ur barruan iraun du egurrak, eta lehortzen bada, egitura deformatu eta galdu egingo da. Egurra lantzen dutenek badakite hori: hezetasuna eta beroa erabiltzen dira egurra okertzeko, forma emateko. Eta uretan sartuta iraun duen egurra, lehortzean, deformatu egiten da. Hori gertatzen zaio, esate baterako, San Juan galeoiari, Kanadako Red Bay badian hondoratu zen baleontzi ospetsuari. Galeoiak Kanadan jarraitzen du itsaspean, urpetik ateratzen badute ez baita kontserbatuko. Eta ez da kasu bakarra.

Txekiako egurrezko putzuaren kasu honetan, zientzialariak saiatuko dira lehortzen. Baina horretarako, urpeko kondizioetan mantenduko duen substantzia bat behar dute. Hor dago erronka. Oraingoz, azukre-mota bat ari dira probatzen, egurraren zelulen egiturari eutsiko dion itxaropenarekin.

Aurkikuntza ederra egin dute Txekian. 7.000 urte dituen egur landua. Ezagutzen den zaharrena. Eta hura gordetzea da orain erronka handia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia