‘Fisika Plazara’ partaide beharrean
2000/05/30 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Zientziaren garapena Europan zalantzan dago. Physics on Stage deitutako plan hori hemen Fisika Plazara izenez zabaltzen ari da. Europako puntako teknologia eta ikerketa erakunde hainbatek antolatutako programa da: CERN-ek (Europako partikuletako fisikaren laborategiak), ESA-k (Europako espazio agentziak) eta ESO-k (Europako Hego Hemisferioko behatokiak). Erakunde horiek, gizartera hurbiltzeko dituzten zailtasunak gainditzeko European Asociation for Astronomy Education eta antzerako erakundeen laguntzaz baliatzen dira. Izan ere, hemen Astronomiaren Irakaskuntzarako Elkartearen (AIrE) eskutik jaso dugu informazioa.
Programaren helburu orokorra Europan fisika sustatzea da. Zientziaren inguruko gaiak oro har zailak eta astunak direla zabalduta dago gizartean. Pentsamolde hori pixkanaka hezkuntzaren arloan islatzen ari da. Izan ere, herri aurreratuenetan, Alemanian eta Ingalaterran batez ere, fisika ikasleak asko urritu dira. Eta oraindik gehiago urritzeko joera nabarmena da.
Arazoa larri bihurtu baino lehen, Europa osoan zientzia sustatzea erabaki dute. Zientzialariak behar dira orain eta etorkizunean ere beharko dira. Gaur egungo joera ez bada aldatzen, ikerketak egiteko eta teknologia berriak garatzeko Estatu Batuetara eta Japoniara jo beharko da zientzialari bila. Behar horretatik sortu da aipatu plana.
Plana martxan
Fisika plazara plana Europako hogeita bi estatuetan jarri da martxan. Estatu bakoitzean plana zabaltzeko sei bat pertsonako batzordea sortu da. Egitasmoa zabaltzeko bi ekintza mota prestatu dira. Alde batetik hilabete hauetan komunikabideetan fisikari buruz erruz hitz egingo da. Adibidez, batzordeek gai zientifikoei buruzko hitzaldiak antolatu dituzte. Bestalde, fisikaren zabalkuntzarako ideiak bildu nahi dira txapelketa baten bitartez.
Lehiaketa estatu bakoitzean burutu ondoren, ideiarik onenak CERN-ek Genevan duen egoitzan bilduko dira azaroaren 5etik 10era. Lehiaketa bost ataletan banatuko da, eta antzinako metodoak (erakusketa publikoak, eta abar) zein modernoak (web guneak, bideoak, eta abar) jasotzen dituzte. Edozeinek parte har dezake lehiaketa horretan. Ez da zientzialariei edo irakasleei bakarrik bideratutako aukera, fisikaren hedakuntzarako ideiak dituen edozeinentzat baizik. Hizkuntzaren datua ere aipatu egin behar da. Ingelesez laburpena aurkeztu behar bada ere, Europako edozein hizkuntzatan aurkeztu eta gara daiteke proiektua. Euskaraz ere bai, jakina.
Estatu bakoitzari ordezkari kopuru bat dagokio, biztanleriaren araberako. Euskaldunoi dagokigunez, Espainiako eta Frantziako estatuetan 30 eta 40 lan aukeratuko dira, hurrenez hurren. Lehen fasean parte hartzeko, lanak emateko epea Uztailak 15ean bukatuko da.
Plan horrekin, gainera, herritarrok fisika (eta zientzia orokorra) ezagutu dezakegu. Gaur egungo kultura zientifikoa urria denez esparru hori zabaltzea da xedea. Kaleko jendeari fisika (eta zientzia) interesgarria eta dibertigarria izan daitekeela erakutsi nahi zaio. Teknologiaren esparrua garatzeko fisika ezinbestekoa da.
Hezkuntza galtzen ari dena
Hezkuntza curriculumetan fisikaren garrantzia handiagoa izatea nahi da. Gure gizartean zientziak gero eta hedapen zabalagoa badu ere, gero eta handiagoa da ezjakintasuna. «Pintore ospetsuen maisulanak ez baditugu ezagutzen, lotsatu egiten gara. Zientzialari ospetsuen lanak ez baditugu ezagutzen, ordea, ez» dio Eduardo Zabala AIrE-ko kide eta planaren batzordekideak. «Fisika Europan ondare kulturala da. Esan daiteke literatura baino neurri handiagoan, gainera. Fisika duela lau mende bihurtu zen zientzia».
Eduardo Zabala Ondarroako institutuan irakasle da eta arazoa oso gertutik ezagutzen du. Zientzia baztertzeko joera garbia dagoela dio. «Hezkuntzaren erreformarekin maila zientifikoa asko jaitsi da. Informatika ikasten denean ere, ez da benetan informatika ikasten, aplikazioak erabiltzen baizik. Gainera zientzi alorreko oso klase ordu gutxi ditugu gaur egun».
Lehiaketaren oinarriak honako internet helbideetan daude eskuragarri:
www.ific.uv.es/fa2000
www.estec.esa.nl/outreach/pos
Informazioa, berriz, posta elektroniko honetan eska daiteke:
fisicaenaccion@hotmail.com