Biarritz, Siena, New York eta Le Mont-Saint-Michel. Laurak dira edo izan dira hiriak, baina ez dute elkarren antzik. Egoera eta inguru ezberdinetan sortutakoak dira, eta, nahiz eta lauretan jendea elkartu zen, helburu ezberdinekin sortu ziren seguru asko. Izan ere, ez dago hiri-kontzeptu bakarra; bizileku bat hiria den edo ez bereiztea erraza da, baina zaila da hiri guztientzat balio duen definizio bat ematea.
Abantaila non, hiria han
2005/11/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)
Parisii izeneko tribu zelta batek Sena ibaiaren uharte txiki batean kokatu zuen bizilekua K. a. III. mendean, gutxi gorabehera. Uharte hartan bizitzeak abantaila asko zituen: babesleku aparta zen, inguru oparoan zegoen, eta, zubien bitartez, merkatua eta bidaiariak kontrolatzeko toki ezin hobea zen. Horregatik, uharte hura hiri baten jatorria da. La Cité izena du uharteak, hain zuzen, eta, jakina, Paris da hiria.
Eta Paris adibide bat besterik ez da. Sedentario bilakatu zenetik bilatu ditu gizakiak bizitzeko toki egokiak, abantailarik dakarkioten lekuak. Toki horietan hazi da populazioa eta eratu dira hiriak. Uharte, badia edo muino baten babesa, ibai baten ondoan egotea, delta baten oparotasuna, lur emankorra lantzeko aukera izatea edo beste nolabaiteko abantailaren bat, edozein dela ere: abantailak dituzten tokietan pilatu da jendea, nahiz eta arriskutsuak izan batzuk.
Mexiko Hiria, esate baterako, sumendien arteko lautada batean eraiki zuten. Sumendien mehatxuari kontrajartzeagatik edo, lakuz betetako lautada bolkaniko (eta, beraz, emankor) batean bizi ziren. Beste adibide bat (gaur-gaurkoa, gainera) New Orleans da. Mississippi ibaiaren deltari esker, ziurtatua zuen emankortasuna inguru osoak. Baina toki arriskutsuak dira deltak. Hiria eraiki zuten garaian, ez zen trinkoa haren zorua; denborarekin, hiriaren pisuak zapaldu egin du zorua, eta zati handi bat itsasoaren mailatik behera geratu da. Uholde-arriskua handia da, beraz.
Hiri bertikalaren eredua oso argia da bi adibide hauetan. Eredu horri esker, Singapurren (goian) eta Hong Kongen (behean) lagun asko bizi dira oso azalera txikian.
(Argazkia: M. Ozak; Walldaperwordl)
New Orleanseko kasua nabarmena da orain, baina denborak edozein hiri aldatzen du. Eta hiriak ingurua aldatzen du. Noski, Mexiko hiriak aspaldian agortu zituen sumendien arteko lautaden baliabideak, Parisek aspaldian gainditu zuen La Cité uhartea eta beste nolabait babestu eta hornitu behar izan zituen biztanleak, eta, New Orleansen, uraren kanalizazioak suntsitu egin zuen deltaren jatorrizko aberastasuna, baita uholde-arrisku handia sortu ere.
Ez ote zegoen iragartzerik arrisku eta ingurumen-arazo horiek? Jakina, iragar daitezke, baina oso zaila da horren aurkako neurri eraginkorrak hartzea. Azken batean, populazioaren aldaketen ondorio izaten da hirien bilakaera. Edozein delarik ere arrazoia, hirien joera orokorra haztea izaten da. Zenbat eta jende gehiago bizi hirian, orduan eta zailagoa da ingurumena zaintzea eta erabaki okerrak zuzentzea. Esate baterako, Mexiko Hiriko hogei milioi biztanleen bizimodua (eta bizilekua) aldatzea oso zaila da. Baita hiriak ingurumenean duen eragina ere.
Bertikala edo horizontala
Dena dela, hirien hazkuntza bidera daiteke, nola edo hala. Batez ere, eraikinen tamaina -populazioaren kontzentrazioa, beraz- planifika daiteke.
Hiri batzuk gorantz hazi dira; beste batzuk zabaletara. Goraka haztearen abantaila da jende asko bizi daitekeela eraikitzeko azalera txikia duten tokietan. Eraikitzeko zailtasun handiak eta segurtasun-arazoak sortzen ditu, ordea, hazkunde-mota horrek. Bigarren aukera -zabaletara haztea- seguruagoa da, baina azalera handia eskatzen du, baita hiriaren baliabideak alde guztietara iristeko oso garraio-sare eraginkorra ere.
Detroit. Ipar Amerikako hiri-kontzeptuaren adibidea. Downtown izeneko gunean oso eraikin altuak daude; gune finantzario eta administratiboa da. Populazioaren etxebizitzak, ordea, familia bakarreko eraikin txikiak dira eta inguruan barreiatuta daude.
BAY13
Euskal Herrian bertan ditugu bi eredu horiek. Hegoaldeko eta Iparraldeko herrietan nabari da kontraste hori. Hegoaldeko etxeak altuagoak dira, eta jende asko pilatzen da toki txikietan; Iparraldean, aldiz, askoz sakabanatuago bizi da jendea. Dena dela, ez bata ez bestea ez dira bi eredu horien muturreko adibideak.
Los Angeles, Detroit edo Minneapolis ditugu hiri horizontalaren eredu, esate baterako. Izan ere, Ipar Amerikako hiri-kontzeptua da hangoa: bulegoak eta administrazioa, hiriaren erdigunean, eraikin erraldoietan, downtown delakoan; biztanleak, aldiz, etxe txikietan bizi dira, lurralde oso zabalean. Hong Kong eta Singapur dira, aitzitik, hiri bertikalen adibide ikusgarrienak. Uharteetan daude bi hiri horiek, eta eraikitzeko tokirik ezean, eraikin handiak egiten dituzte (batzuetan, ur gainean flotatzen duten etxeak).
Eta hiri oso bat eraikin bakar batean sartuko bagenu? Horrelako proiektuak ere plazaratu dira, baina proiektu hutsean geratu dira. Zorionez, akaso.
Non eraiki zituzten euskal hiriburuak?
Adituen ustez, Maule da euskal hiriburuetatik zaharrena. Historiaurreko gotorleku bat zegoen tokian eraiki zuten, muino baten babesean. Gotorleku horren gainean gaztelu bat eriki zuten, eta haren inguruan hazi zen hiria.
Iruñea ere ez da atzo goizekoa. Badira erromatarrak etorri aurreko aztarnak. Geroago, K.a. 75-74 urteko negua pasatzeko 'Ponpaelo' hiria egin zuten Ponpeioren tropek. Muino baten inguruan eraiki zuten hiria.
(Argazkia: E. Imaz)
Beste bi hiribururen lehen aipamenak ere Kristo aurreko I. mendekoak dira. Bilbo autrigoien portu bat izan zen, eta erromatarrek ere erabili zuten. Baiona erromatarren kanpamentu bat izan zen garai hartan. Toki egokia zen, itsaso ondoan zegoelako, eta bi ibai elkartzen zirelako gune hartan, Aturri eta Errobi ibaiak, hain zuzen ere.
Erdi Arokoak dira beste hiru hiriburuei buruzko lehen aipamenak. Donibane Garazi Amikuze lurraldearen hiriburua zen. Arnegi eta Beherobia ibaien elkargunean eraiki zuten. Donostiari buruzko lehen aipamena, berriz, Antigua auzoko monasterio batena da. Arrantza-portua Kontxa badiaren beste aldean egin zuten, eta badiaren babesean hazi zen hiria. Azkenik, 1025. urtekoa da Gasteizi buruzko lehen aipamena. Muino baten babesean -leku ezin hobea hiria eraikitzeko- egin zuten.
Ezerezetik sortutako hiriburuak
Washington
Estatu Batuek independentzia lortu zutenean, Kongresu bat egin zuten. Herrialde berriaren hiriburuan egin behar zuten Kongresua, baina ez zen lantegi erraza hiriburua zein zen erabakitzea. Independentzia Gerran, hiririk hiri ibili zen hiriburua; Kongresua, berriz, New Yorken eta Philadelphian egon zen, besteak beste.
Eztabaida-iturri bihurtu zen hiriburuarena: zergatik egon behar zuen hiriburuak estatu honetan eta ez hango hartan? Zer estatutan egon behar zuen?
Laster erabaki zuten eremu neutral bat sortzea zutela onena, hiri bat hutsetik sortzea. Virginia eta Maryland estatuek eman zuten horretarako lurra, eta Potomac ibaiaren bokalean hiri bat eraiki zuten 1793an. Horrela sortu zen Washington; hiriburua izan da (eta da) harrezkero, eta han egon da (eta dago) Kongresua.
Brasilia
Estatu-federazioa da Brasil, eta Estatu Batuen arazo berbera izan zuen XIX. mendearen hasieran: hiriburu bat behar zuen, federazioko estatu guztietatik independentea.
1823an, Jose Bonifacio politikariak etorkizuneko hiriburuari 'Brasilia' izena jartzea proposatu zuen. Baina Bonifaciok ez zuen erabaki non kokatu hiri berria. Diotenez, 1883an Dom Bosco santu italiarrak izandako amets batek erabaki zuen auzia: hamabosgarren paraleloaren inguruan sakonune baten azpiko lurra oso emankorra dela esan omen zion ahots batek Dom Boscori ametsetan.
Brasiliako ministerioen ingurua, eraiki zuten garaian (goian) eta gaur egun (behean).
(Argazkia: DF artxibo publikoa; A. Areal)
Ametsak amets eta kondairak kondaira, toki hartan eraiki zuten Brasilia. 1957an hasi ziren lanak, eta 1960an inauguratu zuten hiriburua. Gaur egun, bi milioi biztanle ditu Brasiliak.
Camberra
Australiako Ngunnawal herriko tribuetako jendea oso toki berezira joaten zen elkartu nahi zuenean. Hego-ekialdean zegoen tokia, gaur Sidney dagoen tokitik 240 kilometrora. Elkargune egokia zen, sits jangarri baten kolonia handiak baitzeuden inguru hartan. Hain zuzen ere, toki hura aukeratu zuten australiarrek hiriburua eraikitzeko. Camberra hitzak 'elkargunea' esan nahi du.
Islamabad
1958. urtean erabaki zuten Pakistanen hiriburu bat eraikitzea. Hamaika urte lehenago independentzia lortu zutenetik, Karachi izan zen hiriburua, estatu osoko hiririk handiena eta portua zuen bakarra baitzen. Baina Karachi beste gune garrantzitsuetatik urruti zegoen, eta oso klima gogorra zuen.
Islamabad eraikitzeko aukeratu zuten ingurua Rapalwindi hiritik gertu dago. Besteak beste, armadaren egoitza nagusia zegoen Rawalpindin, eta, gainera, klima epeleko ingurua da.
Enpresa greko batek egin zuen hiriaren planifikazioa. Triangelu-itxurako hiria da, eta kaleak sareta gisa antolatuta ditu. Uste zuten hiria zabaldu egingo zela, beharbada, Rawalpindi bera barneratu arte.
Europar hiria
(Argazkia: Artxibokoa)
'Europar hiria' kontzeptuak bi oinarri argi ditu. Alde batetik, erromatarren hirien eredua dago, bake-garaian hedatutako hiriena alegia. Oso handiak ziren hiri haietako batzuk (Erromak berak milioi bat biztanle izan zituen), eta erromatarren teknologiaz hornituta zeuden. Beste alde batetik, Erdi Aroko hiria da oinarrizkoa Europan. Gotorleku edo babeslekuren baten inguruan eraikitakoak dira asko. Horrelako hiri-motari burg deitzen zioten Erdialdeko Europan. Hirien izenetan iritsi zaigu hitz hori, hizkuntza askotan gainera (suedieraz, Goteborg; ingelesez, Scarborough; alemanez, Freiburg; gaztelaniaz, Burgo de Osma...).
Roa Zubia, Guillermo
3
214
2005
11
032
Ingurumena
Dosierra
18