Abeltzainei lana erraztuko dien sistema
2003/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Barakaldoko INKOA enpresak animaliak identifikatzeko sistema elektroniko adimentsu bat garatu du. Teknologia horrek ganadu-ustiategietan, hiltegietan, haragia zatitzerakoan eta haragiki-industrietan prozesuak on line automatizatzeko aukera ematen du.
Sistema teknologia mikroelektrikoan oinarritzen da, iraunkorra, zehatza eta ziurra da eta animalia katearen edo kontrolaren edozein puntutan identifikatzeko aukera ematen du. Teknologia horrek hainbat elementu ditu: identifikatzaile elektronikoak, (transponderrak, adibidez, errumen-bolo bat, belarritako bat edo larruazalpeko tag bat) irakurgailu bat, datuak tratatzeko software bat eta automatizazio eta kontrol-sistemak.
Sistema honekin irakurketa-akatsak, transkripzio-akatsak eta informazio-galera saihesten dira, eta kontrol-lanak arindu. Bestalde, datuak azkarrago transmititzea, eta ganadu-ustiategiak zein haragiki-industria informatizatzea, kontrolatzea eta automatizatzea ahalbidetzen du.
Horrez gain, IDELAN identifikazio elektronikoari, automatizazioari eta kontrol-sistemei esker jasotzen den informazio guztia Internet bidez ikus eta kudea daiteke. Era horretan, bezeroek eta hainbat erakundek informazioa era automatikoan jasotzeko aukera dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia