}

Abeltzainei lana erraztuko dien sistema

2003/05/29 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

INKOA enpresak animaliak identifikatzeko sistema elektroniko adimentsu bat garatu du. Tresna berri horrek ez du gaur egun animaliak eta haragikiak identifikatzeko erabiltzen diren sistemen akatsik. Horrez gain, teknologia horrek ganadu-ustiategietan, hiltegietan, haragia zatitzerakoan eta haragiki-industrietan prozesuak online automatizatzeko aukera ematen du.

IDELAN animalien identifikazio elektronikoak ganadu-ustiategien eta haragiki-industrien prozesuen kontrol eta kudeaketa automatizatua egiteko aukera ematen du. Hori guztia animaliei eta produktuei buruzko informazioa automatikoki bilduaz lortzen dute. Sistema horrek, beraz, hainbat abantaila ditu, besteak beste, kudeaketan, segurtasun eta azkartasunean, informazioaren erabilgarritasunean eta prozesuen automatizazioan.

Mota horretako sistemek, hau da, teknologia mikroelektrikoan oinarriturikoek, identifikazio-sistema iraunkor, zehatz eta ziur bat izan ohi dute eta animalia katearen edo kontrolaren edozein puntutan identifikatzeko aukera ematen dute. Teknologia horrek hainbat elementu ditu: identifikatzaile elektronikoak (transponderrak, adibidez, errumen-bolo bat, belarritako bat edo larruazalpeko tag bat), irakurgailu bat, datuak tratatzeko software bat eta automatizazio- eta kontrol-sistemak. Sistema horiek hanbait aplikazio izan ditzakete eta denak bezero bakoitzaren beharretara moldatzen dira.

Identifikazio elektronikoaren abantailak

Teknologia honek irakurketa- eta transkripzio-akatsak ekiditen ditu, informazio-galera sahiesten du eta kontrol-lanak arintzen ditu. Bestalde, datuen transmisioa azkartu eta ganadu-ustiategietan eta haragiki-industrietan informatizazioa, kontrola eta automatizazioa ahalbidetzen ditu.

Horrez gain, IDELAN identifikazio elektronikoari, automatizazioari eta kontrol-sistemei esker jasotzen den informazio guztia Internet bidez ikus eta kudea daiteke. Era horretan, bezeroek eta hainbat erakundek informazioa era automatikoan jasotzeko aukera dute.

Jarraipen elektronikoa

IDELAN animaliak identifikatzeko sistema elektronikoa.

Identifikazio elektronikoak produkzio-kate osoan haragikien historia automatikoki eskuratzeko aukera eskaintzen du, abeltzaintzako ustiategitik salmentaguneraino.

INKOA enpresak garaturiko sistemak datu-base orokorrak kudeatzen ditu. Bertan, animalia bakoitzaren bizitza osoari buruzko informazioa bildu eta gordetzen da, besteak beste: animalia bakoitzaren sexua, adina, gaitasuna, alta-data, lote-zenbakia, ustiategiaren kodea, arraza, salerosketa-datak, hiltegira irteera... eta abar.

Teknologia honek automatizaturiko kudeaketa- eta kontrol-modulu ezberdinak ditu:

  • Ganadu-ustiategietan: multzokako sailkapenak, elikaduraren dosifikazio automatikoak, errendimenduen kontrolak, ustiategi batetik besterako mugimenduak, historia klinikoaren eta osasun-historiaren erregistro automatikoak eta abar egiten dira.
  • Hiltegian, haragia zatitzerakoan eta banaketan: kanalen eta haragi-zatiketaren identifikazio eta sailkapen automatikoak, biltegiratzearen eta garraioaren kontrolak, ekoizpen-partiden kontrolak eta abar egiten dira.

Hainbat aplikazio

Teknologia honek hainbat lan errazten ditu, adibidez: animalien sailkapen automatikoa, erditzeen kudeaketa, elikagaien kontrola, saneamendu-kanpainak, ugalketen kudeaketa, hazi-jartzea eta esnearen kontrola.

Identifikazio elektronikoan oinarrituriko esnearen kontrolean, adibidez, prozesua arinagoa da eta animalien identifikazio-lanetan eta laginetan gertatzen diren akatsak ekiditen dira. Aplikazio honi esker, une batetik bestera hainbat informazio ekura dezakegu: ustiategi baten ekoizpenaren gorakadak, mamitisaren detekzioa, arbasoen balorazio genetikoa eta laginen edo eginiko analisien jarraipena.

Horrez gain, aplikazioak esne-laginen etiketak jartzeko eta azken horiek identifikatzeko programa berezi bat du. Sistema hori, batik bat, ekoizleen elkarteei, hobekuntza genetikorako planei eta abeltzainei zuzendurik dago, esne-ekoizpena optimizatzeko.

Helburu horrekin, elikagaien kontrol automatikoak animalia bakoitzak jan beharrekoa automatikoki ematen du. Sistema horrek bi aplikazio ditu: batetik, pisua eta ekoizpena kontrolatuz etekin handiena lortzeko elikadura indibiduala (elikagaiak dosifikaturik eta ordu jakin batzuetan ematen zaizkie abereei); bestetik, multzoka eginiko elikadura, hau da, multzo birtual edo fisiko bakoitzari elikagai-mota bat eta dosi jakin bat ematea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia