}

Abelzaintza: hazkundearen hormonak kaltegarriak dira gizakiarentzat

2002/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Europako Batasuneko Zientzia Batzordeak, 17 ikerketa berriro aztertu ondoren, hala adierazi du: abelgorriaren hazkuntzarako hormonak erabiltzea kaltegarria izan daiteke kontsumitzailearentzat.

Gai horren inguruan iritzia ematen duen hirugarren aldia da, eta 1999an eta 2000. urtean adierazitakoa berretsi du. Izan ere, Europako Batasunak abelazkuntzan erabiltzen ziren sei hormona debekatu zituen 1998an (17 beta oestradiola, progesterona, testosterona, zeranola, trenbolona azetatoa eta melengestrol azetatoa). Debekua, gainera, Europako Batasunetik kanpoko herrialdeei ere ezarri zitzaien. Munduko Merkataritza Erakundeak (MME), ordea, zalantzan jarri zituen debekua ezartzeko eman ziren arrazoi zientifikoak, eta AEBek eta Kanadak neurri hori hartu izana salatu zuten MMEn.

Hori dela eta, Zientzia Batzordeak berriro aztertu ditu azken 17 ikerketen emaitzak; batez ere, sei hormona horien eta beren metabolitoen alderdi toxikologikoak, balizko gehiegikeriak, kontrol-arazoak eta ingurumenean eragiten dituzten kalteak ikertu dituzte.

Ikerketetan nabarmen gelditu da hormona horiek gantz-ehunetan pilatzen direla, eta ondo frogatuta gelditu da, adibidez, 17 beta oestradiolak geneak kaltetu eta mutazioak sortzen dituela. Bestalde, zeranolak, trenbolona azetatoak eta melengestrol azetatoak eraldatu eta beste substantzia batzuk ematen dituzte. Halaber, azterketak egin dituzte jaio aurretik edo txikitan hormona horiekin kontaktuan jarriz gero minbizia eragiteko arriskua duten ala ez ikusteko, horren susmoa baitago.

Hori guztia kontuan hartuta, Europako Batasunak lehen hartutako erabakiak berretsi ditu; hortaz, 17 beta oestradiola erabiltzea guztiz debekatuta dago, eta besteek ikertze-fasean jarraitzen dute, balitekeelako zenbait kasu berezitan baimentzea, esaterako, helburu terapeutikoekin edo zooteknikoekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia