Abiaduraren aroan, barraskiloen abiaduran
2008/07/15 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Gero eta gehiago garatzen ari da teknologia, eta teknologia horrek erlojuaren kontra bizitzera bultzatzen gaitu. Bada, jendeak teknologiak nola funtzionatzen duen ikusteko denbora hartzea bultzatzeko slow art edo arte geldoa deritzon proiektua jarri dute martxan Erresuma Batuko Bournemouth Unibertsitatean. Besteak beste, sistema bat asmatu dute mezu elektronikoak barraskiloen abiaduran bidaltzeko: Real Snail Mail izena jarri diote, Benetako Barraskilo Posta. Abuztuan aurkeztuko dute ofizialki, Los Angelesen infografiaren eta teknika elkarreragileen inguruan egingo duten nazioarteko biltzar eta erakustaldi batean. Hala ere, jadanik erabilgarri dago horretarako sortu duten web gunean.
Hori bai, erabiltzen duenak sakelak pazientziaz bete beharko ditu, mezu elektronikoak, bat-batean iritsi ordez, egunak, asteak edota hilabeteak beharko baititu. Izenak berak adierazten duenez, benetako barraskilo batzuk dira bide horretatik bidalitako posta elektronikoak helmugara iritsarazteko ardura dutenak; Muriel, Austin eta Cecil izeneko barraskiloak, hain zuzen.
Barraskilo ‘postariak’
Barraskilook edukiontzi batean dituzte, eta edukiontzi hori mezu elektronikoak egin beharreko bidearen erdian dago. Hortaz, posta elektroniko berezi horrek, ohiko bidea egin beharrean, etenaldi bat egiten du barraskiloen edukiontzian.
Barraskiloen lana mezuak etenaldi hori gainditzea da, ohiko bideari berriz heldu ahal izateko. Horretarako, txip bana jarri diete barraskiloei. Txipek inguruko irakurgailu elektronikoekin informazioa trukatzen dute. Baldintza bakarra da elkarrengandik oso hurbil egon behar dutela txipak eta irakurgailuak. Hortaz, barraskiloen esku egongo da mezuak lehenago edo geroago iristea.
Lehenengo, aurrera egin ezinik gelditu den irakurgailu elektrikora hurbildu behar du barraskilo batek, irakurgailu horrek baitu mezua. Jakina, barraskiloek ez dakite hori; beraz, zoriz iritsi arte egon behar du zain mezuak. Hurbildutakoan, seinalea irakurgailutik barraskiloaren txipera pasatuko da.
Egin beharreko bidearen erdia egina izango luke mezuak orduan. Hurrengo pausoan, txipean daraman informazioa jasoko duen irakurgailuraino hurbildu behar du barraskiloak; berriz ere zoriz, noski. Iritsitakoan, orduan bai, soinean duen mezua irakurgailu horretara pasatu, eta ohiko bideari ekingo lioke berriz mezuak, dagokion helbidera iritsi arte.
Helburua, bizimodu lasaia
Esan bezala, slow art proiektuaren zati bat da sinbologiaz betetako sistema hori. Ez da gaur egun nagusi den bizimodu azkarrari aurre egiteko sortu den mugimendu bakarra, ezta lehena ere. Lehenengoa 1986. urtean sortu zuten; slow food izena jarri zioten, otordu lasterrak (edo ingelesez fast food delakoak) bultzatzen duen ideiaren kontrakoa sustatu nahi zutelako. Harrezkero, slow aurrizkidun mugimendu asko atera dira; hala nola slow life (bizimodu geldoa) eta slow city (hiriotan ez dira 20 km/h-ko abiaduratik gora ibiltzen, paseatzeko berdegune asko dituzte, ez dute publizitate-iragarkirik eta abar). Ezetz asmatu zein den mugimendu horien ikurra? Barraskiloa, zein bestela?
Deia -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia