}

Abian da Zientzia eta Teknologiaren Astea

2006/11/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzia eta Teknologiaren Astea dela eta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak, Saretekek, ekitaldi asko eta interesgarriak antolatu ditu EAEn: erakusketak, zinema-emanaldiak, bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak... Horren guztiaren bidez, zientzia- eta teknologia-gaiak jendearengana hurbiltzea nahi dute. Eta ekitaldietan parte hartzen ari den jende-kopuruari begira, esan daiteke bide onetik doazela aurten.
Saretekek antolatzen du Zientzia eta Teknologiaren Astea EAEn.

Adibidez, Bilboko EHUren Esperientziaren Geletan egin zen mahai-inguruan, aretoa txiki geratu zen jende guztia hartzeko. Ezin da ukatu gaiaren erakargarritasuna: Misterioak zientziaren argitan . Besteak beste, estralurtarrak, yetia eta halako izaki bitxiak, eta garta-denborak izan zituzten hizpide.

Zer iritzi du zientziak horiei buruz? Hizlari guztiek bat egin zuten: zientziaren ikuspuntutik, ez dute inolako sinesgarritasunik. Hasteko, estralurtarrei buruz aritu zen Agustin Sanchez-Lavega astrofisikaria. Aitortu zuenez, zentzuzkoa da Lur planetatik kanpo ere bizia egon daitekeela pentsatzea, unibertsoa oso handia baita eta galaxia ugari baitaude. Baina argi utzi zuen bizi estralurtarra topatzeko egin diren saiakera guztiak antzuak izan direla oraingoz.

Lekuko ugari, baina frogarik ez

Pioneer 1 eta Pioneer 2 ontzietan espaizora bidalitako plakak.

Han eta hemen, eta garai batzuetan besteetan baino gehiago, estralurtarren bat edo objektu hegalari bat ikusi dutela esaten duten pertsonak azaltzen dira. Baina gehienetan ez dute frogarik izaten, eta izan dituztenetan faltsuak zirela frogatu dute zientzialariek. Sanchez-Lavegaren esanean, horrelako kasuak ez lituzkete astronomoek aztertu beharko, baizik eta soziologoek, psikiatrek, edo, batzuetan, epaileek, “jendeari iruzur egiteagatik”.

Nolanahi ere, zientzialariek ez dute erabat baztertzen nonbait bizi estralurtarra egon daitekeen ideia. Hala, bizia sortzeko zer behar den azaldu zuen, eta zergatik badagoen bizia Lurrean eta ez, ordea, Artizarrean eta Marten. Bukatzeko, Pioneer 1 eta eta Pioneer 2 espazio-ontzietan espaziora bidalitako plakak noizbait norbaitek aurkituko dituelako itxaropena ez duela galdu nahi aipatu zuen Sanchez-Lavegak.

Nessie, yetia eta beste zenbait

Nessieren argazkia iruzur hutsa zela aitortu zuen egileak.

Astrofisikariaren ondoren, Eduardo Angulo biologoak hartu zuen hitza, eta kriptozoologiaz aritu zen. Existitzen omen diren, baina badirela frogatu ez den eta zientziak onartzen ez dituen izakiak aztertzen ditu kriptozoologiak, hala nola Nessie , yetiak...

Anguloren hitzaldia benetan umoretsua izan zen. Izaki horietako bakoitza hartu, haiei buruz lekukoek aurkeztutako frogak erakutsi, eta gero froga horiek iruzur hutsa zirela azaldu zuen Angulok.

Adibidez, Ness aintzirako izaki misteriotsuaren argazki ezagunenetako bat zirujau batek atera zuen, 1934an. Bueno, berez ez omen zen zirujaua, ginekologoa baizik. Baina, nonbait, zirujauek ospe handiagoa zuten garai haietan, eta argazkilaria zirujaua zela zabaldu zuten. Bata ala bestea izan, ez du axola, gezurti hutsa baitzen: irudian oinarritutako kalkuluen arabera 30 m inguru neurtzen omen zuen munstro hura 30 cm-ko panpinatxoa zela aitortu zuen argazkilariak hil aurretik, 1990eko hamarkadan.

Nessieren kasuan bezala, beste guztietan ere, frogak faltsuak zirela edo fenomeno naturalek sortuak zirela erakutsi zuten zientzialariek. Alegia, kriptozoologiak izen serioa duen arren, ez dela oso serioa.

Eguraldi-iragarpen magikoak

Angulo baino serioago aritu zen hurrengo hizlaria, Jon Saenz fisikaria. Klimatologian aditua da, eta ez zaio egokia iruditzen garta-denborak eta meteorologia maila berean azaltzea komunikabideetan.

Besteak beste, sateliteek hartutako irudietan oinarritzen dira metereologoak iragarpenak egiteko.

Jon Saenzen esanean, “neurri batean ulertzekoa da garta-denboren gaineko interesa”. Balio antropologikoa eta kulturala dute, baina egun horietan egindako eguraldi-iragarpenek ez dute inolako oinarri zientifikorik.

Eguraldi-iragarpena nola egiten den azaldu zuen Jon Saenzek, eta argitu zuen zergatik ez duten balio une batean puntu batean egiten diren iragarpenek, are gutxiago epea hain luzea izanda (90 egun, alajaina). Azalpen batzuk nahiko teknikoak baziren ere, jendeak gustura entzun zituen azalpenak, eta barre-algara bat baino gehiago ere entzun zen aretoan.

Jon Saenzen txandan ez ezik, irribarrea kendu ezinik egon ziren entzuleetako asko Mauricio Jose Schwarz kazetaria aritu zenean ere. Kazetaria sinesmenez eta pentsamendu kritikoaz aritu zen. Amaitzeko, aipatutako kontuei buruzko mahai-ingurua egin zuten, Felix Goñi biofisikariarekin eta Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektorearekin.

Eta hau ekitaldi bat besterik ez da izan; askoz gehiago daude aste osoan zehar. Ez galdu aukera!