}

Adan de Yarza markesak laga zigun ondarea: pinu-landaketa eta Euskal Herriko hegazti-komunitateak

1997/03/01 Sarasua Aranberri, Asier - Biologoa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mario Adan de Yarza Markesari ez zitzaion batere gustatu 1877ko goiz hartan entzun zuena: Foru Aldundia disolbatzeko agindua emana zen Madrildik. Azken karlistadaren ondorioak ziren horiek eta 31 urte lehenago Bilbon jaiotako abokatu eta politikari gaztea lan barik geratu zen egun batetik bestera. Ez dirudi, dena den, larregi larritu zenik eta liburuak, legeak eta idazki ofizialak alde batera utzita, gehien gustatzen zitzaiona egiteko aukera aproposa ikusi zuen. Egun horretatik aurrera, nekazaritzan eta basogintzan murgildu zen erabat, Europan eta Ameriketan zehar hainbat leku ezagutuz eta herrialde bakoitzean erabiltzen zituzten nekazaritza teknikak eta baso-birlandaketak aztertuz.
J. Larrañaga
.

Adan de Yarzak ekarri zuen bazka-erremolatxa gurera, baita nekazaritza-modu berriak ere. Baina batez ere birlandaketen bultzatzaile amorratua izan zen. Munduko txoko urrunetan aurkitutako espezie asko eta asko probatu zituen Bizkaia aldean, etekinik handiena zeinek emango bila. Hiru ziren bere zuhaitz kutunenak, Pinus hamiltonii, Cupressus macrocarpa eta guztien artean maiteena, Pinus insignis .

Garrapoa ( Sitta europaea ). (J.R. Aihartza).

Lekeitioko Zubietarren lurretan landatu zituen lehen aleak eta berehala ohartu zen Kaliforniako pinu hura ezin hobeto moldatzen zela Bizkaiko eta Gipuzkoako baldintza berezietara. “ Hau da hau zuhaitz zoragarria! Etorkizuna pinuan dago ” pentsatu omen zuen markesak. 1920an hil zenean, ez zekien berak ekarritako konifero berriak nolako aldaketa eragingo zuen Euskal Herriko paisajean, ekonomian, mendien egituran eta ekologian.

Euskal Herria, txikia izanik ere, baso aldetik oso leku aberatsa izan da beti. Kostaldetik aldenduz gero, klima ozeanikotik kontinental-mediterranearrera pasatzen gara oso kilometro gutxitan. Horri, bertoko orografia menditsua eta irregularra gehitzen baldin badiogu, erraz ulertuko dugu hain lurralde ñimiñoan hainbeste zuhaitz-mota aurkitzea.

Pagoak ( Fagus Sylvatica ). (I.X.I.)
.

Bost izan dira historikoki gure baso nagusiak; erreka-zoko eta ainube heze eta ilunetan haltzak ( Alnus glutinosa ) hazten ziren; mendi inguruetan eguraldi hotzera hobeto moldatu diren pagoak ( Fagus sylvatica ); artadiak ( Quercus ilex ) leku latz, lehor eta harritsuetara mugatuta geratu ziren; eta gainerako guztia, erreka bazterretatik hasi eta 500 metrotik gora zeuden pagadietaraino, hau da, Euskal Herria ia osoa, gaztainadiz ( Castane sativa ) eta hariztiz ( Quercus robur ) estalita zegoen. Horiez gain, ezin ahaztu gaur egun banaka azaldu arren, garai batean benetako zuhaizti eta basoak osatzen zituzten beste hainbat, ezkiak, zumarrak, haginak edo urkiak, besteak beste. Horren lekuko dira Zumarraga, Sarasketa, Erkiaga, Aginaga, Lizardi eta beste hamaika euskal toponimo, izen eta abizen.

Artadia ( Quercus ilex ). (I. Elosegi).

Duela 3.000-5.000 urte abeltzaintza eta nekazaritza agertzeak, jakina, eragin zuzena izan zuen. Erreka eta baserrietako inguruak zuhaitzez garbitu behar izan ziren, laboreak erein eta abereentzat zelaiak eduki ahal izateko, baina mendetan zehar nolabaiteko oreka gorde zen. Beheko aldea, haranak, landaketa eta zelaientzat gordetzen zen, mendi-tontorrak (Gorbeia, Urbia, Pirinioak, eta abar) udan abereek bazka zezaten eta beste guztia, mendi izenaz ezagutzen zena, baso edo oihanez estalita zegoen; ehizarako eta egurretarako erabiltzen ziren inguru horiek.

Gaztainondoa (C astane Sativa ). (I.X.I.)
.

XVl. mendetik aurrera egoera zertxobait aldatzen hasi zen. Untziak eta etxeak egiteko gero eta zur gehiago behar zen eta burdinolek ere zura anitz erretzen dute. Dena dela, oraindik basoen erabilera selektiboa egiten zen; etorkizunean pentsatuz, basoak babesteko ordenantzak ere agertu ziren herri gehienetan. Dominique Behety abade zuberotarrak laga zigun XVII. mendean Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko oihanak babesteko onartu ziren legeen berri (ikus beheko laukia).

Ordenantzak ordenantza eta legeak lege, pittinka basoak murrizten hasi ziren mende horietan. Haritzak eta gaztainondoak izan ziren kaltetuenak, herrietatik hurbil egoteaz gain, zura ona eta gogorra baitute. Hala ere, XIX. mendearen amaierara arte Euskal Herriko basoak itxurazkoak ziren. Herri eta zelaiek gero eta lur gehiago jan zioten ordurako basoari, baina oraindik ere zuhaizti ederrez daude apainduta gure mendiak eta bailarak. Harizti eta pagadiez gain, gaur egun erabat desagertuta dauden lizardiak, ezkidiak eta zumardiak agertzen dira garaiko paperetan.

“… Minichtruak egin zian hareki batian oihanen zañtzeko lege parrasta bat. Bi züahñ suerte berheziki nahi zütian ahal bezañ untsa zañthu: haitcha eta gaztañatzia. Manhatü zian zühañ ondo bat egochten zianari legar baten phakatzia eta beste bi haitchen edo gaztañatzen lanthatzia. Baimenareki zühañ bat muzten zianak etzian legarrik phakatzeko, bena behar zian harek ere bi gaztañatze edo bi haitc lanthatü…”.

Dominique Behety


Hariztia ( Quercus robur ). (X. Lizaur).

Azken ehun urteotan, ordea, aldaketa izugarria jasan dute gure mendiek. Joan zen mendeko desamortizazioek, Lehen Mundu Gerrak, oidioa eta antzeko izurriteek eta hazkunde demografikoak kalte demasa egin zieten basoei eta, zaintzen ez zirenez, ordura arte errentagarriak ziren basoak balioa galtzen hasi ziren.

Sasoi horretan gero eta zur gehiago behar zen, baina gero eta gutxiago zaindu eta birlandatzen ziren basoak.

Bost izan dira historikoki gure baso nagusiak; erreka-zoko eta ainube heze eta ilunetan haltzak hazten ziren; mendi inguru eta eguraldi hotzera hobeto moldatu ziren pagoak; artadiak leku latz, lehor eta harritsuetara mugatuta geratu ziren; eta gainerako guztia, gaztainadiz eta hariztiz estalita zegoen.

Eta horixe da Adan de Yarzak iragan mendearen amaieran aurkitu zuen egoera: zura behar da eta ahal bezain azkar, gainera. Kanpotik ekarritako zuhaitzekin birlandaketak egiteko une ezin hobea zen, beraz. Horrela, mendearen hasieran makaltzen hasitako basoek azken ukitutxoa jaso zuten pinuaren etorrerarekin, administrazioak eta baserritarren elkarteek pinu-landaketak bultzatu baitituzte mende osoan zehar (1. taula).

Mendearen hasieran sartzen hasi zirenetik hona, pinuak eta bestelako koniferoak etengabe birlandatu dira Euskal Herriko kostaldean, gaur egungo egoerara heldu arte. 1986ko baso-erroldaren arabera, konifero-landaketek basoen % 70 baino gehiago estaltzen zuten Gipuzkoan eta Bizkaian. Bertoko basoak % 29 besterik ez dira Gipuzkoan eta are gutxiago Bizkaian, % 23, hain zuzen. Gainera, bertoko basoetatik gehienak pagadiak dira eta harizti-gaztainadiek % 3 besterik ez dute osatzen. Garbi dago, beraz, pinu-landaketek gehien kaltetu dituen zuhaizti-motak zeintzuk diren; garai batean harizti eta gaztainadiek estaltzen zituzten gure lurraldeak, gaur egun pinuak bereganatu ditu.

Araba Bizkaia Gipuzkoa Hektareak guztira
Basoak (ha) 143.502 122.411 118.837 384.750

P. radiata

(%tan)

11 66 57 170.706
Beste koniferoak (%tan) 14 11 14 43.000
Bertakoak (%tan) 75 23 29 160.185
1. taula. Euskal Autonomi Elkarteko basoen banaketa. Iturria: Ruiz de Urrestarazu 1992.

Haritzak eta Pinuak

Haltzak ( Alnus glutinosa ). (J. Arizmendiarrieta).

Hariztien eta pinudien ezaugarriak erabat desberdinak dira. Hariztietan, noski, haritzak dira nagusi, baina zuhaitz hauen ezaugarriak direla eta —adin eta forma desberdineko zuhaitzez osatuta daude eta irekigune ugari izaten dituzte— argitasuna handia izaten da oihan-mota honetan eta horrek dibertsitatea handiagoa izatea eragiten du. Euskal Herriko itsasaldean bizi daitezkeen zuhaitz eta zuhaiska gehientsuenak aurki ditzakegu hariztietan: urkiak, lizarrak, elorriak, astigarrak, zumarrak, ezkiak, sahatsak... eta horiez gain, ehundaka landare-espezie, garo zein belar, huntz nahiz txilar. Hariztiak dira Europa osoan dibertsitate handiena duten basoak.

Intsinis pinua (Pinus radiata edo Pinus insignis izen zientifikoez ezaguna) 50 m luze izatera heltzen den hazkunde azkarreko konifero-espeziea da. Berez, Kalifornia inguruko kostaldeko txoko bitan besterik ez da agertzen, San Franciscon eta Monterey aldean, hain zuzen. Azken mendean, ostera, Australiara, Zeelanda Berrira, Txilera, Euskal Herrira eta beste hainbat herrialdetara izugarri hedatu da, zurgintzarako zuhaitz egokia baita. Klima epeleko lurraldeetara zoragarri moldatzen da eta 20-25 urteko zikloetan moztu daitekeenez, etekin ekonomiko itzela ematen duen espeziea da. Kalifornia inguruan berez hazten denean, gure hariztien antzeko basoak eratzen ditu: irekiak, adin desberdineko zuhaitzez eratuak eta dibertsitate handikoak.

Mendetan zehar nolabaiteko oreka gorde izan da Euskal Herrian: beheko aldean, haranak, landaketa eta zelaientzat gordetzen zen, mendi-tontorrak udan abereek bazka zezaten eta beste guztia, baso edo oihanez estalita zegoen.

Mundu zabalean zehar egin diren landaketen ezaugarriak, ordea, arras bestelakoak dira eta bertoko basoekin konparatuz gero, ezaugarri ekologikoak erabat desberdinak dira. Hasteko, ale guztiak batera landatzen dira eta oso dentsitate handian, 2.000-2.500 oin hektareako.

Hori dela eta, lurrera iristen den argia benetan eskasa da. Gainera, pinuek bertoko espezieek baino ur gehiago zurgatzen dute eta, beraz, gainerako landareentzat geratzen den ur-kantitatea oso txikia da. Azkenik, pinuek lurraren pH-a jaisten dute, lurzorua azidifikatuz. Hiru arrazoi horien ondorioz —argi gutxi, ur gutxi eta pH-a azidoegia— oso gutxi dira pinudietan bizi daitezkeen landareak eta baso hauetan landare-dibertsitatea benetan baxua da. Hortaz, pinudien eta hariztien egitura erabat desberdina da. Egia esan, Euskal Herriko pinu-landaketa gehienak, alderdi askotatik begiratuta, ezingo genituzke benetako basotzat jo, ez baitituzte basoek izan behar dituzten ezaugarri ekologikoak betetzen.

Birigarro arrunta ( Turdus philomelos ).

Hegazti-populazioen eta landaretza-egituraren arteko erlazioa sakonki aztertu izan da azken urteotan. Hegazti-komunitateak, elkarren artean erlazionatuta dauden faktore askoren bidez erregulatzen dira eta habitatean gertatzen den aldaketarik txikienak ere espezie jakin batek behar dituen baldintzak alda ditzake. Aldaketa horien ondorioz, espezie batzuen dentsitatea jaitsi egin daiteke; beste espezie batzuek, baldintza berriak hobeto jasaten dituztelako edota aldaketak bere bizimoduan eraginik ez duelako, berdin jarraituko dute; eta beste batzuk, egoera berriaz profitatuz, ugaritu egingo dira.

Amilotx urdina ( Parus caeruleus ). (J.R. Aihartza)

.

Horrez gain, habitataren dibertsitatea handiagotzean, bertan bizi diren animali espezieen kopuruak ere gorantz egiten duela jakina da. Esaterako, Pedrocchi-Renaultek (1973) baso bateko lurzoruko landaretza kentzean hegazti-dentsitatea % 39 eta espezie-kopurua % 20 jaitsi zela ikusi zuen; Nilssonek (1978) Suedian egindako ikerketetan, baso naturaletan landaketetan baino bederatzi aldiz hegazti gehiago bizi dela ikusi zuen. Bi horiek hainbat adibidetako pare bat besterik ez dira.

Hori horrela izanda, eta lehen esan dugun legez azken mende honetan Euskal Herriko mendien itxura goitik behera aldatu denez, nolako eragina izan du pinuaren etorrerak Euskal Herriko hegazti-komunitateetan? Nola neur daiteke aldaketa hori? Onuragarria ala kaltegarria izan al da? Ba al dago jakiterik?

Harizti-pagadiak (HP) Pinudiak (P)  

Pagausoa
Kukua
Okil handia
Uda-txirta
Tuntun arrunta
Sasi-txinboa
Txinbo burubeltza
Txio arrunta
Erregetxo bekainzuria
Txantxangorria
Zozoa
Birigarroa
Karraztaroa
Buztanluzea
Pinu kaskabeltza
Kaskabeltz handia
Amilotx mottoduna
Kaskabeltz txikia
Amilotx urdina
Garrapoa
Gerri-txoria
Txepetxa
Txonta
Txirriskila
Mendi-txirriskila
Gailupa
Eskinosoa

0,57
0,19



0,57
1,71

7,81
3,81
0,71
1,33
0,19
1,52
2,10
1,90
1,14
3,43
3,43
0,95
2,48
0,19
2,67



0,38

0,21

0,42
0,21
1,89
0,21
2,32
1,68
16,84
4,63
0,21
0,42

1,47
11,16
0,42
4,00
0,42


4,48
2,32
10,74
0,21
0,21
0,21
0,42

e–e
e–e
*p
e–e
***p
e–e
e–e
***p
*P
e–e
e–e
e–e
e–e
e–e
***P
*HP
*P
*HP
***HP
*HP
e–e
**P
***P
e–e
e–e
e–e
e–e
Dentsitatea (heg/10 ha)
Espezie-aberastasuna (espezieak/2,5ha)
Ekitabilitatea (J)
Dibertsitatea (H)
38,67
5,33
0,75
2,61
76,16
7,21
0,67
2,32
 
2. taula. Pinu-landaketetan eta harizti-pagadietan aurki daitezkeen 22 hegazti-espezie arruntenen dentsitate-taula eta komunitateen parametroak. Iturria: Carrascal, 1990.

Pinuak eta hegazti-komunitateak

J. Larrañaga

Lau dira, oro har, landaketen ondorioak:

  1. basoaren barne-egituraren dibertsitatea jaitsi egiten da, plano horizontalean nahiz bertikalean;
  2. paisajearen dibertsitatea ere murriztu egiten da;
  3. animali dibertsitatea handia da landaketaren lehen urratsetan, baina arras txikia ondoren;
  4. animalien dentsitatea ez da lar altua, baina espezie gutxi batzuek ezohizko ugaritasuna lor dezakete landaketetan. Euskal Herrian pinu-landaketek sortu duten aldaketa onerakoa edo txarrerakoa izan den esan gabe ere, orain arte egin diren azterketek argi eta garbi erakusten dute geure hegazti-komunitateetan aldaketak eragin dituztela. Eta ez euskal basoetan bizi diren hegaztien izen-abizenetan soilik, baita energia aprobetxatzeko edo bizilekutzat erabiltzen diren nitxo ekologikoak aukeratzeko eta erabiltzeko orduan ere.
I.X.I.
.

Geroago ikusiko dugun bezala, euskal basoak hegazti migratzaile eta negutarrentzat ere oso garrantzitsuak dira. Nolanahi ere, dudarik ez da, basoen garrantzia berton kumatzen duten hegaztientzat are handiagoa dela, beraietan aurkitzen baitituzte habia egiteko beharrezko lekua zein lehengaiak, eta kumaldian txitoek derrigorrezkoak dituzten elikagaiak. Gorago aipatu dugunez, bertoko basoen ezaugarriak eta pinu-landaketenak erabat desberdinak dira eta horrek baso-mota batean eta bestean aurkituko ditugun hegazti-espezieetan eragin nabaria izango du. Carrascalek (1990) Bizkaiko eta Gipuzkoako basoetan egindako ikerketan aurkitu zituen 22 espezie arruntenetatik 12 dira —erdia baino gehiago— baso-mota bien artean, estatistikoki esanguratsuak diren desberdintasunak azaltzen dituztenak: 8 ugariagoak dira pinudietan eta 4 harizti-pagadietan (2. taula).

Orokorrean hartuta ere, gehiago dira pinudietan bizi diren hegaztiak. Hegazti-dentsitatea (hegazti-kopurua/10 hektareako) 38,67tik 76,16ra igotzen da harizti-pagaditik pinudira pasatzean eta espezie-aberastasuna (espezie-kopurua/2,5 hektareako) 5,33tik 7,21era. Ekitabilitatea (Alataloren indizea) eta Dibertsitatea (Shannonen indizea) aldiz, altuagoak dira bertoko basoetan. Datu horiek ikerketaz ikerketa aldatu agiten dira (3. taula), batez ere erabilitako metodologia dela eta, baina oro har, beti ere antzeko emaitzak lortzen dira. Pinudiek hegazti-dentsitate altuagoa izaten dute, bertoko basoek dibertsitate altuagoa; espezie-aberastasuna ikerketaz ikerketa aldatu egiten da, aukeratutako metodologiak zeresan handia baitu basoan aurkituko diren espezieetan.

X. Goñi

Laburbilduz, pinudietan txori gehiago bizi dela esan daiteke, baina dibertsitatea txikerragoa da. Horren arrazoia baso-mota bakoitzeko ornitozenosiak (hegazti-multzoak) azaltzen duen dominantzia/dibertsitate kurbaren patroian datza. Bertoko oihanetakoek lognormaltasunerantz jotzen duten bitartean, pinu-landaketetako hegazti-komunitateek eredu geometrikoaren antz handiagoa dute (l. grafikoa).

Hariztietan hegazti-espezie gehienak grafikoaren erdi aldean dauden bitartean, (guztizkoaren % letik % 10era osatzen duten espezieek), pinu-landaketetan muturretan daude. Espezie arraroen kopurua (guztizkoaren %l baino portzentaia baxuagoa dutenena) nahikoa handia da eta arrunt ugariak diren espezieak ere gehiago dira. Hiru espezie ugarienak hartuz gero, txonta ( Fringilla coelebs ), erregetxo bekainzuria ( Regulus ignicapillus ) eta pinu-kaskabeltza ( Parus ater ), guztizkoaren %50 baino gehiago osatzen dutelarik.

Ez da pinu-landaketa izan paisajearen aldaketa eragin duen bakarra. Herriak eraiki eta nekazaritzarako nahiz abeltzantzarako lurrak prestatu izanak ere, izan du eragina horretan.
X. Lizaur

Birlandaketetan oso ugariak diren baliabideak aprobetxatzeko gai diren espezie gutxi batzuen esku dago pinudien dentsitate altua: txontak lurreko artropodoak jaten ditu, erregetxoak azikula eta sastraketakoak eta pinu-kaskabeltzak adar eta hostoetakoak. Horrela, pinu-landaketen dentsitate altua, 3 edo 4 espezieren eskutan besterik ez dago eta espezie-aberastasun handiagoa oso arraroak diren hegaztien multzoak sorrarazten du. Hariztietan, berriz, portzentaia ertaina duten espezieak gehiago direnez, guztizko dentsitatea baxuagoa da, baina dibertsitatea eta ekitabilitatea altuagoak. Espezieen banaketa orekatuagoa da.

l. grafikoa: Dominantzia-dibertsitate kurbak. Iturria: Carrascal, 1990.

Pinudietan arazorik handienetakoa homogeneotasuna da. Pinu-landaketak izatez komunitate aberatsak mantentzeko gai izaten dira eta horren lekuko da normalean azaltzen dituzten dentsitate- eta aberastasun-indize altuak.

Kaskabeltz handia ( Parus major ). (M.M. Elosegi).

Beste modu batera esanda: pinudiek hegazti askorentzat adina energia daukate. Baina arazoa zera da, espezie gutxi batzuk besterik ez direla baliabide horiek erabiltzeko gai. Landaretza-dibertsitatea arras txikia denez, eskura dauden elikagaien aniztasuna ere oso txikia da; badago zer jana, baina menua beti da berdina. Jaki hori laket dutenak —lehen aipatutako txonta, erregetxoa edo pinu-kaskabeltza esaterako— aise ugaltzen dira pinudietan. Energi iturri berria erabili ezin dutenak, edo modu traketsean darabiltenak (txinboak, Sylvia sp., birigarroak, Turdus philomelos, garraztarroak, Turdus viscivorus eta beste batzuk), urritzen hasten dira.

Pinu-landaketa Bertako basoak

Dentsitatea


(aurkitutako hegazti-kopurua)

299 195

Aberastasuna


(ikusitako espezieak)

26 38

Dibertsitatea

4,39 7,01
3. taula. Pinu-landaketetan eta hariztietan bizi diren hegazti-komunitateen parametroen taula. Iturria: Elosegi, 1980.
Lekeitioko Zubietarren lurretan landatu zituen Adan de Yarzak Pinus insignis koniferoaren lehen aleak eta berehala ohartu zen ezin hobeto moldatzen zela Bizkaiko eta Gipuzkoako baldintza berezietara. Dena dela, hil zenean ez zekien nolako aldaketa eragingo zuen Kaliforniako pinu honek.
J. Larrañaga

Horrez gain, pinu-landaketek beste arazo bat dute bertoko basoak bezain aberatsak izateko: espezie askok habia jartzeko orduan zailtasunak dituzte. Hariztiak pinudiak baino nahiago izaten dituzten espezie gehienak trogloditak dira. Hau da, habia zuhaitz-enborretan aurkitzen dituzten zulo eta zirrikituetan egiten dute. Espezieon artean, garrapoa ( Sitta europea ), kaskabeltz handia ( Parus major ), amilotx urdina ( Parus caeruleus ) eta kaskabeltz txikia ( Parus palustris ) ditugu. Horrelakoetan, elikagai-iturriak erabiltzeko duten zailtasunari habia egiteko aurkitzen dituzten eragozpenak gehitzen zaizkio. Landaketa gehienak 20-25 urtetik beherakoak dira eta neketsua izaten da enbor zahar eta zartatuak topatzea. Okilek ( Dendrocopus major eta Picus viridis ) eta amilotx mottodunek ( Parus cristatus ) pinuen enborrak zula ditzaketenez, nahikoa ongi egokitu dira konifero-landaketetera, baina zulorik berez egin ezin duten espezieentzat pinuz betetako mendi-magalak ez dira kumaketarako tokirik aproposenak. Hortaz, pinu-landaketek energi iturri eta nitxo ekologiko jakin batzuk erabili eta ustiatzeko gai diren espezieen aldeko apostua egin dute.

Orain arte hegazti habiagileei buruz ihardun badugu ere, gurean negua pasatzen duten espeziez ere, beste horrenbeste esan dezakegu (4. taula). Pinudiek, hostoak gordetzen dituztenez, bertoko basoek baino janari eta babes gehiago eskaintzen dute eta negua pasatzeko baso-mota hau aukeratzen duten hegaztien kopurua izugarria da. Alde horretatik, badirudi hegaztientzat pinudiak harizti edo gaztainadiak baino egokiagoak direla. Neguan edozein herritako pinudietan sartzen bazara, irakurle, berehala igarriko duzu txori ugarik aukeratu duela urteko hilabeterik hotzenak igarotzeko.

Txonta arrunta ( Fringilla coelebs ). (A. Elosegi).

Aitzitik, ondo begiratuz gero, dibertsitatea arras apala dela somatuko duzu, pinuek ematen duten janari gehiena hiruzpalau espezieren artean banatzen baitute. Erregetxoek ( Regulus sp. ), gerri-txoriak ( Certhia brachidactyla ), amilotx mottodunak eta pinu-kaskabeltzak, hegazti guztien % 80 baino gehiago osatzen dute neguan. Janaria egon badago, baina udan gertatzen den bezala, oso lokalizatuta dago eta ez da batere dibertsoa. Ondorioz, espezie gutxi batzuk dira energi iturri berri horri etekina ateratzen diotenak. Bertoko basoetan alderantziz gertatzen da. Landaretza-egitura askoz oparoagoa izanik, hegaztiek eskura ditzaketen elikagaien zerrenda askoz luzeagoa da eta, dentsitatea txikiagoa izan arren, espezieen banaketa askoz ere orekatuagoa da eta dibertsitatea altuagoa.

Harizti-pagadiak (HP) Pinudiak (P)

Erregetxo bekainzuria
Mendi-erregetxoa
Txantxangorria
Buztanluzea
Pin kaskabeltza
Kaskabeltz handia
Amilotx mottoduna
Kaskabeltx txikia
Amilotx urdina
Garrapoa
Gerri-txoria
Txepetxa


Gailupa

3,95
2,37
1,18
2,96
1,97
1,78
1,18
2,96
1,96
1,38
1,58
1,58
0,99

10,08
5,52


0,76

6,09
1,14
3,23

0,38

3,04
0,95
0,76

Dentsitatea totala (heg/10ha)
Espezie-aberastasun totala
Ekitabilitatea (J)
Dibertsitatea (H)
25,85
13
0,97
3,58
32,90
10
0,82
2,73
4. taula. Pinu-landaketetan eta harizti-pagadietan aurki daitezkeen 13 hegazti espezie negutar arruntenen dentsitate-taula (hegaztiak/ /10 hektareako) eta komunitate-parametroak. Dibertsitatea Shanonen indizearen bidez kalkulatuta dago. lturria: Telleria, 1983.

Kalte ala onura?

Okil berdea ( Picus viridis ). (A. Elosegi).

Urteko edozein jaiegunetan mendira irten eta belarriak adi-adi ipintzen baditugu, txoriak Euskal Herriko edozein bazterretan ixildu barik ari direla sumatuko dugu. Pinuz leporaino jositako kostaldeko probintzietan ere, txoriak erruz ikusi eta entzungo ditugu. Hori horrela izanik eta aurrez aipatu dugun moduan, pinudietan bertoko basoetan baino dentsitate handiagoak daudela jakinik, badirudi pinu-landaketek nolabaiteko onura ekarri diotela gure herrialdeko hegazti-komunitateari. Bestalde, etengabe entzuten ari gara pinudiak balio ekologiko txikia duten basoak direla. Non dago bada, baldin bada, egia? Asko aldatu al da Euskal Herriko (eta batez ere Gipuzkoa eta Bizkaiko) hegazti-komunitateen itxura azken 100 urteotan?

Aldaketa, espezieen izenetan baino gehiago, proportzioetan eman da. Pinuek ez dute espezie berririk ekarri, baina ez dute bertoko espezieen suntsipenik ekarri; eragin nabarmenena espezie bakoitzeko ale-kopuruan izan dute. Zenbait espezie, edozein baldintzatan bizitzeko gaitasuna dutenak, moldagarrienak edota konifera-basoetako azikula eta pinaburuei etekina ateratzeko gai direnak, izugarri ugaritu dira eta, bien bitartean, espezie gehienak gutxitu egin dira.

Erregetxo bekainzuria ( Regulus gnicapillus ). (M.M. Elosegi).

Kaltetuenak, harizti, gaztainadi eta pagadietako elikagaietara hertsiki moldatuta zeuden espezieak, habia enbor-zuloetan egiten duten espezieak eta pinudi itxietan bizi izatea zaila duten hegazti handiak (harrapakariak eta) izan dira. Orekan dauden beste zenbait herrialderekin konparatuz (Nafarroara joatea nahikoa da) Bizkaia eta Gipuzkoako ornitofaunan txori txiki (paseriforme) larregi eta hegazti handi gutxiegi daukagu.

Pinu-kaskabeltza ( Parus ater ). (J.R. Aihartza).

Gaur egun Euskal Herriko kostaldeko hegazti-komunitatea oso txiroa da. Basora irten eta txori-kantuak nonahi entzungo ditugu, baina gehienetan txori-espezie bera izango da. Gipuzkoan dauden 6 txori-espezie arruntenen artean, bertoko hegazti guztien ia erdia osatzen dute. Sei espezie horiek txepetxa (% 10), birigarroa (% 8,18), txonta (% 6,33), txantxangorria (% 6,29), zozoa (% 6,02) eta txio arrunta (% 5,85) dira. Guztira, kopuru osoaren % 43 osatzen dute eta, leku askotan, txepetxa bakarrik % 20ra heltzen da. Beste zenbait aurkitzea, ostera, oso zaila gerta dakiguke, gaur egun bikote banaka batzuk baino ez direlako gelditzen.

Hori guztia ez da pinuaren errua. Pinua iritsi baino lehenagotik ere, egoera okertzen hasia zen eta azken ehun urteotan demografi hazkundeak eta hirien zabalkundeak pinuak bezain eragin handia izan dute Euskal Herriaren egungo itxuran. Pinua, erruduna baino gehiago, berez txarra zen egoerari azken ukitua eman diona da. Gainera, ikusi dugun legez, pinudiak ez dira berez leku antzuak, landaketa-mota da benetan kalte egiten duena. Etekin ekonomikoa handiagoa izan dadin, oin asko landatzen da hektareako eta zuhaitz guztiak batera jartzen dira.

Amilotx mottoduna ( Parus cristatus ). (J.R. Aihartza).

Mozteko orduan ere, guztiak batera mozten dira eta horrek lurraren emankortasuna gutxiagotu eta higadura bizkortu egiten du. Ondorioz, basoaren dibertsitatea asko jaisten da eta horixe da benetako arazoa; izan ere, hegazti-komunitateen dibertsitatea, zuhaitz-espezie jakin batekin baino gehiago, landaretzaren dibertsitatearekin erlazionatuta dago.

Azken urteotan, Foru Aldundiek haritz, pago eta bertoko beste zenbait zuhaitz birlandatzeko ahalegina egin dute eta gelditzen diren harizti, gaztainadi, artadi eta haltzadi bakanak ere legez babestuta daude. Honekin batera, mende-hasieran hasi zirenetik etenbarik gorantz egin duten konifero-landaketak apurka ari dira finkatzen azken urteotan. Albiste pozgarriak dira, noski, baina nahikoa izango ote dira neurri horiek?

Txinbo kaskabeltza ( Sylvia atricapilla ). (J. Larrañaga).

Gipuzkoako eta Bizkaiko hegazti-komunitateak berreskuratu nahi baditugu, lana erruz egin beharko da, bertoko espezieen birlandaketak bultzatuz, gelditzen diren harizti apurrak babestuz eta zainduz eta pinuak landatzeko modua nolabait aldatuz. Zinez lan korapilotsua, neketsua eta zaila da, batez ere basoen ustiaketa eta kudeaketa alderdi askotatik aztertu behar delako eta ezin da ahaztu baserritar asko eta askorentzat pinudiak direla diru-iturri bakarrenetakoa.

Gai sakona eta beste hainbeste orrialde betetzeko adina emango lukeena, beraz. Zor edo lor, eta arazoa nahi adina ikuspegitatik begira daitekeenez, pinu-landaketek kalte ala onura ekarri duten esatea ez da erraza. Norberak atera ditzala ondoriak. Garbi dagoena zera da: orain ehun urte heldu zenetik hona, intsinis pinuak erabat aldatu ditu Euskal Herriko paisajea eta bertoko mendien ezaugarri ekologikoak. Ezagutuko ote luke bere herria Adan de Yarza Markesak?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia