AEBko bi zientzia-akademia nagusi emakumeak lehenesten ari dira
2023/03/28 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azken 20 urteetan, emakumezkoek lehentasuna izan dute AEBko Zientzia Akademian (NAS) eta Arteen eta Zientzien Akademian sartzeko, argitalpen- eta aipamen-historial beretsuko gizonezkoekin alderatuta. Ondorio horretara iritsi da nazioarteko ikerketa-talde bat, kideak hautatzean izan den genero-arrakalaren 60 urteko bilakaera aztertuta, hiru arlotan: psikologia, ekonomia eta matematika.
EHUko Nagore Iriberri Etxebeste izan da ikertzaileetako bat, eta, ikerketaren arabera, duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historiak zituzten gizonezkoen aldean. 90eko hamarkadan, bi akademietako hautaketa-prozesua gutxi-asko neutroa zen, generoaren ikuspegitik. Eta azken hogei urteetan, emakumezkoen aldeko lehentasun positiboa hautematen da hiru arloetan.
Hala, gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historia duten gizonezkoen aldean. Nolanahi ere, Iriberrik adierazi du akademia horietako emakumeen ordezkaritza oraindik ez dela “inondik inora % 50era iristen matematikan eta ekonomian”, psikologian ez bezala.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia