Aerosorgailuak, hegaztien etsaiak
2007/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aerosorgailuek mesede ukaezina egiten diote ingurumenari. Alde ilun bat ere badute, hala ere: hegazti asko hiltzen dituzte. Horren harira, aerosorgailuek hegaztietan duten hilkortasunari buruzko txosten bat argitaratu du AEBko Zientzia Akademiak. Atera dituzten ondorioen arabera, AEBn aerosorgailuen eraginez hiltzen den hegazti-kopurua nahiko txikia da, adibidez, etxeko katuek hiltzen duten hegazti-kopuruarekin alderatuta. Hain zuzen ere, urtebetean hiltzen diren hegaztien % 3 hiltzen dituzte aerosorgailuek.
Azterketa horrek, dena den, ez ditu denak lasaitu. Hainbatek uste du, batetik, txostenean ez dutela nahikoa datu erabili, eta, bestetik, hildako hegaztien kopurua bera baino garrantzitsuagoa dela zer hegazti hiltzen diren. Aerosorgailuen kontra jota hiltzen diren hegazti asko harrapariak dira. Espezie horiek zaurgarriak dira, errunaldi bakoitzean ondorengo gutxi izaten dituztelako. Beraz, heriotza gutxi batzuek kalte handia eragin dezakete populazioan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia