}

Afasia, hitzak buruan galduta

2011/10/01 Leturia Yurrita, Iñaki - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

afasia-hitzak-buruan-galduta
Arg. © iStockphoto.com/DEM10

San Sebastian eguna, 6 urte atzera. Josetxo egun berezia gozatzen zebilen, seme zaharrenarekin. Arratsaldeko zazpietan zerbait hartzera sartu ziren biak taberna batera. Eskilaretan behera komunera zihoala irrist egin eta buruan kolpea hartu zuen. Konorterik gabe gelditu zen 10 minutuz. Bere onera itzuli zenean, anbulantziak ospitalera eraman zuen badaezpada ere. Handik bi ordura berriro galdu zuen konortea. Ez zen esnatu 20 egun pasatu arte. Kolpeak Josetxoren burmuinaren ezker-hemisferioa kaltetu zuen. Komatik irten ondoren, gorputzaren erdia mugitzeko zailtasuna zuen. 3 hilabete egon zen ohetik altxatu ezinda. Baina ez hori bakarrik, hitz egiteko ahalmena ere galdu zuen. Diagnostikoa, afasia.

Afasia hitzak hori esan nahi du grekoz, hitzik ez. Hizkuntza-gaitasuna zuzentzen duen garun-area kaltetzean gertatzen da. Kausa, Josetxoren kasuan bezala, kolpe bat izan daiteke, baina baita infartua edo ictus bat ere. Kaltearen neurriaren eta kokapenaren arabera, afasia-maila eta -mota ezberdinak daude. Hitz zehatzak aurkitzeko zailtasunetik hasita, hitz egiteko ezintasun erabatekora arte. Beste batzuetan, ulermenak egiten du huts: entzundakoa nahiz irakurritakoa prozesatzeko arazoak gerta daitezke. Edo alderantziz, ulertu, ulertzeko gai da afasia duen pertsona, baina ezin du adierazi komunikatu nahi duena.

Bi urtez izan zen Josetxo hitzik gabe. "Inpotentzia, fu-frustr... frus-tra-zioa... sentitzen da. Oso gogorra da dena entzun eta ezin ezer esatea; ideiak garbi-garbi daude buruan, eta oroitzapenak ondo nituen", dio Josetxok bizi izandakoa gogora ekarriz. Kosta egiten zaio oraindik hitzak aurkitzea eta esaldiak osorik eta ordena egokian botatzea. "Eta amorrua", gaineratzen du ondoan duen Nekane Galparsoro logopedak. Nekaneri esker, hitzez komunikatzeko gai da orain. Donostiako Antigua auzoan dagoen ezintasun neurologikoak dituzten pertsonentzako errehabilitazio-zentroan, Josetxorena bezalako kasuekin egiten du lan Galparsorok. Aita Menni Ospitaleko zentro bat da. Elkarrizketan, logopedaren babesa nahi izan du Josetxok, hitzen batekin asmatu ezin duenean laguntzeko. "Amorrua, bai. Tontoak garela uste dute hitzik egin ezin dugulako, eta ez da horrela", azpimarratu du Josetxok. "Gogorra izan da, baina orain moldatzen naiz".

Funtzioak eta garun-areak

Nekane Galparsoro logopedaren eskutik ikasi du berriz ere hitz egiten Josetxok. Arg. Iñaki Leturia

Afasia-mota ezberdinen eta afasiaren beraren tratamendua ulertzeko, kontzeptu gakoa da lateralitatea, hau da, funtzio ezberdinek garunean duten banaketa espaziala, bai ezker- eskuineko hemisferioetan, bai hemisferio bakoitzean. Hizkuntza-gaitasunen kasuan, hizkuntzaren prozesamenduaz arduratzen diren bi gune bereizi daude ezker-hemisferioan. Wernicke-ren area, sentikorra, eta Broca-ren area, motorra. Wernickeren area entzundakoa deskodetzeaz arduratzen da, oro har, ulermenaz alegia; eta Brocarena berriz hitzak sortzeaz, hizkuntza-adierazpenaz. Brocaren area mugimendua kontrolatzen duen oinarrizko atalaren ondo-ondoan dago, hitza sortzeko ahoko eta mingaineko muskuluak mugitu behar baitira, besteak beste.

Funtzioak betetzeko, garuneko guneek eta hemisferioek elkarlana egiten dute. Esperimentuetan ikusi izan da ezker-hemisferioa anestesiatuz gero pertsonak hizketarako gaitasuna galtzen duela; baina eskuinekoa gelditzen badugu, aldiz, posible duela elkarrizketa bat izatea. Hala ere, eskuin-hemisferioak ere hartzen du parte hitzezko komunikazioan: haren ardura dira diskurtsoaren tonua, erritmoa edo indarra, eta baita arlo emozionala ere. Bada, gainera, egin beharreko beste zehaztasun bat. Hemisferioen arteko funtzio-banaketa hori ohikoa da pertsona eskuinen % 99an. Pertsona ezkerretan ez da hain argia: hizkuntza-gaitasuna bi hemisferioetan banatzen da. Horregatik, ezkerrek afasia izan dezakete eskuin-hemisferioa kaltetuz gero.

Kaltea gertatu den garun-zatiaren arabera egiten da afasiaren ohiko sailkapena; kaltetutako gunearen izena hartzen dute, eta ezaugarriak ere gune horren funtzioaren araberakoak dira, noski. Kaltetutako gunea Brocarena bada, adierazpen-afasia baten aurrean egongo ginateke, afasia motorra izenez ere ezaguna. Hizkuntzak jarraikortasuna galtzen du, mantsoa da, ia telegrafikoa, eta esaldien ordena gramatikala ere gal daiteke. Kalterik larrienetan, hitz apur batzuk bakarrik esan daitezke, eta erabateko isiltasuna ere eragin dezakete Brocaren afasiek. Ulermena, ordea, bere horretan mantentzen da.

Arg. Iñaki Leturia

Wernickeren afasietan, aldiz, ulermena da kaltetuena. Gaixoak ez du galtzen hitz egiteko gaitasuna, baina, askotan, esaten duenak ez du zentzurik, nahiz eta hizlaria ez den horretaz konturatzen. Kaltea oso hedatua bada, eta bai Brocaren area eta bai Wernickerena hartzen baditu, ulermen- nahiz adierazpen-gaitasunak galtzen dira: afasia orokorra da.

Josetxoren afasiari abizenen bat jartzekotan, egokiena Brocarena izango litzateke; zehatzago esateko, mintzamenaren apraxia du, hitzak programatzeko zailtasuna. Hitzak sortzeko gaitasuna zuen erabat galdua, ez ulermena. Galparsorok honela azaldu ditu Josetxoren afasiaren nondik norakoak: "Hitz guztiak hor zeuden, kontzeptua edo esanahia hor zegoen eta kontzeptu bakoitzari lotzen zaion hitzez osatutako hiztegia ere osorik zegon. Hiztegi horretara iristea zen arazoa". Hortaz, ailegatzeko modua aurkitu behar zuen tratamenduak.

Txuleta. Haurrek erabiltzen duten irudi bidezko hiztegi batean okela-zati eder baten marrazkiak ekarri dizkio Josetxori hasierako saioen oroitzapenak. Buruan zuen txuletaren kontzeptua, baina ezin bihurtu hitz, soinu. Hori lortzeko, hasieratik hasi behar izan zuen; nolabait, berriro hitz egiten ikasi. Lehenengo, letrak eta fonemak esan; silabak gero; ondoren, hitzak; eta, azkenik, esaldi errazak. Hori izan da bidea, baina abantailatxo batekin: hiztegi osoa buruan zuen jada. "Irudia abiapuntu hartuta, izendatu nahi dugun kontzeptua ematen diogu, eta hitza atera behar dugu. Hiztegia osatzen ari garen neurrian, hitzak elkartu eta esaldiak egiten hasiko gara, eta pixkanaka ideiak adierazten", dio Galparsorok.

Arg. Iñaki Leturia

L, S, I, N, A... karta-sortatik irten orduko hizkia esatea izan zen hasierako saioetako ariketetako bat. Orain erraza iruditzen zaio Josetxori, baina orduan ikaragarrizko esfortzua egin behar zuen. Ariketaren helburua mugimenduen programazioa lantzea da. Arazorik ez dugunok, konturatu gabe, automatikoki erabiltzen ditugu hitz egitean parte hartzen duten organoak: mihia, birikak, ezpainak. Josetxok berriz ikasi behar izan du noiz eta nola bota airea, non kokatu mingaina, eta abar; modu automatikoan egitea lortu arte. Tratamenduaren hasieran, zortzi saio egiten zituzten astero. Orain bakarra egiten dute. "Kaskagogorra naiz, bai; baina Nekane ere bai!", aitortu du Josetxok.

Gakoa: garunaren plastikotasuna

Josetxok hizkuntza-gaitasun funtzionala berreskuratzea lortu du: bere beharrak adierazteko gai da, sentitzen duena adieraz dezake. Zer gertatu da, ordea, Josetxoren garunean errehabilitazioak iraun duen urteetan? Gakoa kontzeptu honetan datza: garunaren plastikotasuna. "Garunaren plastikotasuna deitzen diogu nerbio-sistemaren moldatze- edo egokitze-gaitasunari", dio Eloi Nin Aita Menni Ospitaleko hartutako kalte zerebralaren errehabilitazio-zerbitzuko zuzendariak. "Gaitasun horri esker, kalte zerebrala gertatu ondoren funtzio bat, hizkuntza adibidez, galtzearen ondorioak minimizatu egiten dira. Garunak badu aldatzeko ahalmena, bai egitura aldetik, bai funtzioak berrantolatuz".

Arg. Iñaki Leturia

Funtzioak berreskuratzeko, neuronen arteko konexioak moldatzen dira, sinapsiak alegia. Kalte zerebralak konexioak eta dagozkien gaitasunak suntsitzen dituenean, lotura berriak aktibatzen dira inguruan, galdutako funtzioa bete dezaten.

Ardura hori inguruko neuronek beren gain hartzeak badu arrazoi bat. Haurretan ikusi denez, garuneko hizkuntza-guneak zabalagoak dira adin txikietan. Gaitasun hori garatu ahala, zehaztuz eta kontzentratuz joaten da funtzio hori, aipatutako bi areatan --Broca eta Wernicke--. Hala ere, gune zabal horrek ezkutuan gordetzen du gaitasun hori, eta, kalte zerebralik bada, jatorrizko funtzioa martxan jartzen du. Izan ere, Nin medikuaren esanean, sinapsi batzuk aktiboak dira, eta beste batzuk, berriz, pausatuak daude, stand-by egoeran; eta azken horiek aktibatzen dira jatorrizko funtzioa betetzeko.

Baina zenbat eta finkatuagoa dagoen hizkuntza-gaitasuna, orduan eta zailagoa da birmoldaketa. "Adina osatze-faktore garrantzitsua da", dio Ninek. "Zenbat eta zaharragoa izan garuna, orduan eta txikiagoa da plastikotasuna". Adinaz gain, beste faktore batzuek ere eragiten diote berrantolaketa funtzional eta estrukturalari: kaltearen hedadurak, kokapenak --Wernickeren areak pronostiko okerragoa du--, edo gaixoak aurrez zuen hizkuntza-gaitasunak.

Eloi Nin Aita Menni Ospitaleko hartutako kalte zerebralaren errehabilitazio-zerbitzuko zuzendaria. Arg. Iñaki Leturia

Nola gertatzen da berregituraketa? Sinapsiak edo konexioak kudeatzeko, sistema inhibitzaile eta kitzikatzaileak ditu garunak, sustantzia neurotransmisoreen bidez lan egiten dutenak. Neurotransmisore batek ondoko neurona kitzika dezake, eta haren erantzuna bultzatu; edo neurona horrekin duen harremana eten, komunikazioa inhibitu. Garuneko sistema inhibitzaile nagusia GABA izenekoa da, azido gamma-aminobutiriko neurotransmisorearen bidez lan egiten duena. Bada, kalteren bat denean, neurotransmisore horren eragina murriztu egiten du garunak berak, konexio berriak egiteko aukera emateko; alegia, plastikotasuna bultzatzeko. Errehabilitazioak aukera hori aprobetxatzen du eta konexio berriak bultzatzen ditu, galdutako funtzioak berreskuratzeko. Denborarekin sistema inhibitzailea indartu egiten da berriro, eta horregatik da garrantzitsua errehabilitazioa ahalik eta azkarren hastea.

Afasien tratamenduak, hortaz, konexio berriak sustatzen ditu. Errehabilitazioak eta plastikotasunak bat egin dute Josetxoren garunean, hitza berreskuratu dezan. Hala ere, kasu guztietan ez da posible. "Orduan, komunikatzeko sistema alternatiboak erabili behar dira", dio Nekane Galparsoro logopedak. "Ordenagailuak, adibidez, eta horrelakorik erabili ezin badute, irudiz osatutako liburuxkak. Komunikatzea da kontua". Ordenagailu bidez komunikatzen den talde bat aurkeztu digu Nekanek. Gurpil-aulkietan daude denak. Teklatuan idazten dutena soinu bihurtzen du ahots-sintetizagailuak, eta, hala, mantsoago baina elkarrizketa normal-normal bat izan daiteke. Agurtu aurretik hau idatzi du batek pantailan: "Honek izorratzen nau gehien: jendeak pentsatzea gu tontoak garela".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia