}

Afrika, migrazioen sorburu ez ezik, hartzaile ere izan dela frogatu dute

2015/10/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 3.000 urte eurasiatik Afrika ekialdera migrazio handi bat izan zela ondorioztatu dute, 4.500 urteko Etiopiako fosil baten genoma aztertuta, eta Europako, Ekialde Hurbileko eta Afrikako gaur egungo populazioen genomekin alderatuta. Nazioarteko talde batek egin du ikerketa, eta emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte.

afrika-migrazioen-sorburu-ez-ezik-hartzaile-ere-iz
Fosila aurkitu duten haitzuloko indusketa. Arg. Kathrin eta John Arthur/Science

Afrikan antzinako DNA aztertzea lortu duten lehen aldia da. Fosila Mota izeneko haitzuloan aurkitu zuten, Etiopiako goi-lautadan. Ikertzaileek azaldu dutenez, lekuak ezaugarri egokiak zituen DNAk ondo irauteko; horri esker, azterketa egin ahal izan dute. Eta gaur egungo populazio afrikarren genomekin alderatuta, ohartu dira Afrika ez dela migrazioen sorburu bakarrik izan. Aitzitik, jaso ere jaso dituela erakutsi du ikerketak.

Hain zuzen ere, azterketa genetikoek erakutsi dute duela 3.000 urte inguru migrazio handi bat izan zela Ekialde Hurbiletik Etiopiara. Migratzaileak nekazari eta abeltzainak ziren, eta, bidean, haien kultura eta teknologia hedatu zituzten. Horrekin batera, arrasto genetiko nabarmena utzi zuten: Etiopiako gaur egungo populazioaren genomaren % 25 migratzaile haietatik dator, eta Afrika osoko populazioetan utzitako arrastoa, berriz, % 5ekoa dela kalkulatu dute.

Ikertzaileek oraindik ez dakite zerk bultzatuta gertatu zen migrazio handi hura, baina beste datu asko eman dituzte. Adibidez, argitu dute Ekialde Hurbiletik Afrikara migratu zuen populazioa eta duela 7.000 urte Europaren mendebaldera hedatu zena berbera zela.

Ikertzaileen arabera, zoriak zeresan handia izan du ikerketan, ez baita erraza hain egoera onean dauden fosilak topatzea. Hala ere, zoriaz gain, teknika ere ezinbestekoa izan da. Ikerketan parte hartu duen Cambridgeko Unibertsitateko Andrea Manicak esan duenez, ”antzinako DNA sekuentziatzeko teknika oso berria da, baina dagoeneko aldatzen ari da gizateriaren jatorria berreraikitzeko modua”. Eta gehitu du: “Teknika hauek garatzen jarraituko dute, eta gure arbasoak hobeto ezagutzeko aukera emango digute”.   

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia