}

Agenda 21 Bizkaian martxa onean

2005/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bizkaiko udalerri guzti-guztiak Agenda 21 lantzen edo Udalsarea 21en barruan daude dagoeneko. Argi dago, beraz, pausoz pauso hasitako bidean bizkaitarrek azkar egin dutela aurrera. Bidea urratzen lehenengoa Alonsotegi herria izan zen, eta Tokiko Agenda 21 aipatzean eredutzat hartzen da. Gainerako herriak, ordea, ez dira atzean gelditu, eta gaur egun Bizkaia martxa onean doa garapen jasangarriaren bidetik. Hori uste dute, behintzat, Bizkaiko Foru Aldundian.

Bizkaiko Foru Aldundiak begi onez ikusten du Bizkaian Agenda 21ek daraman martxa. Kontuan izan behar da Bizkaian eragin ikaragarria izan zuela industria-garapenak. Ekonomikoki aurrera egitea ahalbidetu zuen, baina, bide batez, ingurumena larri kaltetu zen leku batean baino gehiagotan. Horregatik, 1970eko hamarkadan, batzuk konturatu ziren ezinezkoa zela bide horretatik jarraitzea. Orduan jaio zen garapen jasangarriaren kontzeptua.

Bizkaia ez zen, noski, jarduera industrialak zigortutako lurralde bakarra. 1968an 30 herrialdetako hainbat ordezkari bildu ziren Erroman; garapen ekonomikoak eta orduko industria-jarduerak ingurumenean zuten eraginaz kezkatuta zeuden. Han erein zen garapen jasangarriaren hazia, eta pixkanaka jendea jabetuz joan zen ingurumenak zuen garrantziaz. Ez zegoen beste erremediorik: ekonomikoki garatu bai, baina natura zainduz.

Bizkaian ere neurriak hartu zituzten garapen ekonomikoa eta ingurumenaren zaintza uztartzeko, eta, bide horretan, orain ezinbesteko tresna bihurtu da Agenda 21. 1992an Rio de Janeiron Nazio Batuen Erakundeak egin zuen konferentzian jaio zen kontzeptua. Konferentziaren ekarpen nabarmenetakoa garapen jasangarriari alderdi soziala gehitzea izan zen. Ordutik aurrera, etorkizuna hiru zutaberen gainean eraiki behar zela aldarrikatu zuten: garapen ekonomikoa, ingurumenaren zaintza eta garapen soziala.

Horretaz gain, lana egiteko modua aldatu beharra zegoela adierazi zuten: goitik behera beharrean, behetik gora eraikitzea hobe zelakoan zeuden. Horregatik, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da Agenda 21en.

Tokian tokikoa

Bizkaian, Agenda 21 lantzen hasi zen lehen udalerria Alonsotegi izan zen. 1999an heldu zioten gaiari, uste osoa baitzuten horixe zela aurrera egiteko bide egokiena. Hurrengo urtean, Aalborg-eko Gutuna sinatu zuten, eta, gainera, ingurumen-kalitatearen ikuskaritza egin zuten. Azterketan, herriaren indarguneak eta ahulguneak zein ziren ikusi zuten. Ondoren, diagnostikoan oinarritutako ekintza-plana diseinatu zuten, eta jasangarritasun-adierazleak hautatu zituzten. Horiei esker, jarritako helburuak betetzeko bide onetik doazen ala ez egiaztatzeko modua dago.

Alonsotegik 1999an hasitako bideari jarraitu diote Bizkaiko gainerako herriek, eta orain denak ari dira lantzen euren Agenda 21. Batzuek, Alonsotegik berak bezala, dagoeneko beste pauso bat ere eman dute, eta Udalsarea 21en daude. Hain zuzen ere, egitasmoak zehaztetik ekintzak gauzatzera pasatzean, Udalsarea 21en kide egiten dira udalerriak.

Hala, Alonsotegi 2002an egin zen Udalsarea 21eko kide. Harekin batera, Basauri, Gordexola, Erandio eta Santurtzi ere sartu ziren Sarean. Hurrengo
urtean, beste 14 kide sartu ziren —Arrieta, Bakio, Bilbo, Ermua, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Laukiz, Mallabia, Jatabe, Meñaka eta Mungia—, eta 2004ean beste 23 udalerri egin ziren Udalsarea 21eko kide: Areatza, Artea, Artzentales, Balmaseda, Bedia, Berriatua, Dima, Etxebarria, Gizaburuaga, Gueñes, Igorre, Ispaster, Lanestosa, Lekeitio, Lemoa, Markina-Xemein, Mendexa, Muskiz, Ondarroa, Sopuerta, Turtzioz, Zeanuri eta Zierbena.

Aurrera egiteko laguntza

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari nagusi Maria Uriberen esanean, udalerriek zer behar duten jakiteko aukera izugarria eman die Agenda 21ek udalerrien gaineko erakundeei. Izan ere, behar larrienak edo premiazkoenak Eusko Jaurlaritzaren edo Foru Aldundiaren bidez konpontzen dira, hala nola, garraioa, ur-hornidura, hondakinen kudeaketa... Baina beste behar asko ez dira kontuan hartzen maila horretan, eta, hala ere, garrantzi handia dute herritarren bizi-kalitatean. Horregatik da hain baliagarria Agenda 21 Foru Aldundiarentzat, herri bakoitzak zer behar duen jakiteko aukera ematen diolako, alegia.

Agenda 21en zehaztutako egitasmoak diruz laguntzeko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, horretarako, dekretu bat atera berri du. Udalsarea 21en dauden 42 herriek dute Agenda 21en landutako egitasmoentzat dirua eskatzeko aukera.

Hiru motatakoak dira aurkeztutako egitasmoak. Batetik, hondakinak biltzeko edukiontziak aldatzea eskatzen dute, zaborra errazago biltzeko, zarata gutxitzeko edo lur azpian jartzeko. Bestetik, mugikortasun-arazoak konpondu nahi dituzte, adibidez, herriguneak oinezkoentzat jarri eta bide batzuk bizikletentzat utzita. Eta, azkenik, eguzki-panelak jartzeko asmoa dute udalerri batzuek, kiroldegietan batez ere.

Hortaz, hasieran agian garapen jasangarria edota Agenda 21 kontzeptu lausoak iruditzen zitzaizkigun arren, orain, kontzeptuetatik ekintzetara pasatzean, badirudi aukera egokia dela aurrera egitek