Agerian jarri dute zer eragin duten isuri kulturalek espezieei ematen zaien arretan
2023/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zergatik egiten dira ahalegin zientifiko, politiko eta ekonomikoak espezie jakin batzuk ikertzeko eta haien etorkizuna bermatzeko, eta alboratzen dira beste batzuk? Galdera horri erantzun nahian, halako erabakietan eragiten duten arrazoiak aztertu dituzte, ELife aldizkarian argitaratutako ikerketa batean.
Ikerketa horretan, 3.007 espezie eukarioto hartu dituzte kontuan, ausaz hautatuak; tartean, animaliak, landareak eta onddoak. Eta begiratu dute zer erlazio dagoen interes sozialaren eta zientifikoaren artean, eta zenbaterainokoa den bakoitzari ematen zaion arreta zientifikoa.
Adibidez, espezie jakin baten interes zientifikoa neurtzeko, aldizkari espezializatuetan argitaratutako artikuluak zenbatu dituzte; eta interes soziala ikusteko, berriz, Wikipediako orriari egindako bisitak.
Hala, frogatu dute espezie baten interes zientifikoan eragin zuzena dutela alderdi sozial askok, hala nola espezie hori gizartean onuragarritzat edo kaltegarritzat jotzeak, izen arrunta izateak, UICN erakundearen espezie mehatxatuen zerrendan azaltzeak, bitxia izateak, neurriak… Aldiz, koloretsua izateak eta ebolutiboki gizakiongandik gertu egoteak interes sozial handia pizten dute, baina ez du eraginik interes zientifikoan.
Horrekin batera, zientifikoki ez dira behar adina hartzen kontuan beste aldagai batzuk; esaterako, ekosistemetan jokatzen duten rola eta desagertzeko arriskuan egotea. Horrenbestez, zein espezie ikertu eta babestu erabakitzeko irizpide zientifikoak ezartzea proposatu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia