Agur, estralurtar maiteak: hor zaudete?
2004/12/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Estralurtarrekin kontaktatzeko saiakera ezagunetako bat SETI egitasmoa da. Internet bidez elkarri lotutako ordenagailuen indarra erabiltzen du SETIk estralurtarren aztarnak bilatzeko. Lau milioi lagunek babesten dute egitasmoa, eta parte hartzeko nahikoa da ordenagailuan SETIren pantaila-babesa jartzea. Horri esker, ordenagailu horrek ere lagunduko du espaziotik datozen seinaleak aztertzen, Lurretik kanpoko adimenaren aztarnaren bat jasoko den itxaropenarekin.
Seinaleak Areciboko irrati-teleskopioan jasotzen dira, Puerto Ricon. Irrati-teleskopio hori munduko handiena da; 305 metroko diametroa du, eta, beraz, seinale oso ahulak ere atzemateko gai da. Han bildutako seinale horiek Kaliforniako Berkeley Unibertsitatera bidaltzen dira, eta handik, zatituta, parte hartzaileen artean banatzen dira.
Datuen analisia banatuko ez balitz, ezinezkoa izango litzateke egitasmoa aurrera eramatea, ez baitago hori egiteko gai den ordenagailurik. Horregatik da beharrezkoa jendearen parte-hartzea, eta, zalantzarik gabe, horrek berezi egiten du egitasmoa. Bide batez, agerian uzten du zenbaterainoko interesa duen jendeak estralurtarretan. Egin kontu: lau milioi gizon-emakumek laguntzen dute SETI egitasmoan, eta horiez gain egongo dira bilatzeko ahalegina egin ez baina estralurtarrak egon badaudela sinetsiko duenik. Beraz, argi dago askok eta askok uste dutela Lurretik kanpo ere bizidun adimendunak daudela.
Nolanahi ere, SETIk badu muga bat: irrati-seinaleak bakarrik aztertzen dituzte estralurtarren aztarnak bilatzeko. Eta estralurtarrek ez badituzte irrati-seinaleak bidaltzen, zer?
Zain egon ordez, ekin
Kanpotik seinaleak noiz iritsi zain gelditu gabe, SETIk berak eta baita beste erakunde batzuek ere mezuak bidali dituzte espaziora balizko estralurtarrek gure berri izan dezaten.
1972an NASAk Pioneer 1 eta Pioneer 2 ontziak bidali zituen espaziora, eta horien barruan plaka bana zegoen. Plaken azalean, emakumezko eta gizonezko baten irudiak jarri zituzten, giza espeziearen berri emateko asmoz. Bost urte geroago, Voyager ontziek urre-koloreko diskoak zeramatzaten, eta horietan ongietorriko hitzak 60 hizkuntzatan; horiez gain, hainbat garai eta kulturatako musika, eta naturak eta gizakiak sortutako zenbait soinu ere sartu zituzten. Gainera, aurreratutako zibilizazio batek ulertzeko moduko informazio elektronikoa ere bazeukaten diskoek.
Sistema horrek, ordea, arazo berarekin egiten du topo. Gai izango ote dira estralurtarrak diskoan dagoena interpretatzeko? Ulergaitza izateko arriskua dagoela jakinda ere, errusiarrek ere bidali nahi izan dituzte euren mezuak, eta azkenekoz 2001ean egin zuten bidalketa. Hori bai, behintzat originalagoak izan dira eta gaztetxo errusiarrek egindako mezuak bidali zituzten. Batek daki, agian horiek ulerterrazagoak dira estralurtarrentzat!
Hizkuntza kosmikoa
Joan den mendeko 60ko hamarkadan, Hans Freudenthal matematikaria hizkuntza kosmikoa asmatzen saiatu zen. Hizkuntza horren oinarrian matematika zegoen, matematika unibertso osoan ulertuko zutela uste baitzuen Freudenthal-ek.
Ideia horretatik abiatuta, Kanadako bi zientzialarik oinarri matematikoa duten bi mezu bidali dituzte irrati bidez Evpatoriya base errusiarretik. Ulergarriak izan daitezen, mezuek berek erakusten dute nola irakurri behar diren. Horretarako, mezuen hasieran ikur eta nozio errazak jarri dituzte, eta batzuk eta besteak nola erlazionatu behar diren azaldu dute. Horri esker, mezuaren hartzaileak eragiketa matematikoen oinarria jasotzen du. Ondoren, oinarri horren gainean, gero eta informazio konplexuagoa azaldu dute; adibidez, DNAren berri eman dute bi zientzialariek.
Hala ere, ezin jakin hori nahikoa izango den estralurtarrek informazioa zuzen deskodetzeko. Beharbada, mezu bera ahal den modu guztietan bidaltzea da onena, bestela zaila baita asmatzea. Esaterako, nork daki begiak dituzten ala ez gizakien idatziak irakurtzeko? Edo belarriak musika eta naturaren soinuak entzuteko?
Ulergarritasunaren auzia alde batera utzita ere, badago beste arazo bat: irismena. Noraino heltzen dira Lurretik bidalitako mezuak? Zein tokitara iritsiko dira espaziora bidalitako ontziak deuseztatu baino lehen? Alderdi horretatik, irrati-uhinak seguruagoak dira, baina distantziarekin indarra galtzen doaz, eta bidean hamaika gorabehera izan ditzakete.
Beste eragozpen bat denbora da. Orain bidalitako mezuek milaka urte behar dituzte distantzia kosmikoak egiteko, eta estralurtarrek jaso eta Lurrean haien erantzuna jasotzerako beste milaka batzuk pasatuko dira. Hortaz, orain estralurtarrekin kontaktatzearekin amets egiten duenak hobe du pentsatzea bere herenilobetako baten ondorengoak agian jasoko duela haien berri; berak, behintzat, ez du horretarako aukerarik izango.
Oztopoak oztopo, estralurtarren bilatzaileek ez dute atzera egiten, eta, ahal duten neurrian, mezu ulergarriak, seguruak eta irismen handikoak bidaltzen jarraituko dute. Zorte on!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia