Agur mendeari!
2000/12/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
...eta hamar. Mendeko zientzia-gertaera aipagarrienak hamar artikulutan islatu dira orrialde hauetan, hamarkada bakoitzari artikulu bat eskainita; hau da, hiru/lau argazki, bi orrialde, 5 mila karaktere inguru, eta izenburu ahalik eta erakargarriena. Bidaia laburra -urte betean mende osoa islatu behar izan baita- bezain interesgarria izan da, iraganari patxada antzean begiratzeak gustua eman baitu. Bestela ezin izan zitekeelako, mendeko azken Elhuyar Zientzia eta Teknika alean, mendeko azken hamarkada gogoan.
Internet, hamarkada honetako ezaugarri nagusietako bat. Sareen sareak mundua txiki bihurtu du, behar beste informazio eskura jarri du, edozein zerbitzuz -urrunekoena bada ere- baliatzeko aukera ematen du... guztia dago lotuta. Baina aurrerapenarekin nahas behar ez den gauza ugari ere ekarri ditu Internet-ek: informazio-zaborra, pornografia-sareen ugaritzea, intimitatea galtzea... hori guztia demokratizazioaren izenean.
1991n agertu zen Internet, World Wide Web delakoarentzat softwarea sortu eta gero, nahiz eta ez zen garatzen hasi 1993. urtera arte. Izan ere, urte horretan Mosaic agertu zen, lehen nabigatzaile grafikoa. Hurrengo urterako, 1994erako, Netscape Navigator dagoeneko kalean zegoen. Hortik aurrera sarea hazi eta hazi egin da, gaur egun dena bihurtu arte.
Internet ez litzateke posible izango ordenagailurik ez balego. Ordenagailua ez da 90eko hamarkadan sortutako tresna, baina ordenagailuetako mikroprozesatzaileen abiada gero eta handiagoa hamarkada horretako ezaugarrietako bat da, eta hori gabe ere sarea ez litzateke posible izango. Ordenagailuen arloan, 90eko hamarkadan, dudarik gabe, Pentium mikroprozesatzailea agertzea aurrerapenaren ikurtzat hartu behar da. 1990. urtean sortu zen lehena. Belaunaldiz belaunaldi Pentium prozesatzaileen belaunaldiei atea ireki zien eta ordenagailu gehienen oinarri bihurtu da.
Mundua biltzen -eta aldi berean bereizten- duen Internet sarea espaziotik ikusterik ez dagoen arren, Lurra hobeto behatzeko eta espazioa hobeto ikertzeko, espazioaren konkistan urrats ikusgarriak egin dira mendeko azken hamarkadan. Hala ere, gertaerarik aipagarrienetakoa -espazioan lan egiteko era aldatuko zuelako- Lurrean bertan gertatu zen. 1992an Errusiak eta Estatu Batuek espazioaren esplorazioan elkarrekin lan egiteko akordioa sinatu zuten, horrela sasoi bateko lehia-giroa behin betirako lurperatu zuten.
Sinatze-ekitaldi horren aurretik eta baita ondoren ere, espazioaren esplorazioak eman zuen zer esanik: Hubble satelite-teleskopioaren espaziora bidaltzea. Lurreko interferentzia atmosferikorik gabe irudiak lor zitzakeen (1990). Discovery transbordadoreak lehen GPS tresna probatu zuen (1993). Mars Observer zunda galdu egin zen Martetik oso gertu (1993). Estatu Batuetako Atlantis espazio-ontziak eta Mir espazioko estazioak bat egin zuten (1995). NASAk bizitza-arrastoak aurkitu zituen Marteko meteorito batean (1996).
Marteko abenturak mundua planeta gorriari begira jarri zuen, batez ere Sojourner ibilgailuak Marteko lurzoruan egin zituen azterketen ondorioz (1997). Endeavour transbordadorean joandako zazpi astronautek Hubble konpondu zuten (1998). Nazioarteko Espazioko Estazioaren lehen atala espazioratu zen. Munduko hainbat herrialdek hartzen dute parte proiektu-erronka honetan, eta, teorian behintzat, 2004 urterako bukatua egon behar du (1998). Mars Climate Orbiter eta Mars Polar Lander zundak galdu egin ziren NASAko teknikarien akatsen ondorioz (1999).
Hamarkada honetan gizakia zientziaren eraginez aztoratu ere egin da behin baino gehiagotan, batik bat egin diren ikerketa genetikoen eraginez. Arlo horretan, beharbada hamarkadako animaliarik ospetsuena aipatzea nahitaezkoa da: Dolly. 1996. urtean jaio zen, klonatutako lehen ardia. Kartara egindako izakien inguruko ikerketa hor zegoela eta genetikari mugarik ez zitzaiola ezagutzen argitu zuen Dollyk. Ardiaren jaiotzaren ondoren sortu zen eztabaida etikoak oraindik ez du etenik. Gerora, klonazioaren bidean askoz ere gehiago egin da aurrera.
Klonazioaz gain, genetika-ikerketen artean, Giza Genoma proiektua nabarmen ageri da, gizakiaren mapa genetikoa osatzea helburu duen proiektua. Proiektua 1993. urtean jarri zen abian, eta aurten proiektuko arduradunek eta Celera Genomics enpresako ordezkariek bukatu dutela iragarri dute. Genetikoki eraldatutako jatorrizko deiturak ere, garrantzia handia hartu du 90eko hamarkadan.
Aipatutakoak agian 90eko hamarkadako gertaerarik garrantzitsuenak izan dira, baina ez bakarrak. Hona hemen beste batzuk: Sukaldeetarako indukziozko plakak asmatu ziren (1990). Alpeetan Otzi aurkitu zuten, 5.000 urteko hilotz izoztua (1991). Mancha-ko tunela inauguratu zen, eta Ingalaterra eta Frantzia lotuta geratu ziren. 50 kilometro inguruko luzera du eta batezbeste 48 metroko sakoneran dago. Alde batetik bestera joateko trenez ordu-erdi pasatxo behar da (1994). Disko trinko grabagarriak asmatu ziren (1996). Behi eroen gaitzak Ingalaterra astindu zuen, eta animalien bidez transmititutako gaixotasunei buruzko eztabaida ireki zuen; sakonean, animalien elikadurari buruzko eztabaida zegoen (1996). Viagra merkaturatu zen, gizonezkoen inpotentziari aurre egiteko botika. Arrakasta izan zuen hasieratik (1998). Hilotz batetik lortutako esku baten lehen transplantea egin zen, baina duela gutxi transplantatuak berak eskua berriro anputatzea eskatu du, jasangaitza egiten baitzaio egunero eskua ikusi behar izatea (1999). In vitro ernalketaren ondorioz jaiotako pertsona bat, lehenengoz ama izan zen. Ama, Natalie Brown, Louise Brown-en ahizpa da, in vitro ernaldu eta gero jaio zen lehen haurraren ahizpa alegia (1999). Munduko populazioa 6.000 milioi pertsonatik gorakoa da (1999).
Eta zientziari dagokionez -gustuak gustu- gutxi gorabehera orrialde hauetan kontatu den bezala joan da XX. mendea. Hurrengokoak ere emango du zer esanik, eta zientzia aurreratzen ari dena ikusi eta gero, ezin esan ezagutuko ez duzunik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia