}

Aho polita, euskarri gardena

2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ahoko aparatuak erabiltzea jada ez da haur edo gaztetxoen kontua. Izan ere, gaur egun ez da nahikoa ahoa osasuntsu izatea, polita ere izan behar da. Horregatik, ahoko aparatuen itxura lehentasunezko kontu bilakatu da. Hortzei eransten zaizkien euskarriak ahalik eta gutxien ikustea da egungo helburua.

Orain arte, aparatuetako euskarririk gehienak altzairu herdoilgaitzez egiten ziren; baina badira plastiko gardenez egindako euskarriak ere. Euskarri horiek, ordea, arazoak izaten dituzte: erraz puskatzen dira, zahartze txarra dute eta hidrolisiarekiko erresistentzia gutxi.

Horregatik, Tekniker zentro teknologikoa eta EuroOrtodoncia S.L. enpresa ahoko euskarri garden berriak garatzen ari dira. Euskarrien ezaugarriak, batez ere, bi faktoretan oinarritzen dira: material gisa prestazio mekaniko altuak dituen polimero bat erabiltzen dute eta, ekoizpenerako, mikroinjekzioa.

Hala, plastikoaren abantaila estetikoak eta metalikoen pareko erresistentzia lortzen dira. Laster, beraz, estetikaren beharretara egokituko diren euskarri gardenak izango dira merkatuan.